UEMA APURTU?

antzubloga 1456130951231 antzubloga | 2007-11-10 11:29

Aurrekoan UEMAko Batzar Nagusia egin zen Zestoan. Bertan aukeratu ziren bere organo nagusiak, Zuzendaritza Batzordea, Presidentea eta bere ordezkoa. Bertan, ezker abertzaleak presidentzia eskuratu eta orain lanari ekin behar diogu. UEMAren sorrerako ildoak berreskuratu eta Hizkuntz Politika Berrian diogun izaera estrategikoa bereganatu behar du. Ez gintuen ezustean hartu, baina PNV-K itxuran UEMA uztea erabaki du. Azken lau urteko utzikeri, itomen eta galbide estrategiak ez dio emaitzarik eman, eta arduragabe uztea erabaki du. Orain gure lana Mankomunitatea indartu eta hauek utzi duten zulo beltzetik ateratzea da. Ekin diezaiogun ba lanari!!

«EAJk zabalik du atea, baina UEMAn sinesten duen erabaki behar du»

 

Jon Bollar UEMA-KO LEHENDAKARIA

Aulestiko alkatea da Jon Bollar, EAE-ANV alderdiaren eskutik, eta urriaren 27az geroztik UEMAko presidentea ere bada. Zuzendaritza berria du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, baina betiko helburuei helduko die lau urteotan. Horretarako, arlo politikoan egin beharreko lana indartu nahi du.

Legegintzaldi berria aurrez aurre. Zein asmorekin ekin dio UEMAko zuzendaritza berriak?

Ilusioarekin. UEMA serio hartzen dugun alderdiok segitzen dugu zuzendaritzan, EAk, Aralarrek, independenteek eta EAE-ANVkook. Batasuna nabari da, aurrera egiteko borondatea. Asmoa, berriz, Mankomunitatearen berezko helburu nagusiak lortzea da: lehena, udalerri euskaldunetan herritarrek bizitza sozial eta politikoa euskaraz egin ahal izatea; bigarrena, udalerri horiek euskara nagusi izango den lurgune bat osatzea, hizkuntza batek ezin baitu bizi- raun halakorik gabe; eta azkena, euskara ez baita guztia, gure udalerrien garapen sozioekonomiko eta soziokulturala bultzatzea. Horretarako beharrezko pausoak emango ditugu, eta tresnak sortuko, sor daitezkeen oztopoak gainditzeko.

Epaitegietatik etor daitezkeenak, adibidez, edota egungo esparru juridikoak berak eragiten dituenak...

Esaterako, Euskararen Legeak ez du bermatzen euskararen normalizazioa. UEMAn gaudenok benetako ofizialtasuna nahi dugu, eta zazpi lurraldeetan; horren alde egingo dugu lan.

UEMAren jatorrizko planteamendu politikoa berreskuratu eta indartu nahi duzuela aipatu zenuen Batzar Nagusiaren ostean. Zer esan nahi du horrek?

UEMA nahiko motel aritu da politikaren arloan azken urte hauetan. Udaletxeetan egiten den lan teknikora mugatu du jarduna, euskara zerbitzua eskaintzera. Teknikoek lan handia egin dute, baina euskarak aurrera egin dezan ekimen politikoa behar da. Hori esan nahi nuen.

Jardute motela aipatu duzu. Pasa den legegintzaldian ezker abertzalea oso kritiko agertu zen EAJren eta EAren kudeaketarekin; zuk zeuk, agerraldi batean, UEMA «hiltze prozesuan» sartzeko arriskua zegoela ohartarazi zenuen. Horrenbesterainokoa al zen?

Lehen aipatu dudan horrexegatik esaten genuen, planteamendu politikoa erabat baztertu zelako. Eta UEMA ez da hori. Egun- go legeriak ez du bermatzen euskararen egoera normalizatzea, eta Mankomunitateak horretan eragin behar du. Dena den, guk ere autokritika egin behar dugu, berandu jarri baikenuen argia UEMAren egoera kezkagarriaren gainean.

Batzarreko ezustekorik handiena EAJko ordezkarien jarrera izan zen, alde egin baitzuten eta zegozkien hiru karguak ez baitzituzten hartu. Zuentzat ere ustekabea izan zen?

Ikaragarria. Irteten ikusi nituenean, zigarro bat erretzera zihoazela pentsatu nuen... Ahoa bete hortz geratu ginen; baina ez EAE-ANVkook bakarrik, denak.

Telefono deiren bat jaso zutela zabaldu da.

Bai, baina ez dakit hala izan zen. Dozena bat ordezkari zeuden eta, bat-batean, alde egin zuten.

Hitz egin duzue haiekin?

Badugu asmoa, baina oraindik ez dugu egin. EAJren barruan eztabaida dute UEMAren inguruan, badakigu hori. Oraingoz, hiru kargu horiek hutsik uztea erabaki dugu, eta EAJri eskaintza egitea: atea zabal-zabalik dute. Baina haiek ikusi behar dute UEMAn sinesten duten, serio lan egin nahi duten. Dena den, EAJren erabakiak badu bere alde ona: geratu garenok gogoz lan egiteko borondatea daukagu.

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako udalerriei ateak ireki nahi dizkiozue. Nola egin, hori da gakoa.

Ez da erraza. Erabakia hartuta daukagu eragileei eta erakundeei Mankomunitatea aurkezteko, eta, 2008tik aurrera, udalerri euskaldunei sartzeko gonbita egiteko. Askok ez gaituzte ezagutzen, ez dakite UEMA zer den, eta ziur gaude ezagutuko balute Mankomunitatean sartzeko aukera egingo luketela. Ipar Euskal Herrikoei dagokienez, egun juridikoki ez da posible halakorik, Estatu frantsesaren «menpeko» diren heinean ezin baitute parte hartu. Nola ahalbidetu daitekeen aztertzen ari gara, izaera aldatuta agian, partzuergo moduan-edo. Beharrezko aldaketa juridikoak egiteko prest gaude.

50 udalerrik osatzen dute egun UEMA. Lau urte barru, kopurua zein izatea nahiko zenuke?

Gustatu, biztanleen %70etik gora euskalduna duten 140 udalerriak egotea gustatuko litzaidake. Hori da helburua.

Helburu bai, baina lau urte barrurako...

Aurreko legegintzaldian udalerri bakarra sartu zen, Alegia. Emaitza kaskarra da. Datozen lau urteotan 10-15 bat sartzea lortzen badugu, pozik egon gaitezke. Eta hurrengoan beste horrenbeste sartzen badira...

 


Utzi iruzkina: