Parentesia: Sean Bell eta Timur Person

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2006-12-20 04:46
1

Polikronikoez eta monokronikoez hasi nintzen idazten aurrekoan. Ederrak zaizkit ikasketa kulturalak, maitagarriak zaizkit etnozentrismoa kolokan jartzen duten pentsalari ausartak. Eta jolastea eta barre egitea gustatzen zait...

Hala ere, batzuetan teklatua blandiblu jasanezina bihurtzen da gustatzen zaizkigun gauzez idazteko, kanpoan halako hotz krudela egiten duenean, txakur amorratuen zaunkak atearen bestaldean entzuten dituzunean, nahiz eta norbera pribilejiatuen taldekoa izan, eta txakur horien haginak suerte gutxiago duten beste batzuentzako zorrozten ari direla jakin.

Azaroaren amaieran poliziak 50 bala sartu zizkion gorputzean Sean Bell izeneko 23 urteko mutil bati, bere ume bien amarekin ezkonduko zen egunaren bezperan. Bob Marleyren oroitzapen xamurrak dakarzkigun Jamaica auzokoa zen, Queens barrutikoa. Sean eta bere lagunak auto batean zeuden, diskoteka batetik irten berritan (prentsa asko arduratu da zehazteaz streap club bat zela; agian Sean eta haren lagunak ez ziren hain jende dezentea izango, azken batez?), eta ez zeukaten armarik. New Yorkeko polizia "ikertzen" ari da auzia. Bai, asko ikertu beharko dute azaldu ahal izateko nola akaba daitekeen horrela pertsona bat, pizti bat balitz bezala, nola isuri daitekeen hainbesterainoko amorrua, jendez betetako automobil baten kontra halako bala zaparrada botatzeko (Seanen gorputzean 50 sartu ziren, baina bere bi lagunek ere euren razioa eduki zuten...).
Sean eta bere lagunak beltzak ziren. Poliziak, berriz, zuriak.

Nire lagun Pollock hemen egon zenean egun baten komentatu zidan oso grafitti gutxi ikusten zirela New Yorken. "Hip hop kultura hain aberatsa daukan hiri batean, non daude grafitti artistak?" galdetzen zuen Pollockek.

Arrazoia eman behar nion. Orain dela hamar urte hemendik pasatu nintzenean askoz gehiago ikusten ziren, metro bagoi osoak miragarriro margoztuta (jakinda, gainera, grafitia klandestinoa dela izatez, eta lan horiek mila modu irudimentsutan burutu behar zirela ezkutuan). Gogoan ere badaukat Los Angelesen orain dela sei bat urte Lost Hawckekin ikusitako hip hopari buruzko erakusketa zoragarria, non break dancea, djak eta grafittia aztertzen ziren... Erakusketa hura errebelazioa izan zen niretzat: hain zen bizia,  hain zen dinamikoa, hain zen ausarta, kritikoa eta alaia hip hopa (hedabide ofizialak hip hoparen parte txiki bat bakarrik haizetaratu duen arren: matxista eta biolentoa).

Asko gustatzen zait New York, eta nire lagun Jackson Pollockek hura esan zidanean, ba, ahal bezala defenditzeko premia umetarra sentitu nuen... "Egia da", esan nion, "baina hori da polizia oso gogor jarri delako grafitiaren kontra. Metroan iragarkiak daude, letra handiz adierazten dutenak "grafiti-bandalismoa" (hitz horiekin dago jarrita) delitua dela ,eta gainera diru ordainak eskaintzen dituzte grafitigileak salatzen dituztenentzat". (Zoragarria da, ezta? aurrekontua heltzen ez bazaizu zortzi milioi polizia kontratatzeko, jo ezazu azpikontrataziora: diru premia gorria daukan jende asko dago New Yorken...). "Dena dela" gaineratu nion, neure hiria defenditu guran, "Williamsburg edo Bronxera bazoaz, grafiti ederrak aurkituko dituzu".

Joan den astean Bronxen poliziak lau mutil harrapatu zituen delito bat egiten. Euren atzetik hasi, eta mutilak sakabanatu egin ziren. Horietako bat etxe bateko behebarruan sartu zen. Polizia bat atzetik joan zitzaion, mutilak aurre egin zion eta indarka hasi ziren aurrez aurre. Gorputza gorputzaren kontra, poliziak halako batean mutilaren gerrian zerbait igarri zuen. Mutilak, Timur Personek, pistola bat ei zeukan gerrian sartuta. Polizia orduan "arma, arma!!!" hasi zitzaien oihuka bere kideei. Segituan lau balak jo zuten Timur Person, berak gerrian omen zeukan pistola ukitzekorik ere egin baino lehen. Hiru bala bularrean, beste bat aurpegian.
Timur Personek 19 urte zeuzkan. Bere lagunak bezala, beltza zen. Bere lagunak bezala, delitu bat egiten zebilen.
Grafitti bat pintatzen zegoen.
Poliziak zuriak ziren.

Denbora txarrak grafittirako New Yorken. Eta beltza izateko ere bai.

Sean Bellen hilketaren kontrako protesten argazkiak: http://www.stratecomm.net/~fritz/gallery/seanbell

Timur Personen hilketaren xehetasun gehiago:
http://revcom.us/a/074/seanbell-en.html

Abenduaren 20an deialdia dago Wall Streeten kontzentrazioa egiteko. Deialdia egin dutenek esan dute portaera basati horiek babesten dituen boterearen bihotzera jo behar dela. Eta boterearen bihotza, denok dakigunez, dirua da. Eta New Yorken dirua Wall Streeten dago.

Timur Person eta Sean Bell ezin daitezke joan Basque in the sun. Haiek gogoan idatzi dut gaurkoa.

e-gor

e-gor 2007-01-01 20:18 #1

Aupa Ana!

Aurreko hilaren 14an, Elhuyarren Zientzia eta Teknologiaren corpusa aurkeztu genuenean, Koldorekin izan nintzen eta berak eman zidan orduan zure blogaren berri. Baina geroztik oporretan izan naiz eta
badakizu, oporretan aisialdiko hainbeste gauza izaten dugu egiteko... Ordenagailua, bloga eta abarrak abandonatuta ditut aspaldian. Gaur sartu naiz lehen aldiz irakurtzera, eta dagoen guztia ikusita, ez dut den-dena irakurri, artikulu batzuk gainbegiratu soilik egin ditut soilik... Baina jakin ezazu harpidetu naizela eta aurrerantzean idazten duzunaren irakurle txintxo bat duzula nigan.

A, eta oso ona blogaren izenarena. Aurrekoan Flatiron, Strogoff eta Pollock-ekin bazkaltzen egon nintzen, baina ez zidaten izenaren jatorria azaldu... Hemendik aurrera saiatuko naiz ni ere gehiagotan in the sun basqueatzen!

Utzi iruzkina: