Euskararen puzzlea
Azken urteotan asko ari naiz aditzen gero eta jende gehiagok dakiela euskara. Nik ez dakit estatistikek magia egin duten edo zer, baina euskara erabiltzen dutenak ziur naiz, gero eta gutxiago direla.
Nire guraso eta aiton-amonek, euren ama hizkuntza euskara baldin bazen, guztia euskara hutsean egin ohi zuten. Are gehiago, beste hizkuntzak ez zekizkiten, orduan zeukaten bidaiatzeko zailtasuna zela medio. Baina horrek ez du ezer justifikatzeko balio. Garbi dago, hizkuntza bat ez dela galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik. Eta hori da gaur egun gero eta eskualde gehiagotan gertatzen ari dena. Gainera, hain “kultoak” izan behar garen horrekin, badirudi euskara hutsean bizi garenok, eta beste hizkuntzak hain ongi menperatzen ez ditugunok, zapalduak garela. Ez al da lotsagarria, zure aseguru sozialeko medikuarekin euskaraz komunikatu ezina?
Bestalde, euskararen adar garrantzitsuenetarikoa ere galtzear daukagu: hitanoa. Euskara ez badago bere urte onenetan, zer esanik ez hitanoa. Gainera, matxismoaren kontuarekin sartu gabe, zenbat jende ote dago noka existitzen dela ere ez dakiena. Horretaz gain, euskalkiak ere hor daude. Komunikabideak medio, jende anitz dago oraindik, euskara batua eta gipuzkera parekatzen dituena. Euskal komunikabideetan lanean ari den % 80a gipuzkoarra izaki, gipuzkoarron euskara da normaltzat hartzen dena eta besteak aldiz arrarotzat.
Euskaldunon zeregin handienetariko bat da beraz, gure lurraldea bereizten duen altxorrik handiena mantentzea. Baina hori bai, ez kutxa zaharkitu batean gordeta edukiz, hautsak astinduz baizik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: