EUSKAL HERRIA, NAZIO BAT, SELEKZIO BAT, FEDERAZIO BAT

antzubloga 1456130951231 antzubloga | 2008-12-23 14:50

EUSKAL HERRIA, NAZIO BAT, SELEKZIO BAT, FEDERAZIO BAT

Urteak eta urteak daramatza Euskal Herriak bere selekzio nazionalen ofizialtasuna aldarrikatzen" Horren lekuko da ESAIT, azken 13 hauetan horretan ari delako buru belarri. Egun, inork ez du zalantzan jartzen euskal herritar gehiengo handi batek, Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzen duela. Iaz, abenduaren 29an, Bilbon, Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat lelopean ESAITek antolatutako ekimena horren adibidea besterik ez da.
Duela 12 hilabeteko ekimena antolatzeko erabili genituen arrazoien artean, espainiar eta frantziar Estatuetako Gobernuek euskal selekzioaren aurka daramaten jarrera lotsagarria salatzea zegoen.
Egun, tamalez, bi Estatuen aldetik datorren ukazio horrek bere horretan jarraitzen duelako. Gainera, 16/2006 dekretuaren ondorioz, Euskal Herriko kirolari ororen eskubideak ez dira bermatzen. Euskadiko Federazioek antolatzen dituzten txapelketa edo euskal selekzioak lehiatzeko dituzten aukera murritzetan ere, EAEko lizentzia ez duten Ipar Euskal Herriko edo Nafarroa Garaiko kirolariak baztertuak izaten direlako. Guzti hau Euskadiren izenean egiten da.

AURREKARIAK. AKORDIOAREN ONDORIOAK

Iaz, Euskadiko Federazioak eta Euskal Herriko futbol jokalarien ordezkariek, futbol selekzioari Euskal Herria izena jartzea erabaki zuten. Erabakiak euskal gizartearen gehiengo handi baten babesa jaso zuen. Baina izenaz gain, akordioaren garrantzia edukietan zegoen; nazioartean euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko urratsak ematea eta Euskal Herriko kirolarientzat egitura nazionalak martxan jartzearen aldeko konpromisoan oinarritzen baitzen.

ATZERAPAUSORIK EZ

Aurtengoan, jokalariekin hitz egin gabe, norbaitek selekzioari Euskadi izena jartzea erabaki du. Horren aurrean, partida hauetako benetako protagonistak diren futbol jokalariek atzera pausu horri ezetz esatea egitea erabaki zuten. Nahiz eta partida jokatu dedin euren eskuetan egon den guztia egin duten. Beraz, aurten Euskal Herriko futbol selekzioak Irango selekzioaren aurka jokatzen ez badu, ez da inolaz ere, Euskal Herriko futbol jokalarien errua izango. Erantzule nagusiak kirol eremutik kanpo eskua sartu duten horiek izan dira. Eurak izan baitira Euskal Herriko selekzioari aurten ateak ixtea erabaki dutenak. Beraz, zentzu horretan euskal herriko jokalariek eta kirolariek azaldutako KONPROMISOARI errespetua izatea eskatzen dugu, ez dagoelako eskubiderik, inongo errurik gabe, jasotzen ari diren egurra jasotzeko. ESAITek babesa emateaz gain txalotu egiten du beraien jarrera, euskal herriko selekzioaren ofizialtasunaren etorkizunerako eredu bihurtu direlako. AUPA zuek

AURRERA BEGIRA

Euskal Herriko futbol jokalariek eta Euskal Herriko kirolariek sinatutako agiria, oso garrantzitsua izan arren, abiapuntua besterik ez da nazioartean ofizialtasuna lortzeko eman behar diren urratsen artean. Zalantzarik gabe etorkizunaren norabidea marrazteko balio dezake, baina tamalez, oraindik ez da nahikoa nazioartean Euskal Herria bere selekzio propioarekin aritzeko. Dena egiteko dago. Beraz, zintzotasunez jokatu behar dugu, konpromisoak hartzeko garaia delako, kirol selekzioa, guztiona, herriarena delako.

ADIERAZPENA

ESAITek, ( Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea ) eta gaur hemen bildutako alderdi politiko ezberdinek, hausnarketa hau egin ondoren, publikoki honakoa adierazi nahi dugu:
1- Euskal Herria, nazio bat da. Zazpi herrialdez osaturiko nazioa: Araba, Bizkaia Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Nazio bat den heinean, Nazioarteko txapelketa ofizialetan jokatzeko eskubidea du. Ondorioz, guk dagokion eskubide hori aldarrikatzen dugu.
2- Zazpi herrialdez osatutako Nazio bat garen heinean, herrialde guztietako kirolariak bere baitan hartuko dituzten kirol egitura nazionalak behar ditugu. Kirol federazio nazionalak, hain zuzen. Egun ezinbestekoa da, Euskal Herriko kirol egitura horien sorrera. Beraz, lehen urratsak norabide horretan eman behar ditugu.
3- Euskal Herriko Futbolariek eta Euskal Herriko Kirolariek sinatutako agiriarekin bat egiten dugu. Zentzu horretan, gure babesa eskaintzeaz gain, gure konpromisoa azaltzen dugu, euskal selekzioaren ofizialtasuna eta federazio nazionalen aldeko norabidean, elkarlanean aritzeko.
4- ESAITek ( Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea) abenduaren 27an Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat, federazio bat leloarekin antolatutako manifestazioarekin bat egiteaz gain, ekimen hori bultzatzeko eta babesteko konpromisoa hartzen dugu. Euskal Herria,


Utzi iruzkina: