Metafora bisualak
Nire etxetik oso gertu gartzela bat dago hemen, Brooklynen. Tira, ez dakit gartzela-gartzela den, "atxiloketa gunea" gortina izena daramalako, eta ezin jakin atxiloketa horiek luzeak ala laburrak diren, atxiloketa laburrik egon baldin badaiteke.
Egunero pasatzen naiz aurretik metroa hartzeko. Ez da batere edifizio beldurgarria, ez dauka inguruan zaindarientzako torretarik ez alanbradarik; jakin ezean zer den, etxe itsusi xamarra dela besterik ez nuen pentsatuko, hormigoi gehiegi eta leiho txikiegiak dituena. Bertarantz begiratu eta beti pentsatzen dut ea hor dauden pertsonek ikusiko ote nauten, eta, horko leihotxoetatik begiratzerik baldin badute, ea zer pentsatuko duten. Beti imajinatzen dut izugarrizko inbidia emango diela ni bezalako jendea kaletik pasatzen ikusteak: hor goaz gu, hotzez akabatuta eta goraino jantzita, presaka eta agian ez oso aurpegi alaiez, baina nonora goaz behintzat, eta, batez ere, libre... tira, gutxi gorabehera libre, osasuna baldin badago bedaio, arraio, aupa gaztiak etabar... poetak ezin hobeto idatzi zuen bezala.
Orain arte pentsamendu horiek buruan erabiltzean beti hartzen nituen gogoan pertsonak , hau da, gu geu, atxiloketa gune horren aurretik pasatzen garenok. Baina lehengo egunean bat-batean bururatu zitzaidan paisaiari erreparatzea, hau da, aztertzea zein ote zen horko presoek kondena bezalaxe euren patuari lotuta daukaten munduaren zatia, leiho txiker horietatik ikusten duten fotograma. Eta orduan errealitateak betiere artea gainditzen duela ikusi nuen berriz ere.
Atxiloketa gunearen aurrez aurre mende hasierako etxetxoen ilada polit bat dago. Hiruzpalau pisuko etxeak dira, eta denek negozioren bat daukate beheko pisuan. Hona hemen, behetik gora, zeintzuk diren establezimenduok: abokatuen bulego bat, fidantzetarako bermeen bulego bat, taberna bat ("The Brazen Head"), abokatuen beste bulego bat, fidantzetarako bermeen beste bulego bat ("The Bad Apple"), eta, azkenean, bizikleta denda bat.
Burura datorkit berehala atxilotuen senide eta lagunen erromesaldia etxe iladatxo horretan zehar: lehenago abokatuen bulegora, egoera zein den aztertzeko eta ahal dena egiteko; tira, bulego bakarrera ez dira sartuko, bestera ere joango dira, tarifak behintzat erkatzeko. Agian bilera larri horien ostean garagardo bat hartuko dute The Brazen Head-en, gauza guztiak mahai gainean jarri eta erabakiren bat hartzeko. Edo, berri onen bat eman badiete, eta fidantzapean ateratzeko aukera baldin badago, berme bila joango dira beharbada horretarako dauden bi bulegoetako batera. Ni neu, egia esan, The Bad Apple-era ez nintzateke joango, iraingarria iruditzen zait-eta izena bera (dirurik ez, sagar usteltzat markatzen nauen banpiroarentzat!), nahiz eta errotuluko marrazkitxoa -har bat sagar batetik irtetzen- sinpatikoa egiten zaidan. Eta bisita horren ostean, senide eta lagun larrituak agian berriz ere joango dira The Brazen Head-era, animoak hartzera eta hurrengo tragoa barruan dagoen lagun edo senidearekin hartzeko esperantzaren alde topo egitera; edo, beharbada, begiak bustita besterik gabe tragu bat hartzera, ze, gauzek apika ez daukate batere itxura onik eta zer egingo ote dogu ene jainkoa...
Baina barruan daudenen begiek norantza egingo duten pentsatzean, irudi bakarra datorkit gogora, ezin diot eutsi imajinatzeari azkeneko dendara joango direla zuzenean (edo, gehienez ere minutu bateko bisita eginda The Brazen Head-era birra hotz bat hartzeko): iruditzen zait Bycicles dioen denda horretara joango direla, eta atean dagoen bizikletarik ederrena, azkarrena, distiratsuena aukeraturik, Atlantic Avenue handian aurrera abiatuko direla arin batean, atzera begiratu barik harik eta ortzemugan, urrun-urrun, puntutxo bat izan arte.
Iruzkinak
nere 2007-01-22 21:38 #1
Niri lehiotxo bat ireki didazu New Yorkeraino, gustura zeharkatuko nuke berriz ere Blooklyneko zubia, atzera begiratu gabe!
Lost Hawk 2007-01-22 22:29 #2
Ez zaude gartzelan,
ez zaude atxilo,
ez hartu bizikletarik, mesedez...
edo bai,
baina hauspoa betetzeko, begiak eguzkipean
ixten dituzula,
eta beste kantu batzuk entzun nahi dituzulako
... eta bideaz gozatzeko
beste establezimenduak ere ez dira xamurrak...
metaforak beti ezkutatzen dute alderdiren bat
halan dinosku Lakoffek
nahiz eta batzuetan ezin dugun metafora bera baino ikusi
arkitekturagatik

Lost Hawk 2007-02-06 20:47 #3
Ezingo zenituzke hemen eskegi premanifestazioko argazki bazuk? TVE1 esan zuen biztanleria amerikarrari nahikoa arrotz zitzaiola iraq eta gerra, zerbitzu militarra ez delako popertzazkoa; nonbait hasi dira PPk bezala beste gerraren batean sartzeko zuritzen.
Utzi iruzkina: