Presapeko etxebizitzen aurka agertu dira elkarte batzuk.

auzoarteko 1456131174395 AUZOARTEKO | 2006-06-29 00:00

Aurkako jarrerak egon arren proiektuak aurrera jarraituko duela dio Udalak.

Busturiko talde batzuk Presapeko etxebizitzen proiektuaren aurka agertu diren arren, Udalak proiektuarekin jarraitzeko asmoa agertu du.

Maiatzaren erdi aldera Busturiko Udalak Presape zonaldea urbanizatzeko proiektua onartu zuen. San Kristobal auzoan dago, Mape errekatik oso hurbil. Orotara, 90 etxebizitza ofizial egingo dituzte: erdiak salgai jarriko dituzte, eta erdiak alokairuan.

Hala ere, herriko zenbait talde aurka agertu dira. Horrela, Zain Dezagun Urdaibaik eta Auzoarteko Elkarteak uste dute Presape ez dela urbanizatzeko leku egokia. Zain dezagun Urdaibai taldeko bozeramaile Erroxeli Ojinagak arrazoi bat baino gehiago aipatu ditu. «Hasteko, Udalak berak hartu du erabakia, herritarrei iritzirik eskatu barik. Gainera, prozeduran ez da gardentasunik egon; ezkutuan egin dute», salatu du. «Legediak dio lurralde antolaketaren inguruko prozeduretan gizarte osoak parte hartzeko eskubidea eta ahotsa duela; baina gure kasuan ez da horrela izan».

Urperatzeko arriskua

Presape auzoa Mape errekaren alboan kokatzen da. Ojinagak dioenez, Busturiko araudi sozialak «arrisku handiko» gune bezala definitzen du Presape, erreka hain hurbil egonda, urak gainezka egiteko arriskua dagoelako.

Hala ere, «Udalak ez du kalkulo hidrologikorik, ezta antzeko ikerketarik ere egin lur hori egokia dela ziurtatzeko», aipatu du.

Bestalde, Ojinagak adierazi du Udalak ez duela aurkeztu ingurugiroaren gaineko eragina aztertzen duen agiria.

Aukera hobeak

Ojinagak adierazi du Busturin badaudela etxebizitzak egiteko toki egokiagoak: «Errekatik kanpo dauden toki eguzkitsuagoak badaude, baina aukera horiek ez dituzte kontuan hartu. Saihesbidea egiteko asmoa ere badute, eta Presape gainetik igaroko da. Beraz, toki hobeak espekulatzeko utzi dituzte».

Ojinagak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gai Sozialen Sailaren jarrera ere salatu du: «Etxebizitza duinak egin behar dituzte, ingurumen duin batean eta arauak errespetatuz, baina Presaperen kasuan ez da horrela izango».

Javier Madrazo sailburuarekin ere bildu ziren aurkako jarrera agertzeko, baina horrela ere ez zuten proiektua gelditzea lortu.

Busturialdeko Hitzak Busturiko Udalarengana jo du informazio bila, baina ez du adierazpenik egin gura izan, proiektuak aurrera jarraituko duela bakarrik esan du.


Utzi iruzkina: