Patching Place

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2006-11-16 17:21
3

Atzoko ildoa guztiz utzi barik, euskaldunek Ameriketan utzitako arrasto xelebre batez jardungo dut gaur. Xelebrea eta, ez dakit, ez oso sinesgarria, zelanbait esateko. Hasteko, lekuaren izenak berak Euskaltelen iragarki batetik irtendakoa ematen du: zelan deituko euskaldunak bizi izandako New Yorkeko txoko ezkutu hori-eta... Patching Place!

Patching Place-ren misterioa

Flatiron, Strogoff eta Pollock nigaz egon ziren azken asteburuan, osteratxo bat egin zuten zapatu goizean Village-tik, eta eguerdi aldera eurekin elkartu nintzenean, gauza benetan harrigarri baten berri eman zidaten. Antza denez, 10. kalean etxe multzo xarmangarri bat dago, Patching Place izenekoa, New Yorkeko gida baten arabera, "XIX. mendearen erdialdera beren-beregi eraiki zena Bewoort hotelean behar egiten zuten euskal kamareroentzat"; kalea zuhaitz ederren iladez jantzia dago -gidak dioskunez- "aire txarra" uxatzen omen duen espezie bateko arbolez, hain zuzen. Gerora, idazleen bizitokia izan ei zen, e. e. cummings eta beste hainbat autore horko auzoko ilustre izan zirela.

Strogoffek adierazi zuen lehendabizi jarrera eszeptikoa euskal kamareroen kontua dala eta (Strogoff oso eszeptikoa ageri izaten da beti kontu erromantikoak tarteak direnean): "Zer da kamareroen gauza xelebre hori? Hemeretzigarren mendean Ameriketara etorri bai, etorten ziren, baina artzain edo antzeko zerbait. Baina zer-eta kamarero etorri?!!!! Eta eurentzako etxe polit hau egin?" Muturra okertu zuen Strogoffek berak bakarrik dakien moduan.

Niri, berriz, nabarmen (eta iraingarri) egin zitzaidan arbolen xehetasuna: zein asmo gaiztori zor zitzaion euskaldunen aipamenaren ondoan usain txarra uxatzen duten arbolak ipini zituztela azaltzea?

Nire lagunek esku artean zeukaten gida ingelesez zegoen, eta gida beraren erderazko bertsioarekin erkatzea proposatu zuten, errakuntza tipografikoren bat izango ote zen edo. (Ez dakit, egia esan, zein motatako errakuntza izan zitekeen; are harriagoa izango zen jartzea lekua eraiki zutela "for the basking waiters". Horrek erakutsiko zuen garai hartan kamareroen sindikatuek benetan indar handia zutela New Yorken, egun osoa eguzkitan bartoling pasatu eta gainera etxe dotoreak egiten zizkietela...).

Aukera izan bezain laster, biak alderatu eta, bai, bietan "euskal" kamareroen kontua azaltzen zen (bai eta arbola lurrintsuena ere, bidenabar esanda). Beste gida batzuetan begiratuta, berriz, kamareroak aipatzen ziren, baina ez euren jatorria.

Argituko ote genuen Patching Place-ren misterioa?
Aurrera baino lehen adierazi behar dut nik neuk ez dudala gehiago ikertu kontu hau, eta, beraz, ez daukadala erantzunik. Dena dela, blogaren aukera baliatu gura nuen irakurleren batek Patching Place-n bizi izandako aitite edo amuma kamareroren bat eduki baldin badu, mesedez daukan informazioa eman diezagun. Pollock, Strogoff, Flatiron eta laurok eskertuko diogu, eta, seguru nago, baita Ms Aperry ere (barka bezate irakurleek, zeren atzo, errespetu guztiak galduta, bataio  izenaz aipatu bainuen lagun hori, deitura erabili beharrean: beraz, Ms Beltzaran esan nuen lekuan, Ms. Aperry esan behar nuen. Kapela eranzten dut zure aurrean barkeskean, Ms Aperry).

Ikerketa abiarazteko, atzo Mr. Flatironek jentilki bidali zidan informazio osagarri bat ipiniko dut hemen:

<<* Patchin Place: Dirudienez, kamarero euskaldunena mito bat omen da, gida batzutan aipatzen dena, baina kasu bakar bat dago hori egiatatzen duena. Begiratu informazioa orri honetan (bilatu bertan "Patchin", azalpen asko baitaude hor):

http://tinyurl.com/y5rppl

Misterioak, hala ere, bere itzal luzearen belztasunean blaitzen gaitu oraindik, lagunok. Itaunak pilatu egiten dira:

-kamarero euskaldunik bizi izan ote zen benetan inoiz Patching Place-n (kamareroen Erasmus programaren bat izan ote zen hemeretzigarren mendean eta guk jakin barik)?

-zergatik deitzen da lekua Patching Place? (Adabakien lekua?!!! Hain pobreak ziren hotel horretako kamarero euskaldunak ipinkiz betetako arropa zantarrakaz ibiltzen zirela??)

-halako hatsa al zerien kamarero gixajoei non arbola lurrintsuak landatu behar izan zituzten euren kalean??

Gure kamareroen izen ona garbitzeko balio lezaketen informazio guztiak oso ongi etorriak izango dira.

Bitartean... Let's go Basque in the sun!!

Ms. Aperry

Ms. Aperry 2006-11-17 14:16 #1

Txoritxu batek esan deusta (eta ez hegabehereak....) hortik ahoz aho dabilela zure estiloaren ganeko komentarioren bat, egun batetik bestera estiloa nabarmen aldatu dozula edo antzeko zeozer, baina ez egin jaramonik, inbidia baino ez da. Ganera, idazle handiek badute askatasuna gura daben estiloa erabilteko, gura dabenean eta gura daben moduan erabilteko, eta zuri ez deutsu inork ukatuko askatasun hori, faltaria mas!!!! Euki daigun errespetu apur bat, eta gustoko ez daunak ez daila irakurri eta kito!!!!!

Ni zure irakurle fidela izango naz beti, edozein dala be zure estiloa, edozein dala gaia.... Eutsi goiari, eta jarraitu aurrera zure konputadoran tak, tak, ipuin politak idazten!!!

He dicho.

Strogoff

Strogoff 2006-11-17 15:11 #2

Zuk ondotxo dakizun moduan Ms. Aperryk eta nik "desenkontruak" izaten dittugu sarri, baina oraingo honetan bat nator berak esandakoarekin. Oso ondo azaldu dau kontua. Inork ezin dotsu kendu zuk nahi dozun estiloan idazteko askatasuna eta eskubidea!!!

Nire fideltasuna be badaukazu, beti.

Noizko hurrengo atala? Ez atzeratu gehixegi, fale?

lost hawk

lost hawk 2006-11-17 22:58 #3

Iparragirreren kasua hartuta, esango nuke artzaintzaren kontua lehenago hego-ameriketara joan zela; ipar-ameriketakoa xx mendeko hasierakoa dela esango nuke (eta oso lehia gogorrean). Uste dut Altube izeneko bat ibiltzen zela tabernetatik for the season gizonak biltzen.

Kamareroen kontua posiblea da kontuan hartzen badugu biarritz eta donostiaren boomak (orientalismoaren barruan). Alland txikiagaz behin Herri Urratsen negoela bazebilen handik Baztaneko historiagile bat liburu bat saltzen "sasoia egiten" joaten ziren emakumezkoen txatala zen niri gehien interesatu zitzaidana (laburrena, tamalez, erreferentzia upon request). Baztandar emakumezkoak "sasoia egiten" biarritz aldera joan ohi ziren (nik behin behe-nafar bat ezagutu nuen antzera, Baionako autobus urbano batean.

Harrigarriena beste hauxe da, Ellis Islandsetan ez badago itzultzaile euskaldunena aipatuta, zelan demontre egin ziezaizkieketen Loruri antzeko etxeak?

Utzi iruzkina: