Lehen eta bigarren mailako herritarrak

asieriturriagaetxebarria 1456131115699 Hori ere esan nahi dut | 2008-12-15 11:33

Leon aldean errepidean harrapatuta geratu diren 120 pertsonen bila joan behar izan du bart Espainiako ejerzitoak. Elurte handia egin omen du, eta ez aurrera ez atzera geratu dira  errepidean. Ejerzitoa joan da handik ateratzera, egiten zuen eguraldi makurrarekin eta hotzarekin norbaiti zerbait gerta ahal zitzaiolako.

Ordu berean, Bilboko Indautxu auzoko Espainiako Poliziaren komisaldegiaren atarian ehunka pertsona zeuden, itzelezko hotzarekin, mantekin eta ahal zuten guztiekin babesten. Etorkinak ziren, hemen "legez" bizi ahal izateko behar duten dokumentazioa berritzeko asmoarekin. Orduak eta orduak eman behar izaten dituzte ilaran, Espainiako Poliziari aldez aurretik txandak ematea ez zaiolako bururatu, edo ez duelako nahi. Goizaldeko 4:00retan joan, eta hainbat ordu ilaran egin ostean ezer lortu gabekorik ere bada. Mafia modukoak ere sortu dira, eta hainbat ordu ilaran egiteagatik dirua jasotzen dute trukean.

XXI. mendean egonda, Europa moderno honetan, horrelakoak gerta daitezkeenik sinestea ere kosta egiten zait. Baina, badakizue, Euskal Herrian ere lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak daude, ezarri diguten Konstituzio sakrosantu horrek beste zerbait esaten duen arren.


Utzi iruzkina: