Uropinda

No profile photo antzinakeriak | 2014-03-14 07:10

Oso gazte ginela, anaia eta biok telebistaren aurrean, orduko TVEko Telediarioa ikusten ari ginen (TVE besterik ez zegoen orduan). Orain bezela, orduan ere kirolak eta eguraldia ziren berrien azken atalak, eta orain ez bezela, mendiko ate problematikoen zerrenda ematen zuten telebistan ere. Probintzietako zerrenda alfabetikoaren arabera sailkatuta zetozen  "cerrados" eta "con cadenas" zeuden mendateak, eta azkena Bizkaia (Vizcaya, noski). Eta esatariak: "y en Vizcaya, Uropinda".

   Lehen momentuan, begirada tentel bana gurutzatu genuen elkar, "zer esan du honek" pentsatu eta esan, eta derrepentean anaiak ulertu zuen ( ni baino zaharrago eta argiago, bera) eta algaraka hasi zen "Eskuz idatzitako Urquiola irakurri du. Ez du izena ezagutzen eta bere modura hartu du idatzitakoa ".

   Beste batean "en la calle Codorniz" entzun nuen, Bilbaoko Gordoniz kalea adierazteko.
       
   Pasadizo hauek beti buruan, ordutik hona, besteentzat idazten dudan bakoitzean, letra larriz idazten dut izen propioak, horrelakorik gerta ez dakidan. Etorkizunean arazoa gutxituko da, esemesak eta guasapak dira orain komunikatzeko bideak, eskuzko letrak baino. Azkenean ahaztuko dugu kurtsibaz idazten.

   Hankasartze ederrak eskaintzen dizkigu oraindik lehengo idazkerak. Beste batean kontatuko dizuet arlo honetako beste anekdota sabrosoegia. Erraza da gero, hizkiak nahastea.

   Eta horrela gertatzen zaie ere abizenei. 1863 eta 1873 urteen tartean Gabriel Saenz de Viteri eta Prudencia Ibarguchi lau seme-alabak izan zituzten Legutianon, eta bosgarrena Elosun. Azken honen innskripzioan, norbaitek bere irakurketa egin du eta Prudenciari "Ibarguelu" bat opari egin dio.


Utzi iruzkina: