Labor Day Brooklynen
Astelehenean Labor Day izan zen hemen. Izan ere, amerikarrek ez dute maiatzaren bata ospatzen, hori europarren kontzeptua da, antza. Kontua da Labor or Day hori nahiko bitxia dela. Ez da lanaren edo enpleguaren inguruko adierazpenik edo aldarrikapenik egiten. Gainera, dendarik gehienak zabalik daude, jendea etxean dagoela aprobetxatzen dute eta beherapenak edo eskaintzak izaten dituzte. Beste alde batetik, egun horrek udaren amaiera markatzen du nolabait, eta hurrengo egunean ume asko itzultzen da eskolara.
Basque Woman eta biok egunkariren batean ikusi genuen egun horretan West Indian Day Parade izango zela Brooklynen eta joatea erabaki genuen. Gainera, bezperan "J'ouvert" izeneko gauza bat zegoela irakurri genuen. Interneten apur bat arakatuta, ikasi genuen berba hori frantseseko jour ouvert edo egun irekia esamoldetik datorrela eta Karibeko irla askotan egiten den ospakizuna dela. Hemen, batez ere gazte jendeak hartzen du parte horretan.
Horrela, bada, Basque Woman eta biok metrora joan ginen astelehenean eta orduan jakin genuen zer den sardinak izatea, hain beteta zetorren metroa! Jende asko bildu zen, benetan, eta segurtasunagatik metroko geltoki bat zarratu zuten. Beraz, aurreko geltokian jaitsi ginen eta kalean behera hasi ginen oinez. Mota guztietako jendea zegoen, baina batez ere azal beltz edo ilunekoak. Denetarik zegoen salgai: banderatxoak (mendebaldeko indietako eta Karibeko herrialdeetakoak, Trinidad, Antigua eta Barbuda, Barbados, Jamaika, Grenada...), jatekoa, edatekoa, eskuz egindako gauzak, Bushen kontrako kamisetak, Bob Marleyren diskoak... Horrez gain, polizia ugari zegoen.
Heldu ginenean ez zegoen desfilerik eta gizon atsegin batek azaldu zigun karroza batzuk pasatu zirela eta oraindik gehiago pasatuko zirela. Hortaz, lasai-lasai joan ginen kalean behera, jendea eta saltokiak ikusten eta argazkiak egiten. Halako batean zeozer zetorrela ikusi genuen eta kalearen ertzera gerturatu ginen. Desfilearen ibilbidea metalezko hesiekin mugatua zegoen, eta poliziek zaintzen zuten inor ez zela errepidean sartzen. Desfileko karrozak eta kamioiak hurbiltzen hasi ziren eta talde koloretsuak ikusi genituen. Hasieran herrialdeka banatzen zirela uste izan genuen, baina gero konturatu ginen taldeak zirela, beste barik. Batzuek oso jantzi politak eta landuak zeuzkaten, eta adin guztietako pertsonak zeuden. Pozgarria da andrazko eta gizonezko helduak horrelakoetan parte hartzen ikustea. Beste alde batetik, graziosoa zen jendea karnabalez jantzita ikustea eta bizimodu modernoaren gadget guztiak aldean zeramatzatela konprobatzea: sakelako telefonoa, kamera digitala, eguzkitarako betaurrekoak, eta ura, bero zegoen-eta. Kamioi bi edo hiru pasatzen zirenean, poliziek desfilea apur bat eten eta sare moduko bat altxatzen zuten, nahi zutenen kalearen alde batetik bestera pasa zitezen.
Ordu pare bat igaro zirenean, Basque Woman eta biok zeozer jatera joan ginen. Txozna batean oilaskoa erosi genuen eta desfilearen kalean esertzeko lekurik ez zegoenez, alboko kale batera joan ginen. Bueltatu ginenean desfilea bukatzeko ordua zen ia-ia eta kalearen beste aldean zegoen parkera joatea erabaki genuen. Horretarako, poliziek sarea altxatu arte itxaron behar genuen. Altxatu zuten, baina jende asko zegoen eta iritsi baino lehen poliziek sarea jaitsi eta ezin zela igaro esan ziguten. Bale, apur bat itxarongo dugu. Eta bapatean, oihu batzuk entzun genituen eta gure ondoan zegoen gizon batek bere emaztea-edo zena oratu zuen, babesteko moduan. Txoznak behera zetozela pentsatu genuen, eta Basque Womanek gerritik oratu ninduen. Neuk ere besotik heldu nuen. Handik alde egin behar genuen, baina nora? Gure aurrean metalezko hesiak zeuden eta ezin ginen handik pasatu, baina jendeak behera bota zituen eta gainetik pasatu ginen. Lurrera jausteko beldurra neukan, banekielako erortzea oso arriskutsua zela. Ez genekien nora joan, jendea korrika ari zen, norabide guztietan, zoro pare. Polizia ere bai. Kargatu egingo zutela pentsatu nuen. Batzuek porra zeukaten eskuan, eta beste batzuek eskua pistolan zeramaten, zorrotik atera gabe, hala ere. Alboko kale baterantz joan ginen eta izkina batean geratu ginen. Zer demontre gertatu da, galdetzen genuen. Baina inork ez zekien ezer. Minutu batzuk pasatu ziren eta jendea metrora sartzen hasi zen, ihesi. Polizia bi gure ondotik pasatu ziren eta hobe zela handik joatea esan ziguten. Goazen, bada. Nora? Metroan ez da lekurik egongo. Goazen kalean gora eta beste geltoki batetik sartuko gara. Estanpida hura gertatu zen lekutik igaro ginenean gizon bat lurrean ikusi genuen eta sanitario batzuk hura artatzen ari ziren. Apur bat harago, emakumeren batek galdutako sandaliak.
Baina handik apur bat urrundu eta mundu guztia zegoen normal-normal, ezer gertatu ez balitz bezala. "Hauek ez dira ezertaz enteratu", esan nion Basque Womani. Eta denak zeuden desfileaz, jatekoaz, edariez eta eguraldiaz disfrutatzen. Kontxo.
Kalean gora gindoazela, desfilearen azken karrozak ikusi genituen eta metrora sartu ginen. Gauean, interneten bilatu genuen zer gertatu zen eta posta-zerrenda batean aurkitu genuen gizon batek tiroa jaso zuela hankan.
Iruzkinak
Lost Hawk 2007-09-05 15:31 #1
<br />Suposatzekoa da Labor day ez dela erditze eguna; baina erdiragarria da zein ahaztuta gauden Grenadaren inbasioaz 80etan, Reaganen garaian, eta oraindik domestikatu gabe daudela Caribear independentistak. Adibide bat oso ondo ezagutzen du Basque Womanek, Merle Colins... Horren berririk ba ote duzue aspaldion?<br />
Basque Woman in the Sun 2007-09-05 17:50 #2
<p>Bai, domestikatu gabe daude, alajaina. Merle Collins-en berri ez dot bilatu azken aldion, baina seguru jo ta ke segitzen duela. Edozelan ere, aipatzekoa da Puerto Rico-ren eguneko desfilea izan zen egunean atxiloketak egon zirela, eta mainstream hhedabideen aldetik (<em>always-koak) </em>interes handia egon zala kontua mozkorren istilu moduan jartzeko (eta oro har, puertoricotarrak oso jende zikin, itsutsi eta inzibilizatutzat jartzeko), nahiz eta gero Pacifican entzun nuen atxiloketak independentzia aldarrikatzen ari ziren taldeenak izan zirela, "baimendu gabeko manifestazioa" egiteagatik.</p>
<p>Desfilea dala ta, lastima da j'ouvertera joan ez izana, goizaldeko desfilera alegia: egunez egiten denaren kontrara (egunekoa koloretsua eta distiraz betea da), gauekoa da... horixe, gauekoa: harren eta zizaren lurpeko mundua. Jendea zarpailez jantzita ei doa, eta aurpegia zikinduta, deabruz eta sorginez jantzia, kolore ilun eta marroiakaz, eta perkusinoa itzela ei da. </p>
Utzi iruzkina: