Herri oso baten aurkako epaiketaren aurrean... guk independentzia!
Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Euskal Herrian egiten ari diren atxiloketek garbi erakusten dute euskaldunok baditugula inoiz baino arrazoi gehiago independentziaren aldeko apustua egiteko. Espainiako Gobernua herri honi horixe eskaintzen ari zaio: Espainiako Konstituzioa eta errepresioa.
Espainiako Gobernuak Franco hil eta gero inposatu ziguten zatiketa eta ukazioarekin jarraitzeko apustu irmoa egin du, eta Euskal Herriaren eskubideak urratzen dituen egungo marko politikoa gainditzeko aukerari ezetz esan dio, proposamen horrek independentziari ateak irekitzen dizkiolako. Eta bide bakarra eskaini dio herri honi: Espainiako Konstituzioa eta errepresioa. Hain zuzen, PSOE, errepresioaren bitartez, Euskal Herriarentzat proiektu independentista baten aukera indargabetu nahi du.
18/98 sumarioa eta orain ematen ari diren atxiloketak ez dira urrats isolatuak. Urte luzez Euskal Herriaren independentzia bultzatzen duen mugimendu politikoaren aurkako jazarpenaren segida da. Azken batean, euskal herritarren eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso estrukturala baitago horren oinarrian.
Epaitegi eta legedi bereziaz baliaturik, euskal herritarren hitza isilarazi nahi dute. Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideak bermatuko dituen marko demokratiko baten alde lanean ari diren eragile, komunikabide, instituzio eta antolakundeak desagerrarazi nahi dituzte. Independentziaren aldeko egitasmoak espetxeratu nahi dituzte.
Baina berriro okertuko dira pentsatzen badute ezker abertzalearekin dutela arazoa. Sakoneko arazoa herri honekin daukate. Zapaterok badaki suntsitu ezin duen herria dela Euskal Herria, eta horretan saiatzen bada, bere aurrekoak bezala, huts egingo du. Herri honek ondo ezagutzen du errepresioa: 36ko gerra, frankismoa, gerra zikina, erbestea, espetxea, dispertsioa, atxiloketak, inkomunikazioa, tortura, ilegalizazioak, debekuak, egunkarien itxierak, isunak... Baina ez gerrak, ez frankismoak, ez PPk, ez poliziak, ez salbuespenezko epaitegiak, eta ez PSOEk ezin izan dute eta ezingo dute euskal independentismoarekin amaitu.
Ez errepresioak ez iruzur politiko berriek ez dute gatazka politikoa konponduko. Eta PSOE berriro erratuko da inposizioarekin, ukazioarekin, Euskal Herriaren erabakitze eskubideari ezetz esanez, eta ezker abertzalea jazarriz aldaketa politikorako aukerak itxiko dituela uste badu.
Urteetan zehar egindako borrokak, ukazioan oinarritutako marko hau gaindituz, herriaren zein herritarren eskubideak errespetatuko diren marko berri bat lortzeko aukera erreala sortu digu. Euskal Herriaren hitza eta erabakiaren errespetuan oinarrituko den etorkizun aske bat eraikitzeko aukera bat. Euskal Herrian proiektu politiko guztiak, independentziarena barne, posible egingo dituen marko berri bat eraikitzeko aukera bat, alegia.
Ikusten ari garen bezala, Euskal Herriari ez diote beste biderik uzten. Espainia eta Frantziarekin kateak hautsi, eta independentziaren bidean lanean jarraitu behar dugu. Hori da gure hautua, eta horretan gaude.
Amaitzeko, atxiloketa hauek salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten diogu euskal gizarteari.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: