Abuztuan Rockefeller Center-en

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2007-09-24 04:39
1

Abuztuan Superboyren bisita izan nuen berriz ere. Gau batean azotean jesarrita nengoela izarrei begira, halako batez bere figura nahastezinak urratu zuen ziztuan zeru urdin iluna, eta azotearen ertzetik agurtu ninduen irribarretsu, kapa beltza haizeak harrotuta. Ohi baino distiranteago zeukan irribarrea, aurreko bisitan hutsune bi egondako lekuetan oraingoan hagin berri, zuri eta eder bi ageri baitzituen.

"Ikasi duzu bizikletan, Basque Woman in the Sun"? -galdetu zidan handik segundo batera, erruki barik.

"Eeem... zera..." hasi nintzen totelka, nire ezezkoa zelan apaindu jakin gabe. "Ikasi, ikasi... ". Burua jaitsi nuen egia ezkuta ezina adieraziz.

"Oooo. Nik uste nuena", erantzun zuen etsita.

"Baina patinatzen badakit. Patinatzen joan gaitezke!", ekin nion, Superboyren dezepzioa leuntzeko irrikaz.

"Baina hori betikoa da! Gauza berriak ikasi behar dituzu, BWS!! Ni beti nago gauza berriak ikasten!".

Aitortu behar nuen hori egia zela, eta Superboyren botereen aurrerapenak berriz ere harrituta ninduela. Esaterako, berbetan geunden bitartean, libretatxo bat atera eta batuketak eta kenketak egiten hasita zegoen jo eta ke ikaragarrizko abilidadeaz. Altuago eta guzti ikusten nuen. Ilusio optikoa, inondik ere.

"Baina beste gauza batzuk bai ikasi ditut!", jarraitu nuen. "Esaterako, Ikeako mahai bat eta lau aulki montatu ditut nik bakarrik", defendatu nintzen. "Eta areago: txarto ekarri zidaen eta telefonoz deitu nuen protesta egiteko. Eta beste bat ekarri zidaten. Zer diotsazu horri, e?"

Superboyk begiak areago ireki zituen azken partea entzutean. Banekien horrekin txundituta geratuko zela. Edozelan ere, disimulatzen saiatu zen.

"Ez dago txarto... baina ez da oso dibertigarria", erantzun zidan.

"Ui, zuri irudituko zaizu, Superboy. Ni ikaragarri dibertitu nintzen. Zazpi orduko dibertsioa izan nuen zapatu batean".

"Tira, denbora gutxi dugu eta goazen buelta bat ematera", eten zuen eztabaida. "Eutsi niri lepotik" esan zidan, besoa luzatuz, hegaldirako prest.

Lepotik esku biekin heldu orduko Brooklyneko zerua zeharkatzen ginen biok, Manhattanerainoko bidean. Kontu handiz ibili behar ginen, zeru-horratzen baten kontra jo eta nire lagun Pollocken koadro bat eginda geratu nahi ez bagenuen. Begien itxi-ireki batean bosgarren abenidan ginen.

"Tantta bat Rockefeller Centerren?", esan zidan.

Nola ezetz esan Superboyri. Gainera, ikaragarrizko proposamena iruditzen zitzaidan.

Azken buelta dotore batez Rockefeller Centerreko plazan lurreratu ginen, neguan patinatzeko pista egoten den biribilean udan jartzen duten terraza superfashionean. Erdian jazz talde bat zegoen jotzen.

"Uau, ze pozik nagoen hemen, Superboy!" esan nion. "Zu ez?"

"Ni batez ere zu zein pozik zauden ikusita" erantzun zidan. Jope, zelako erantzun polita.

Zerbitzari irribarretsu bat etorri zitzaigun segituan, gure eskupekoaz zeukan gutiziaren tamainako amabilidadeaz armatuta. Niretzat limonada eskatu nuen, eta jakinda Superboy fruten uraren zalea dela, galdetu nion zerbitzariari ea zein zuku zituen.

Blackberry
blueberry
raspberry
strawberry
cramberry
boysenberry
cherry;

apple
grape
grapefruit
pinapple

Superboy eta biok aho zabalik geratu ginen poesia jario horren aurrean. Eta nire harridura areagotu egin zen Superboyk zera esan zuenean:

"Pinapple juice, please".

"Oo, Superboy", esan nion, zerbitzari poetak alde egin arte itxaron ezinik. "Zenbat ingeles ikasi duzun!"

"Bah, ezerrez...", erantzun zuen apal. Baina bere hagin zuri berriek diz-diz egin zuten gure farola pribatuaren argipean.

Edari hotz-hotzak eskuan, musika gozoaren laztana belarrietan, eta Superboyrekin solasean perfektua zen gaua. Rockefeller Plazako iturri handiaren zaratak freskotasuna eransten zion giroari. Ur txorroten atzean Prometheusen urrezko irudia ikusten zen tarteka, zuzia eskuan.

"Aizu, Superboy: badakizu hori nor den?" galdetu nion, eskultura seinalatuz.

"Baaaai, BWS" erantzun zidan pina ura edateari utzi gabe.

"Nor?"

"Prometheeeus". Superboyk bokalak luzatzen ditu pazientzia handia bildu behar duenean. Haren botereetako bat da.

"Eta badakizu Prometheus nor izan zen, zer egin zuen?"

"Jakina. Galdetzea ere!", esan zidan, bekokiko txirikilo beltza hatzamarraz biribilduz. Presa gabe aulkitik zutundu eta kapa astindu zuen, tximurrak lisatzeko. Orduan besoa luzatu eta hegaz irten aurretik, zera erantzun zidan:

"Sua ostu ziena Basajaunei".

Eta Gothameko zeruan galdu zen. Iruditu zitzaidan han goian Batmanegaz elkartu zela eta bostekoa eman ziotela elkarri kolpe batez.

Baina, egia esan, ez nago oso seguru, ze apur bat logura ere banintzen han jesarrita, jazz doinuaz limonada edaten abuztuan, Basquing in the Moon.

Lost Hawk

Lost Hawk 2007-09-26 14:34 #1

Superboyren kapa, itzala, bere oroimena da, eta ez du ahazteko Brooklineko zubitik azoteara ibilitakorik garau bat bera ere. Hegaz egiten du, beraz, oroitzapen zoriontsuek emandako indarragaz. Oroitzapen horietarako sortu zenituen egoerak eta oholtzak sendo josi. Zorionak honegatik ere bai.

Nik... Iguazura gurako nuke joan, ur tanta bihurtuta, ez daukat eta ez azotearik ez jazzik; berriz, superboyrengan dut nik aingura; banenki non den lema!

Zenbat jakinduria behar da bizitzeko! ikusten ikasteko, eta ikusitakoaz dastatzeko! Gura dut pentsa garai batean banintzela neu ere gauza... ez nago ziur.

Utzi iruzkina: