Hitaz Oroit
Tipo xelebrea zuan geure osaba, aski ezaguna herrian. Eskuzabala, beti laguntzeko prest familia zein lagunekin egotea maite zuen beste edozeren gainetik. Pertsona arrunt bat baino ez zen azken finean. Kalekoia hor nonbait bizitzaz gozatzen bazekiena.
Bere osasun arazoak ez ziren atzo goizeko kontua. Urteak zeramatzan tira-birekin. Hala ere, hura ez zen aitzaki berarentzat. Urtebetetze, gabon zein ospakizun desberdinetan hantxe baitzegoen beti.
Oraindino gogoan daukat elkarrekin bizitako azken bazkaria. Hilabete pare bat behintzat igaro dira harrezkero. Ospitaletik atera berria zen osaba quimio lehen sesioa jasan ostean medikuek etxera bidaltzen zuten bertan indarberritu zedin. Izan ere, denboralditxo bat zeraman jada ospitalean eta inoiz bukatzen ez zen uda sargoriatxu hartan are latzagoa egiten zen bertan egotea. Osaba lur jota aurkitzea espero genuen, tratamendu mota horiek oso gogorrak izan ohi dira eta. Baina guztiok harritu gintuen indarberritua ikustean. Hark argi zeukan zer egin. Bazkaltzera joango ginen.
Gure ohiko osaba zirudien. Alai eta Berritsu. Momentu batez pairatzen zuen gaitzaz ahaztuak ginen denok, itxaropen hazia ere piztua zitzaigun jada. Medikuek ere hanka sartzen dute noizean behin ezta? Ilusioak ilusio, hantxe bildu ginenok osaba barne bagenekien litekeena zela hura azken bazkaria izatea. Une horretaz gozatu beharra zegoen. Ez zegoen tristurarako aukerarik.
Hortxe ibili ginen hamaika aldiz entzunda genituen istorio haiek berriro ere entzuten. Erreala gora eta behera, atzoko kontuak gogoratuz etab. Hau da, gure ohiko elkarrizketekin. Bere ahotik entzunda grazia berezia zuten kontu horiek guztiek.
Gertatu ohi den gisara, arrazoia nagusitu da. Bazkari hura azkena izan zen. Orain Gabonak datoz eta ez zara gure artean egongo. Zure hutsunea betetzea ez da erraza izango. Aurten ez gara guztiok egongo.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: