A Basque Woman in New York

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2006-11-15 16:43
6

Blog hau orain dela hilabete bi hasi beharko zen, irail aldera, Sagar Handira heldu nintzenean. Horixe zen nire asmoa, eta gainera izugarrizko premia ere sentitzen nuen. Hala ere, ezinezkoa zen: ez neukan ordenadorerik, ez neukan etxerik, eta lantoki berrira ohitzeak ia energia guztia agortzen zidan. Egia da alboan neukala abentura honetan laguntzera etorri zitzaidan adiskide mina, Ms. Beltzaran paregabea, baina bai bera bai ni zurrupatuak gintuen alfaltozko zurrunbiloak. Gai faltarik ez genuen (zelan izan gai faltarik New Yorken?), eta izugarrizko teknoantsiedadeak jota geunden gainera, ziberlekutik ziberlekura, liburutegi publikotik liburutegi publikora e-maila ikusten, baina une hartan guztiz ezinezkoa zen.

Orain, baina, etxe polit bat daukat Brooklynen (ondo kostata!), ordenagailua daukat etxe horretan eta auzoko eskuzabalen baten wifi konexioa ere bai (ohh, komunismo elektroniko goxoa...). Beraz, ez dago aitzakiarik: lagunok, agindu nizuen moduan, hementxe dago nire bloga.

Alabaina, a zelako nagia! Begiratu diot nire koadernotxo beltzean idatzita daukadan gai zerrendari, eta itzelezko alperra sartu zait. Buf, pilatutako etxeko lanei ekitea ez da batere motibagarria. Beraz, erabaki dut blog hau in medias res hastea, Erdi Aroko erromantze hispanikoak bezala, ez hitzaurrerik ez azalpenik ez orain arteko kronikarik egin barik. Baina, nola nahiko itxurabakoa iruditzen zaidan hasiera tankera ere ez ematea lehen atal honi, pentsatu dut aitzakia ona izan daitekeela izenburua bera azaltzen hastea:

Zergatik Basquing in the sun?

Munduaren aurrean bere burua euskaldun legez identifikatzen duen edozein arima koitaduk badaki zer gertatzen zaion atzerrian galdera famatua, galdera guztien ama den GALDERA hori egiten diotenean. "Nongoa zara?" esaldi itxuraz inozente hori entzun eta berehala hasiko da inguruetara begiratzen, adiskideen begi iheskorren bila, azkenean erdi ahopeka Europe, border between France and Spain... eta antzeko lausokeriak botatzen hasi arte (hori, azkenean erabakitzen ez badu bakea izatea eta Spain esatea, oso zilegia dena: denok daukagu kamuflajerako eskubidea).

Erantzunak askotarikoak izan daitezke: batzuetan entzuleak ez dauka gure herri nimiñoaren berr zipitzik, eta orduan galdera osagarriak datoz (euskaldunak galderen putzu beltza handiagotuz doala ikusiko du angustiaz); beste batzuetan bai, entzuleak badaki zeozer, eta estatu batuarra bada, artzainak aipa litzake, edo aipamen gutxi gorabehera umoretsuren bat egin lezake "gure arazoaz" ("do I have to check out for bombs?")...

Niri neuri hiruretatik gertatu zaizkit orain arte, baina behinola, niri bisita egiten etorritako hiru euskaldun jatorrekin nengoela Soho aldeko kafetegi batean (Mikhail Strogoff, Gregory Flatiron eta Jackson Pollok deituko diet, isilekotasuna zaintzeko), andre bat, GALDERA egin eta gero, pentsakor geratu zen gure erantzuna entzunda, eta deletreatzeko eskatu zigun. Eta guk, txintxo-txintxo, hortxe bota genuen gure identitate nazionalaren bertsio seriatua: "B-A-S-Q-U-E".
" With a Q?" erantzun zuen andreak letra horretara heldu ginenean. "Yes, with a Q", erantzun zuen gutako batek. Gero betiko galdera osagarriak etorri ziren, eta andre atsegin haren ongi etorri beroa Amerikara. (Eta gure eskerron ez hotzagoa, jakina).

Iluntzean, etxean afaltzen geundela, berriro ekarri genuen pasadizoa berbabidera, eta deletreatze kontu xelebre horretaz ibili ginen. Orduan gogoratu nintzen ingelesez badagoela aditz bat, to bask, gure Basque-ren berdin-berdin ahoskatzen dena, Merriam-Webster hiztegiaren arabera esangura hau daukana:

1 : to lie or relax in a pleasant warmth or atmosphere
2 : to take pleasure or derive enjoyment

... Hau da: etzanda eta lasai-lasai egotea giro bero edo atseginean, eta atsegin hartzea edo ondo pasatzea zeozertan. Aditz hau erabiltzen den espresio tipikoa "to be Basquing in the sun" da, hau da, eguzkitan egotea goxo-goxo, mmmmmm!!!!

(Gainera, eta hau nahiko barregarria da, beti erlazionatu izan dut aditz hori belarrean eguzkipean trankil asko dagoen behi baten irudiarekin, baina, on second thoughts, uste dut hori izan behar dela euskaraz badagoelako bazkatu aditza ere, eta bien arteko max-mix bat egin dudalako).

Bat-batean oso egokia iruditu zitzaigun definizio hori gure izaera nazionala definitzeko. Pentsa, ze ondo, I am Basque esaten duzunarekin batera, belarri anglosaxoia duen pertsonaren inkontzienteari aditzera ematen zabiltza zu zarela "etzanda, lasai-lasai eta giro bero eta atseginean ondo pasatzea eta atsegin hartzea gustatzen zaion jendearen herrikoa" (horri behiaren irudia eranstea aukeran uzten dut).

Lagunok, euskaldunen definizio positibo eta alai bat azkenik!!!!!! (Zaztarretara "corto en palabras pero en obras largo" eta antzeko gauza gris eta tristeak! ).

Kointzidentzia fonetikoa baliatu eta aditz maitagarri hori euskaldunontzat aldarrikatu behar genuela erabaki genuen gau gogoangarri hartan Strogoff, Flatiron,  Pollockek eta laurok.

Beraz,  munduko euskaldunok, aro berria hasi da:
Let´s Basque in the sun!!

GregoryFlatiron

GregoryFlatiron 2006-11-16 10:43 #1

Jejeje, Gregory Flatiron naiz. Oso ona lehen sarrera. Espero dezagun jarraipena eduki dezan! Animo!

Itziar bernaola

Itziar bernaola 2006-11-16 14:22 #2

Benetan ere polita. Noiz hurrengoa?

Ms. Beltzaran & M. Strogoff

Ms. Beltzaran & M. Strogoff 2006-11-16 14:28 #3

Ederra benetan, zoragarria, zei gustora irakurri dogun! Segi holan, jo eta ke NY eta EH hurbiltzeko lanetan...

Ms. Beltzaran naz, baina egia esanda, EHra bueltatu naizenetik beltzarantasuna galduta daukat, baten batek berezkoa dodala pentsau arren, eta holanba, izena aldatutea erabaki dot, aurrerantzean Ms. Aperry izatea gurago neuke (Aperry alperretik etorriko ete da????), berorrek ondo baderitxo...

Mila mosu izenpetzaile bion izenean, eta, badakizu, itsaso zabala tartean euki arren zu beti gurean presente.

lost hawk

lost hawk 2006-11-17 22:41 #4

Erromatarren definizioa ere ez zegoen guztiz txarto: people that sing and dance at both sides of the pyrynees. Hain zulo beltz den galderarako... Oso ondo

Jackson Pollock

Jackson Pollock 2006-11-18 16:27 #5

Who the #$%& is Jackson Pollock? Horixe da pelikula baten izena. Atso xarmangarri batek koadro bat erosi du dolar gutxi batzuen truke. Gero, Pollock-en lana izan daitekeelakoan, milioiak eskatzen ditu. Baina, nor da Jackson Pollock? Ba, neu naz. Asko gustatzen jat ezizena, oso fashion-a da.

Lady Marion itxaroten aspertua

Lady Marion itxaroten aspertua 2006-11-24 14:30 #6

Bueno, bueno, ia hilabete berandu bada ere (bai, berandu, ez gero). Nire erantzuna sartuko al da blogean? Ze, nik, idatzi, idatzi nuen erantzuna, baina ez da agertu. Nik nioena zen, ikusi nuenean zure "basking in the sun" alegatoa, uste izan nuela "Singing in the rain" pelikuleroaren hitz jokoa zela. Badakizue, bakoitzak bere bizioak! Hala ere, ez didazue esango ez duenik jokorik ematen "bask/que-ing in the sun" and "singing in the rain" elkartzeak, ezta? "Rain" hori ez daitezela malkoak izan behintzat eta nire Siberiako bizilekuan oraindik ez dugunez elur edo hotz handirik ikusi, hobe bai, let's basque/bask in the sun!

Utzi iruzkina: