AUTODETERMINAZIOA KONPONBIDE!!
Gazte irlandar eta kurduek autodeterminazioa galdegin dute Euskal Herriarentzat
Egungo Europako egituraketa instituzionalean, herriek lekurik ez dutela deritzote gazteek eta horren adibide, Irlandan, Eskozian, Flandesen, Turkian edota Montenegron dauden egoerak ekarri zituzten gogora. Eraikuntza ereduaren oinarrian «estatu nazioen gainean antolaturiko egitura instituzionala» dagoela nabarmendu zuten prentsaurrekoan.
Alta, egitura horretan bertan gatazka horiek termino demokratikoetan gainditzeko baldintzak sortuko lituzkeen tresna erabilgarria badagoela uste dute irlandar eta Kurdistango gazteek. Autodeterminazio eskubidea hain zuzen ere. Horren lekuko Irlandako afera azaldu zuten Ogra Sinn Feinekoek,. Haien ustez, «autodeterminazio eskubidearen inplementazioak gatazka hau konpontzeko duen baliagarritasuna erakutsi du».
Autodeterminazio eskubideak oinarrian «herri baten, eta honi dagokion zilegitasun politikoaren onarpena» dakarrela deritzote. Horrexegatik, azken hamarkadetan Europan izan diren gatazka politiko eta armatu gehienen erresoluzioa eskubide horren gauzatzearekin etor zitekeela adierazi zuten. Gurera etorri, eta Euskal Herriak «une berezia» duela deritzote bisitan ditugun gazteek.
Haien ustez, gatazkaren behin betiko konponbiderako oinarriak mahai gainean daude une hauetan eta haien arabera, gako horiek Euskal Herria onartzea eta erabakitzeko eskubidea dira. Horiek hala, «Irlandako esperientziatik abiatuz eta Kurdistango auziari erantzuteko erabilgarri» deritzotelako, bi gazte taldeek euren atxikimendua erakutsi zioten Batasunak Uztaritzen eta Anaitasunean aurkezturiko proposamenari.