Hitzik gabe

asieriturriagaetxebarria 1456131115699 Hori ere esan nahi dut | 2008-12-06 12:40



Abenduak 3. Bergara, 11:30. Telefonoz inoiz elkarrekin berba egin bagenuen ere, Juankar Arellano Azpeitiko Aralarreko zinegotzia ezagutu dut, argazki bat egitera joan naizelako bere lantokira. "Ea laster berriz ikusten gaituken", bota dit.

Elgoibar, 13:25. Kazetari bati deitu diot, iritzi artikulu baten egoeraren berri emateko. Berak eman dit berria, ezer baino lehen. "Asier, badakizu atentatua izan dela? Azpeitian. Hiru tiro sartu dizkiote Altuna y Uria enprasako arduaradun bati". Zuri gelditu naiz. Automata baten moduan, alderdiko arduradunei jakinarazi diet gertatutakoa. Irratia isiotu dut. Laster hasi dira Azpeitian gertatutakoaren berri ematen. Juankar Arellanori, ordu bi lehenago irribartsu utzi dudan zinegotziari, deitu diot, berria emateko. Telefono dantza hasi da. Hurrengo 24 orduak telefonoarekin emango ditut dantzan.

Azpeitia, 18:00. Bukatu da Inazio Uriaren hilketa aztertzeko ez-ohiko udalbatza Azpeitian. Juankar Arellano hurbildu zait. "Arratsaldeon. Aurretik inoiz elkar ikusi ez, eta begira. Laster elkartu behar izan gaituk berriz!". Lasai dago, baina azpeitiar gehienei bezala, barruan sentimendu bereziren bat badaukala nabaritzen zaio. Isaias Carrasco ETAk hil zuenean, bestelako giroa zegoen Arrasaten. Ezberdina. Sentimendu berak ziurrenik, baina horiek adierazteko beste era bat dago Azpeitian, sakonagoa.

Abenduak 4. Azpeitia, 11:30. Aralarrek prentsaurrekoa egin behar du udaletxean, Azpeitiko udal-gobernutik ateratzen dela esateko. Kazetari asko dago batzar-aretoan. Juankar Arellanorengana joan naiz. "Lasai, Juankar. Kazetari asko dago, baina lasai egon, hauek ez dute inor jaten eta". "Ni lasai nagok. Jendaurrean hitz egitera ohituta nagok". Azken 24 orduetako tentsioa nabari duen arren, lasai dago. Plaza-gizon itxura dauka. Hasi da prentsaurrekoa. Juankar isilik geratu da. Ezin du prestatuta zeukan agiria irakurri. Begiak bustiak ditu. Lehertu da. Azpeitiar askok dituzten sentimenduak adierazi ditu kamera mordo baten aurrean. Prentsaurrekoarekin aurrera jarraitu nahi du, baina ezin. Hitzik gabe geratu da. Ez naiz harritzen. Ni ere hitzik gabe nago ETAk Inazio Uriari, bere familiari eta hurbilekoei, Azpeitiari, AHTren kontrako borrokari... Euskal Herriari egin dion minaren aurrean.


Utzi iruzkina: