YouTube zuzenean
Steve Chen, YouTubeko sortzaileetako batek bota du primizia pop17 webguneko bideo-elkarrizketa (nola ez!) batean: YouTube live aurten bertan jarri nahi dute martxan. Alegia, YouTubek bideoak zuzenean emititzeko aukera eskaini nahi du.
Antzeko zerbitzuak eskaintzen dituzten Justin.TV, Ustream, Blog.tv, Stickam,... dardarka egongo dira honez gero. Orain gutxi atera omen zuen Yahoo-k ere antzeko zerbitzua: Yahoo live.
Burutazio pare bat etorri zait albistea irakurtzean.
Batetik, edonork zuzeneko emisioak egiteko modua izateak iraultza txiki bat ekar dezake, gaur egun hori egitea astuna eta garestia delako -garai batean bideoak erakustea bera zen bezala-. Gainera, bideokonferentzia eta antzeko gauzak egiteko moduko teknologia erraz eta merkea garatzeko balioko dio Googleri, bere Google Apps eta GMail-ean integratzeko, besteak beste.
Bestetik, Interneteko zuzeneko emisioek ez naute inoiz erakarri. Beti iruditu izan zait, Interneteko telebistaren indarra, hain zuzen ere, bere izaera asinkronoan datzala, ohiko telebistan ematen ez den ezaugarri horretan.
Baina, tira, modu erraz batean helburua betetzen badu, auskalo zer ondorio ekarriko dituen duela aste batzuk Alexako rankinean erosi zuen ataria bera gainditu zuen YouTuberi. Ikusiko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: