Mater sacrificanda [prest!23, 2003ko otsaila]

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2007-10-16 06:46
1

Mendebalde honetan kultura judu-kristauan haziak garela gauza jakina da, baina beti harritzen nau judu-kristautasun horrek noraino blaitzen dituen gure eguneroko bizitza ustez laikoaren azken zirrikituak ere. Bizi-bizirik daukagun kontzepzio kristauetako bat sakrifizioarena da, edo bestela esanda, pertsona nobletzen omen duen sufrimenduaren ideia. Horren indarra argi baino argiago erakusten duen testuinguruetako bat amatasunarena da. Orain dela gutxi ETB1-eko programa ezagun batean elkarrizketa egin zieten hainbat emakume haurduni, esperientzia paregabe horren inguruko xehetasunak azal zitzaten. Galderetako bat erditze uneari buruzkoa zen: “Eta minaren aurrean, zer? Anestesia epiduralik hartzeko prest?” Erantzunak, eta erantzun moduak, oso adierazgarriak izan ziren: anestesiarik erabiliko ez zutela aldarrikatzen zuten emakumeak irribarrez eta harro mintzo ziren, aukera zail baina zuzena egitea lortu duen pertsonaren satisfakzioaz. Berriz, epiduralaren aukera aintzat hartzen zuten emakumeak (batek ere ez zuen eman baiezko biribilik) lotsati antzean ageri ziren, “zergatik ez” tankerako espresioak tartekatuz eta begirada kamera errukibakoaren paretik aldenduz. “Batek daki, igual orain ezetz esan arren, gero ezin izango dut mina gehiago jasan eta eskatu egingo dut azkenean”, zioen batek, halako ahulezia justifikatu nahian. Ilusio optiko bat izango zen, baina halako batean, elkarrizketatuen gainean jainkoaren begia gordetzen duen hirukia ikusi nuen, eta honako esaldi hau suzko letretan idatzita: “Emaztekiari ere erran zioen: Usutuko ditut zure gaitzak eta zure izorrak: oinhazetan erdiko zare”.

Gurean agindu biblikoari itzuri egin nahi dionak bekatariaren marka darama, beraz. Egia da, bai, asko eta asko direla –garela– tentazioari amore ematen diotenak, baina horixe da, tentazioa edo jausialdia, eta amatasunaren ideal puruak, printzipioz, bere horretan dirau: “Ez zara zu gai izango besteek pasatu dutena pasatzeko ala?” da amatxogaien gimnasia-saioetan sarrien entzuten den esaldietako bat. Gutxiago izango zara, hortaz: belaunaldi degeneratu honek eman duen ama-espezie galduxe horretako beste kide bat.

Bitxia da oso, baina tamaina bateko sufrimendu fisikoa ekar dezaten gainerako ebakuntzetan anestesia ez da behin ere arazo morala izaten. Duela gutxi nire ezagun bati meniskoko ebakuntza egin diote, anestesia epiduralarekin hain zuzen, eta inori ez zaio bururatu ere egin ahuldade horretaz galdetzea, ez eta anestesia justifikatzeko argudiorik eskatzea ere. Jakina, ahaztu zait esatea nire lagun hori gizona dela, eta aipuak honela jarraitzen zuela: “oinhazetan erdituko zare, eta izanen zare gizonaren eskupeko, eta gizona izanen da zure nausi”.

Lady Marion

Lady Marion 2007-12-07 22:22 #1

Zelako arrazoia duzu Basque Woman!
Badakizu, gauza naturalak dira eta pasatu egin behar omen dira.
Horri gehitzen zaio medikamentuak txarrak direlakoa. Ados gaude. Inor ez da medikamentuen zalekeriaren aldekoa eta nahi duenak ez ditzala hartu, baina nik hileroko mina dudanean bi aukera ditut: minari eutsi eta ohean botata geratu (eserita eta etzan ezinik) edo parazetamola hartu eta egun "normal" xamarra izan. Baita burukomin edo migrañekin ere.
Minarekin konortea galtzera iritsi den honek ahula izan nahiago du eta pilula hartu.
Jakina, ez duenak nahi ez dezala analgesiko edo anestesikorik hartu. Libre izan dadila, baina inori mezpretxurik ez zaio egin behar, aukera kontua da.

Ez dakit arazoa biblikoa den (Gaur egun, oraindik, harritu egiten naiz hainbat puritano daudela ikustean -ateoak, hori bai, ez pentsa-, ni neu, kristaua naizela aitortuta!) edo besterik gabe harrokeria den (hori ere biblikoa?) edo emakumeok buruan sartuta dugula superwoman izan behar dugula benetako emakumeak izateko...
Auskalo, baina "mila urte igarota, ura bere bidean" eta ordua dugu ur hori bidetik aldatzeko gauza batzuetan behingoz! Eta geuregandik hasten da hori!


Utzi iruzkina: