Mikel Aranburu eta Mikel Labaka

argi 1456131013480 Argi | 2010-09-06 22:04

“Oso momentu berezia izan zen Azpeitiko udaletxean bizitakoa”

·       Ondo hasi dute denboraldia eta horrela jarraitzea espero dute

 

Hiru urte luzez bigarren mailan izan ondoren, Realak berriro bere lekua eskuratu du. Lehen mailara bueltatu da. Ospakizunak aspaldi amaitu ziren, baina momentu goxo haiek ez dituzte ahaztu azpeitiar jokalariek. Aurre-denboraldia amaitu eta denboraldia ongi hasi dute, gogor lan eginda. Mikel Aranburu eta Mikel Labaka Realeko jokalari azpeitiarrek igotzeko unea eta oraindik etortzeko diren uneak gogoratu dituzte.

Hala ere, Realaren ehun urte pasatxoko historian azpeitiar gehiago ere izan dira. Tomas Orbegozo eta Juan Antonio Larrañagak beraien gaztetako bizipenak ekarri zituzten gogora Anoetako partidu hura ikustean. Ez dizkiote gomendiorik eman oraingo jokalari gazteei, “behar ez dutelako”, baina bai lan “gogorra” egin beharko dutela gogoratu diete.

 

Nola ikusi duzue aurre-denboraldia?

 

Mikel Labaka – Aurre-denboraldia beti izan ohi da desberdina, tentuz egin behar diogu kasu bertan gertatutakoari. Baina zelaian egindakoa oso positiboa izan da. Nekea oraindik nabaria da, baina taldearen txispa ere ikusten da, ez da itzali.

Gogoan izan behar dugu aurre-denboraldiko emaitzak ez dutela balio, eta denboraldikoak izan behar ditugula kontutan.

Mikel Aranburu – Maila txukuna eman dugula uste dut. Onerako zein txarrerako, gertatu dena ezin da kontutan hartu. Garrantzitsuak partiduak dira. Aurrera ondo egitea. Aurre-denboraldiaren helburua taldeak ongi erantzutea eta trebatzea da. Hori bete dugu.

 

Lehen mailan, zein bigarren mailan jokatu duzue, alderik badago?

 

M. L. – Desberdina da. Goreneko mailan jokatzeak sentsazio ona dauka, zapore gozoa. Reala beti hor ezagutu dugu, hori da bere lekua. Gainera, kirolari moduan beste aportazio bat da lehen mailan egon eta jokatzeak. Horrek beti animoak ematen ditu.

M.A. -  Jokalari eta talde hobeak daude lehen mailan. Kalitatea beste era batekoa da. Horrek desberdintzen du bat ala bestea.

 

Zer sentitu zenuten, partidua amaitu eta bigarren mailara jaisten zinetela konturatzean?

 

M. A. – Oso momentu gogorra izan zen. Baina ez zen urteko bakarra. Denboraldia arrastaka eman genuen, partidu ugari pasatu ziren lehena irabaztea lortu genuen arte. Urte txarra benetan.

M. L. – Pisu handia sentitzen duzu. Beti da kolpe handia bigarren mailara jaistea, gainera gu barruan gaudela hori gertatzea, are gehiago.

Disgustu ikaragarriarekin amaitzen duzu, jarraitzaileez gogoratzen zara. Gertatu daitekeen zerbait da, baina ez duzu imajinatzen.

 

Alde ederra egongo da, irabazten joan eta lehen mailara igotzea…

 

M. A. – Oso polita. Urte guztian lehen postuetan ibili, eta Anoetan igotzea, gure jarraitzaileen aurrean… Gozatzeko ezin hobea!

M. L. – Hiru urte luze izan dira, baina azkenekoan, bidea ondo landuta. Lehen mailan zaudela konturatzean, poza sentitzen duzu. Bigarren mailan gainean duzun pisua kentzea lortzen duzu. Gustura hartzen da une historiko horren parte izatea.

 

Azpeitiar ugari gerturatu ziren partidu horretan Anoetara. Baina Udaletxeko plazan ere asko bildu ziren Azpeitira etorri zineten egunean.

 

M. A. – Une pozgarria. Azpeitiarra izanda oso berezia izan zen udaletxean bizi genuena. Tour hura egitea Gipuzkoarrei emandako animoak eskertzeko erarik egokiena izan zen.

M. L. – Orokorrean jasotako harrera oso ona izan zen. Harituta geunden. Izan ere, partidu hartatik lau egun pasa ziren Tour hura egin genuen arte.

Azpeitiarra izanda, herrian sortutako poza ikustea oso momentu polita da.

 

Gazte askok ez dute izaten zuek besteko zortea eta Realak deituta etortzen dira frogak egitera. Ondoren, Realak hartu ez eta beraien herrietara bueltatzean futbola lagatzen dute. Zer esango zenieke?

 

M. L. – Kirolak aurpegi asko ditu. Batzuetan gustura zaude, eta besteetan ez.  Garrantzitsuena ez obsesionatzea da. Helburuak izatea ondo dago, baina helmuga ezin da horretara mugatu.

M. A. – Urrutira joan gabe, orain dela urte batzuk Realak Joseba Llorenteri ezezkoa eman zion, baina orain hemen da. Ezin da momentu eta aukera puntualetara mugatu. Futbolean ezin da etsi.

 

2010-2011ko Reala talde berritu eta gaztea…

 

M. A.- Gazteak eta esperientziadunak. Aukera onak daude eta garrantzitsuak dira Relarentzat. Horietan dago etorkizuna. Gure helburua lehen mailan mantentzea da. Bertan ikasi, ohitu eta Reala urte asko bertan mantentzea.

 

Orain dela urte batzuk ia liga irabazten duzue. Berriro amesterik izango dugu?

 

M. A. – Zergatik ez? Oraintxe oso zaila da. Bigarren mailatik igo berri eta liga irabaztea, ia ezinezkoa. Gainera, talde ahaltsuak daude Real Madrid edo Barça bezalakoak.

M. L. – Amets egitea libre da, baina hankak lurrean izan behar ditugu. Egoera ikusita, lehen mailan mantentzea da gure helburua. Datozenak, ongietorriak izango dira.

 

 

 

Esan dute…

 

Juan Antonio Larrañaga. Jokalari ohia.

 

Poz handia sentitu zuen Juan Antonio Larrañagak Realak “bere lekua” eskuratu zuenean. “Maila ona eman zuten denboraldian. Gorabeherak ere izan zituzten, baina oso talde sendoa zen. Horrek eman zien igotzeko txartela”. Orain berdin jarraituko dutela dio Larrañagak. “Gogor egin behar dute lan, baina Aranburu eta Labakak badakite zer den lehen mailan jokatzea. Gomendioak sobran daude”. Etxeko gazteei erakutsi behar zaiela esaten du Larrañagak. Izan ere, harrobiari lekua egin behar zaiola defendatzen du. “Etxekoekin bizkarrezurra osatu eta ziur urte askotan lehen mailan ikusiko dugula”.

Belaunaldiz belaunaldi Reala lehen mailan ikusi behar dela dio. “Lehen gazte ginela bizi izan genuena, orain helduago bizi izan dugu berriro. Adina da aldatzen dena”. Eta Larrañagaren kasuan postua ere. Lehen protagonistetako bat zen, orain jokalari ohia. Hala ere horrelakoetan beti ekartzen omen ditu gogora berak bizitakoak.

 

 

Tomas Orbegozo. Jokalari ohia.

 

“Partidua ikustean, lehengo lanera bueltatuko zirela sentitu nuen. Hau da: lehen mailara. Ikaragarrizko poza”. Horrela bizi zuen Tomas Orbegozok Realak Anoetan jokatu zuen partidu hura. Bere esperientziak ere erakutsi zion zer zen bigarren mailan jokatzea, eta “alde handia” dagoela dio. “Aldageletan eta harremanetan nabari da. Ez da giro berdina izaten lehen mailan edo bigarrengoan”.

Gainera, bigarren maila oso liga zaila dela dio. Izan ere, bertako taldeak “handi egiten dira Reala moduko ekipoen aurka”. Baina gazteek denboraldi ona egin zutela dio eta merezi zutela.

“Denboraldi berria ondo eramango dute. Fitxaketa berriak eta duten harrobiarekin, ez da arazorik izango”.

Ospatu zuela onartu digu. Izan ere, Realeko beteranoak askotan elkartzen dira partidu zein afaritan, eta giroa apartekoa da. “ospatzeko modukoa da berriro derbyak izatea edo Real Sociedad – Barça aurrez aurre ikustea”.

Labakak eta Aranburuk ez dute gomendiorik behar Orbegozoren esanetan. “Badakite zer egin behar duten, eta unea aprobetxatuko dute”.


Utzi iruzkina: