Helen Keller
Esan didate lagun batek nire bloga proposatuko duela idazkera guttenbergtarraren adibidetzat. Ai, mutila, zu bai abila formulazio dotoreak aurkitzen... Ez naiz saiatuko tipoari eusten eta esaten, adibidez, omenaldia egin nahi diodala kulturaren zabalkuntzan hain zeresan handia izan zuen germaniar handi hari, edota ikutu retro bat eman gura izan diodala bestela hain hotza iruditzen zaidan ingurune blogtarrari. Errukitu zaitez jaio berria den baby blogari honetaz, eta ez hartu gogorregi... Agintzen dut tartetxo bat ateratzen dudanean, guztiz cool hasiko naizela idazten, dena etiketa eta argazki. Ikusten duzu, gure roletan jarraitzen dugu, zu irakasle fin eta ni ikasle dorpe eta eskas...
Edozelan ere, gaur nekatuegi nago blogari jatorren kodeak ikasteko, eta, beraz, pazientzia eskatuko diet nire irakurleei berriz ere bide gutenbergtarretatik idatziko dudan ataltxo honetarako, edukiaren interesak agian formaren baldresa barkaraziko duen esperantzan.
Behinola Brooklynetik oinez nindoala (uste dut artean ere Kamarada Strogoff, Mr. Flatiron eta Jackson Pollock nirekin zeudela) Anne Sullivan izeneko eskola bat ikusi nuen, Anne Sullivan izeneko kalean, hain zuzen. Izen horrek gogora ekarri zidan bat-batean buruko txokoren batean aspaldi-aspaldi gordetako zuri-beltzeko irudi bat, ordura arte ahaztuta eduki nuena. Irudian emakume bat eta neskato bat ageri ziren, XIX. mendeko ur punpa baten alboan. Neskatoak itxura baldarra zeukan, txima jarioa orraztu gabe eta moldeak zakar. Arin esateko, basati xamarra ematen zuen. Emakumea, berriz, txukuna eta autoritateduna zen, eta, nire oroitzapenean, behartu-edo egin gura zuen neskatoa ura hizkuntza erabiliz --eta ez bultzakadaz edo zarataz-- eskatzen, hitz horren zeinua eginez behin eta berriro neskaren esku ahurrean. Neskatoak azkenean ura berba adierazten zuen, eta andrea iturriari eragiten hasten zen sukar batean, eta nahibeste ur ematen zion neskatilari, negarrez eta barrez aldi berean, hunkituta. Neskatoak ere, pozez zoratzen, ura, ura, ura adierazten jarraitzen zuen, eta horrela amaitzen zen irudia, nire oroitzapenean behintzat.
Anne Sullivanen mirakulua zen pelikula edo dena delako hura, eta gogoan inkatuta geratu zitzaidan, inpresionatu egin ninduelako. Andrea -neskaren irakaslea- Anne Sullivan zen, eta umea -neskato gor, mutu eta itsua- Helen Keller. Mirakulua, berriz, beste hau: Anne Sullivanek zeinu hizkuntza eta braillea erabiltzen eta alfabetoko letrak ahoskatzen irakatsi ziola Helen Kellerri. Filmeak erakusten zuenez, Anne Sullivanek izaki zibilizatuen gizartera ekarri zuen Helen Keller basati, betizu eta, askoren ustez,atzeratu hura. Ezina ekinez eginaren sinboloa zen Anne Sullivaren mirakulua.
Sarritan gertatzen da denbora luzean gauza edo pertsona batez batere pentsatu barik egon ondoren, egun batean zeozergatik bidera ateratzen zaizula eta handik gutxira berriro egiten duzula topo beragaz, ate joka balebil bezala, eman beharreko arreta guztia eman ez diozulako kexuka-edo. Halaxe gertatu zait niri Helen Kellerrekin, eta, bai, Hellen, arrazoia zenuen eta ondo egin duzu berriz ere insistitzen, ze, benetan zen mamitsua oraindik esan behar zenidana, bai, alajaina.
Hellen Kellerrek esateko zidana
Egia da Helen Keller (Tuscuni, Alabama, 1880-Easton, Connecticut, 1968) itsua, gorra eta mutua zela, ume txikia zenean izandako gaixotasun bat zela eta. Egia da Anne Sullivan Bostoneko Perkins Institutuko irakasle gazte (20 urte!), ausart eta azkarrak komunikaziorako tresnak eman zizkiola, miresteko moduko dedikazioaz eta grinaz. Baina, egia da, era berean, Hellen Kellerrek ez zuela braillea eta zeinu hizkuntza ikasi eta segituan hil, edo anakoreta bihurtu, edo etxekoandre diskretua, besterik ez bada ere. Ez, ez, Helen Kellerrek frogatu egin zion bere irakasleari eta mundu osoari ondo baino hobeto jakin zuela onura ateratzen Sullivanen irakaspenei. Eskerroneko ikaslea, bai horixe. Izan ere, Kellerrek zarata egin zuen, eta handia, gainera. Ez, hala ere, denen gustukoa.
Hasteko, Radcliffe unibertsitatean graduatu zen, zer-eta kalifikaziorik onenagaz. Eta frantsesa ikasi zuen, eta grekoa, eta latina, eta liburu pila idatzi zituen. Ohituta gaude emakumeen eta euren lorpenen historia itzalean geratzen eta lurpetik atera behar izaten lan handiz. Horrenbeste badakigu. Baina Helen Kellerren kasuan, ohikoak baino arrazoi pisutsuagoak daude ahaztura horretarako, batez ere Estatu Batuetan. Izan ere, emakumea izatea handicap bat da berez, perfekziotik aldatzen zaituen ezaugarri bat, eta historia liburuetan agertzeko boletoak kentzen dizkizuna, baina, zer gertatzen da horretaz gain... zera... geriza baino gorriagoa zarenean? Ui, orduan, Helen Keller efektua sortzen da, hots, mundua itsu, gor eta mutu bihurtzen dela bat-batean.
Bere gaixotasunaren esperientziak ezinduen alde lan egitera eroan zuen Helen Keller. Alfabetoa itsuentzat sinplifikatzen hasi zen, baina lanean zenbat eta gehiago murgildu, argiago ikusi zuen itsutasuna ez dela populazioan ausaz gertatzen den arazo bat, baizik eta beheko mailak bereziki erasotzen dituen gaitza dela. Jakina, langile pobreek aukera gehiago zituzten euren lan eta bizi baldintza infernal eta mixerableetan lan istripuetan itsu geratzeko eta, gaixotuz gero, behar bezalako osasun atentzioa ez hartzeko; prostituzioan ziharduten emakume pobreek ere arrisku handiagoa zuten sifilisaz itsu geratzeko. Keller itsua izango zen, baina ez tentela: berehala ohartu zen gizarte mailak baldintzatu egiten dituela jendearen aukerak. Eta ez zen espekulaziora mugatu: lantegi eta tailer inhumanoak eta langileen etxezulo negargarriak bisitatu zituen. "Ez nituen ikusiko, baina usaindu egiten nituen" idatzi zuen.
1909an Alderdi Sozialistako kide egin zen, eta Errusiako Iraultza izan zenean lau haizetara aldarrikatu zituen komunismoaren goraipamenak. Bandera gorri bat ei zeukan bere idazmahaian ipinita. Pixkanaka, sozialismoaren ezkerrerantz jo zuen, eta Industrial Workers of the World sindikatuko kide egin zen. Argi utzi zuen mutu izatea ez dela norberaren gogoa adieraztea eragotz dezakeen traba bakarra, eta ahotsik gabekoen alde jardun zuen nekatu barik: bat egin zuen sufragisten mugimenduarekin euren manifestazio publikoetan parte hartuz; American Civil Liberties Union sortzen lagundu zuen, adierazpen askatasunaren alde; ehun dolar -1920ko 100 dolar!!- eman zizkion NAACP alderdiari, (National Association for the Advancement of Colored People), izugarrizko gauza Alabamako pertsona zuri batek egiteko 20ko hamarkadan. Hainbat lan idatzi zituen emakumeen mugimenduaz, politikaz, ekonomiaz... Hil baino lehenxeago, gutun bat idatzi zion Elizabeth Gurley Flynneri, Alderdi Komunista Amerikarreko buruari, sasoi hartan gartzelan zegoena, MacCarthyren sorgin ehiza dela eta. Honela zioen gutunak: "Zorionik xamurrenak zure egunean, Elizabeth Flynn! Gizateriaren alde zabiltzala jakiteak emango ahal dizkio indarra eta bakea zure bihotz bizkorrari!"
Pertsona handi adoretsuak are erraldoiagoak ageri dira inguruan izaten dituzten izaki narrazti eta iguingarriekin konparatzen ditugunean, eta horixe da The Brooklyn Eagle egunkariko zuzendaria hemen aipatzeko arrazoi bakarra (hala ere, ez dut haren izena emango, ja, ja, ja!). Keller alderdi sozialistako kide egin zenean segurutik planetako emakume famatuenetako bat bihurtu zen. Bere herrian emakumerik nabarmena bihurtu zen zalantza barik. Lurrikara bat izan zen garaiko gizarte estatubatuarrean. Orriak eta orriak idatzi ziren egunkarietan, eta ez laudatzeko hain justu. Bihotz bigunekoek idatzi zuten Kellerrek ez zuela input sentsoriala zuzenean jasotzeko modurik, eta, beraz, bere bitartekarien engainuen biktima zela. The Brooklyn Eagle-ko zuzendariak, berriz, honakoa idatzi zuen: "erratuta dago, eta errakuntza horiek haren buru garapenak dauzkan begi bistako mugen ondorio dira". Zorroztasun intelektualaren altxor honek, kazetillero honek, ikaragarri goraipatuak zituen lehenago Kellerren adorea eta azkartasuna bere eragozpen fisikoak gainditzeagatik famatu zenean. Lehengo laudorioak eta geroko difamazioa konparatuta, honela idatzi zuen Kellerrek, ez umore gutxirekin: "Sasoi hartan, halako goraipamenak egin zizkidan, non gorritu ere egiten naizen gogoratzean. Orain, jende aurrean sozialismoaren alde azaldu naizenean, berriz, gogorarazi egiten digu, neuri eta publikoari, itsua eta gorra naizela, eta, beraz, erratzeko berezko joera dudala. Txikitu egingo zitzaidan adimena bera ezagutu nuenetik eta hona, nonbait".
Ba, horixe zen Helen Kellerrek esan gura zidana, eta, idatzita utzi gura izan dut ahazturaren gaixotasun horrek berriz ere eraso baino lehen. Zelan esan zidan? Ba, hor nengoen ni besaulkian jesarrita beheko suari begira azaro honetako gau batez, halako batean itzal batek... Bale, bale, aitortzen dut: liburu gaizto hori irakurtzen jarraitzen dut, eta zer? Bejondiola Mr. James W. Loeweni, eta, orain, ni banoa ze, ezetz asmatu... I suddenly feel like going Basque in... Ah, porzierto, orain dela ordu pare bat berriz ere izan dut the Basquing experience. Orain arteko bakardade baketsua amaituta, auzoko bat etorri da nire beheko pisura bizitzen (hemendik pasatu diren artistek ondo dakitenez, bakarrik egon naiz hiru pisuko etxean orain arte). Ba, lehen eskaileretan elkartu egin naiz nire auzoko berriarekin, manualaren arabera egindako amerikar ilehori begiurdin bat. Behar den moduko auzokidetasunaz, neure burua aurkeztu eta ongi etorria eman diot, eta berak, bere izena esan ere egin barik, GALDERA egin dit, lagunok (ganera "hutsuneak bete" modalitatean: and Ana is from...). Nik, hainbeste denbora eguzkitan bazkatzen emandako behiaren lasaitasunaz, "Basque" erantzun diot, "I am Basque", eta gaurko erantzuna uste dut orain arte ez didala inork eman. "Euskalduna orduan, eh? Uste nuen poloniarra zinela..."
Ez naiz ausartu zergatia galdetzen eta arin batean igo ditut etxerainoko eskailerak.
I needed really bad to go Basque in the sun.
Iruzkinak
Lost Hawk 2006-12-04 13:50 #1

Guttenbergek seguruenez lokarri plateroa izango zuen, Durangoko Fernandez-tar judeguen moduan; hark (nire hipotesian) harri bitxiak lantzetik, letra tipo mugikorrak egitera etorri zen; zuk berriz, letra tipoetatik harri bitxiak egin dituzu.

Aztorea nintzelakoan ninduzun, baina usoak ihes egin dit, eta erakutsi, ez DesCartesek solipsismotik zelan egiten zien barre rhapsodoei, baizik eta txinpartek nola egiten duten haren kanketatik gorantz hegaz.

Basamortua zeharkatzear zaude, hori igarri dizut, eta gora-gora zabiltza hegaz; gaur hegaz egiteko modu bat ikasi dut zugandik.

Ana Morales 2006-12-04 17:47 #2
Jope, lost Hawk, letra tipoetatik harribitxiak!! Ze polita!!
Ondo asko dakizu zuk gora hegaz egiten, altuegi egitea izan duzu akaso arazo. Aztoreak begi zorrotzegia, eta besteek nekez ikusten dutena antzeman...

Lady Marion 2006-12-09 18:30 #3
Hunkigarria benetan emakume honen historia. Zenbat halako! Inork ezagutzen al du Mileva Maric? Esango didazue...
Eta emakumeei buruz ari garela, artezaleoi nire aitaren gomendio bat: COMBALÍA, Victoria, "Amazonas con pincel. Vida y obra de las grandes artistas del siglo XVI al siglo XXI", Bartzelona, Destino, 2006.
Go on basquing in the rain, if not on the sun...
Lost Hawk 2006-12-12 20:59 #4
Noizko _A Little Matter of Genocide_ren autoreari buruzko hegaldia? (Afable izateari utzi nion, badakizu).
2006-12-14 06:03 #5
Oh, Lost Hawk! Ez duzu sinestuko. Heldu nintzanean etxe osoari buelta emoten zion ilara zegoen, eta ezin izan nintzen sartu. Berrogeita hamar lagun geratu ginen kalean, inpotentziaz beteta, baten bat 60 milla egin eta gero hitzaldia entzuteko. Baina antza 200 jesarleku baino ez zeuden, eta makrozaindariek ez ziguten sartzen utzi. Aironeia!

ana morales 2006-12-14 06:06 #6
Lady Marion, ez dut ezagutzen Mileva Maric, eta desiatzen nago zuk azaltzeko. Postaz bidaliko dizkizut pasahitzak zuk idazteko artikulua. Eta mila esker zure aita bizkor ilustratuari liburuaren gomendioagatik. Ez dut leidu, baina egilea ezagutzen dut: aurten Dora Maarren arrastoaren bila ibili naiz eta Combalia valentziarrak eman dizkit pista asko!

Lady Marion 2006-12-26 14:58 #7

Ai! Ez dakit gai ote naizen artikulurik idazteko. Laburki azalduko dizuet, beraz, hementxe indarrez aurkitzen naizen honetan. Mileva Maric ez da batere ezaguna fisikaren munduan, bai, ordea, bere senar ilustrea. Nork ez du Albert Einstein ezagutzen? Mileva bere lehen emaztea izan zen. Oso emakume argia omen zen eta Erlatibitateari (barkatuko didate jakitunek ez badut ondo idatzi euskaraz) buruzko teoria eta beste ikerketak garatzen lagundu ziona. Aldiz, ia inork ez daki hori eta berataz banandu zen teoria aurkeztu aurretxoan, itzala egingo ote zion beldur Curietarrekin gertatu zen moduan? Hala ere, Marie Curiek ez zuen arazo hori izan antza, senarraren laguntza jaso baitzuen..., bere zorionerako, jakina! Ea inork gehiago esaterik digun! Eta, jakina, oker banago, zuzenketak jasotzeko beti prest! Ondo izan!

Lost Hawk 2007-01-07 17:30 #8
Handiena gainera... esan didate tratu txarrak jasotzen zituela. Iturria ase fidagarria da.

Ana Morales 2007-01-15 00:01 #9
Nik neuk horren berri ez dut izan. Baina, adibidez, horixe zen Betty Friedaneri gertatzen omen zitzaiona: feminismoaren buruzagietako bat izan Estatu Batuetan 50. hamarkadan (The Feminine Mystic) eta mitinetara masaila makilajeaz apainduta joan behar, senarrak jipoitu zuelako etxean geratzera behartu nahian.

Utzi iruzkina: