Fakturak euskaraz eskatzeko kanpaina aurkeztu du Kontseiluak

axolaelkartea 1456131269956 Axola Euskara Elkartea | 2007-02-07 13:21

Urteko sasoi honetan, prezioen igoerarekin bat, arreta handiagoa eskaini ohi zaie gastuei eta bide batez, baita fakturei ere. Horregatik, Kontseiluak fakturen inguruan prestatu du 2007ko lehenengo norbanako konpromisoa. Izan ere, Hegoaldeko zein Iparraldeko argi indar, ur eta gas enpresen euskarazko eskaintza, oro har eskasa, aztertu ostean, Kontseiluak norbanakoari eskatu nahi dio bere hizkuntza-eskubideak aldarrika ditzala. “Zerbitzua kobratzen jarraitu behar dute, baina behintzat euskaraz egin dezatela”, adierazi dute Kontseiluko ordezkariek.

           ‘Euskarazko fakturak eskatu’ kanpainaren bidez, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak herritar guztiei luzatu nahi die etxera heltzen zaizkien fakturak euskaraz jasotzeko eska dezatela. Horretarako, hainbat euskarriz baliatu dira. Hasteko, herritarren artean banatuko duten ‘faktura’ eskuorria aurkeztu dute. Faktura itxurako 15.000 eskuorri prestatu ditu Kontseiluak eta bertan, Euskal Herrian lan egiten duten argi-indar, gas, ur eta zabor konpainien informazioa aurki daiteke. Konpainia hauen hizkuntza-politika alde batetik, hau da, euskararen presentzia, eta kontakturako informazioa bestetik, biltzen ditu eskuorriak.

 Inprimaki honetaz gain, informazio hau interneten eskuragarri ere egongo da; Kontseiluaren www.kontseilua.org webgunean jarritako aurkezpen batean hain zuzen. Aurkezpen hau gainera, internet bidez zabaldu dute. “Aurkezpena jasotzen duen orok, klik bakarra egin beharko du bere enpresarekin harremanetan jartzeko eta euskarazko fakturak eskatzeko”, azaldu du Mikel Balentziagak, Kontseiluko ekintza planeko arduradunak. Enpresaren batek ez badu eskaera hau kontuan hartzen, “‘euskararen telefonoa’ erabil dezakete: http://www.euskararentelefonoa.com edo 902 194 332ra deituz”. Era berean, ‘Euskararen telefonoan’ enpresen lana zoriondu eta argibideak eskatu ere egin  daitekeela ere gogorarazi dute.

 Konpromiso berria aurkeztu aurretik egin ohi duen bezala, fakturen kasuan ere, Kontseiluak Euskal Herrian jasotzen ditugun fakturen azterketa egin du. Guztira, 20 enpresa baino gehiago aztertu ditu, baina hauetako asko tokiko erakundeak izaki, nazio mailako edo eskualdeko konpainietara mugatu ditu aurkeztu dituen emaitzak. Azken hauek, oro har, nahiko ‘kezkagarriak’ dira.

 Fakturaren hizkuntza orokorrean, erdara izan ohi da. Horrela, argi-indarraren kasuan, Hegoaldean lan egiten duen Iberdrolak edo Iparraldean diharduen EDF enpresek, erdara hutsez bidaltzen dituzte haien agiriak. Horrelako kasuetan, Hegoaldean kontsumitzailearen legeak babesten du herritarra eta honek fakturak euskaraz jasotzeko duen eskubidea defendatzen du. Iparraldean berriz, legeak ez ditu euskaldunen hizkuntza-eskubideak errespetatzen eta ez du inon fakturak euskaraz jaso daitezkeenik aipatzen. Dena dela, Kontseiluko ordezkariek dei berdina egin diete Hegoaldeko zein Iparraldeko herritarrei: ‘eska ezazu euskaraz!’. Izan ere, norbanakoaren eta konpainiaren beraren esku dago fakturaren hizkuntza ezartzea.

 Egoera hau salatzeaz gain, Kontseiluak enpresa baten jokabidea ere txalotu du. Bai Euskarari Ziurtagiria duen Gipuzkoako Urak izan da zoriondutako enpresa, bere fakturetan euskara lehenesteagatik. “Eredugarria da Gipuzkoako Urak enpresaren jarrera eta fakturak elebietan egiten dituzten enpresei eredutzat har dezaten eska nahi diegu”, azaldu dute ordezkariek.

 Urtean zehar hainbat  konpromiso zabaltzen ditu Kontseiluak. Iaz  telefonoa euskaratzeko gonbita, propaganda euskaraz jasotzeko kanpaina eta euskarazko harpidetzaren bat egiteko deia izan ziren.

 


Utzi iruzkina: