Espainiako ziklokros txapelketa Busturian ospatzeko eskariaren aurrean, Busturiko Auzoarteko Herri Ekimena udal taldearen erabakia.
Espainiako ziklokros txapelketa Busturian ospatzeko David Secok luzaturiko eskariaren aurrean, Busturiko Auzoarteko Herri Ekimena udal taldeak honako hau erabaki du:
· Busturin eta Euskal Herriko edozein herritan, Espainiko ziklokros zein beste edozein estatu mailako txapelketa ospatzearen aurkako jarrera erakutsi nahi dugu. Alde batetik, gure iritziz, hau ez delako Espainia, eta beste alde batetik, kirol disziplina desberdinetako euskal selekzioen ofizialtasuna onartzen ez duten federazioen legitimitasunik ez dugulako onartzen. Hau dela eta ezin dugu onartu Espainiako edozein txapelketa euskal lurraldean ospatzerik.
· David Seco eta bere kirol ibilbideari sor diogun miresmena erakutsi nahi dugu, merezimendu osoz irabazi duelarik Busturitarrengandik jaso beharreko omenaldia. Beraz, eskatzen den txapelketa, berari egin beharreko omenaldi bezala planteatzen den einean, ezin gara ekitaldi horren aurka azaldu, alderantziz.
· Ondorioz, gai honen aurrean gure abstentzioa adierazi nahi dugu, argi eta garbi utziz, egun horrek, euskal lurraldetasunaren, euskal naziotasunaren eta euskal kirol selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarri izan behar duela. Hau Euskal Herria da, gu euskaldunak gara eta selekzio propioa nahi dugu. Guk horren aldeko apustu garbia egiten dugu eta orain arte bezala, bakarrik edo beste talde politiko eta gizarte eragileen laguntzaz horren alde egiten jarraituko dugu.
· Beraz, egun horretan agertu beharreko jarrera adostera dei egiten dizuegu busturitar eta oroar, euskal herritar guztioi, gaur, aldarrikapen eguna dena, bihar ospakizun eguna izan dadin.
Busturian, 2004ko uztailaren 8an.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: