Kirurgia onomastiko estetikoa

No profile photo antzinakeriak | 2014-02-09 12:44

   Agian ikasketak zientzietan egin nuelako, zenbakiak lagun, eta humanitateetatik urrun, betidanik liluratu nau linguistikak. Terra incognita hori erakargarria izan dut beti, hizkuntzen eboluzioaren arloa, batez ere.
Nire erdaltasunetik ikusitako andaluzera bezain bitxia egiten zait nire erdi-euskaltasunetik entzundako bizkaiera.


   Eta bizkaiera diot, euskalkien artean aldatutakoena iruditzen baitzait, bere egitura formaletik ahozko formara horren aldenduta, "orain egin behar dot" hasita "oñ iñ biot" ailegatzera. Baxenafartarrei euren arteko hizkera entzun diedanean, askoz txikiagoa sumatu dut diferentzia.


    Oporretan nagoenean, igandea tokatzen zaidan lekuan, elizara joateko ohitura izaten dut, ez mezatara (dexente egon naiz  zeregin horretan bizitzan zehar) predikaziotara baizik, bertoko hizkera formala ezagutzeko. Apaizak dira, hizkuntza minorizatuen eremuan, leku askotan, hizkera formala egiten duten bakarrek (edo ia bakarrek). Segorben, Grazaleman, Vielhan, Verinen edo Arizkunen gogoko dut predikazioa entzutea.


    Urteetan zehar, herriak aldatzen zuena, apaizek bere horretan mantendu dute. Askotan, baserri baten izena desitxuratzen den bitartean, hari lotutako abizenak jatorrizko egituran jarraitzen du elizako liburuetan.


    Horregaitik harritzen naute apaizen akatsek. Herriko ahozkerak engainatuta agian, kultismoak bultzatutako abizenak edertzeko joera akaso, hemen dago Abadiñoko apaizaren (edo apaizen) bitxikeria:

Jose Maria Mendiguchia Olañeta eta Maria Galzubeta Mendizabal, bederatzi seme-alaben gurasoak izan ziren Abadiñon. Azken alabari "gutxia" handitzeko edo, apaizak abizena aldatu zion.

1829-05-01     Felipa, Mendiguchia, Galzubeta    
1831-08-22     Ypolito Pedro Maria, Mendiguchia, Galzubeta    
1834-08-10     Maria Lorenza, Mendiguchia, Galzubeta    
1837-01-06     Gaspara Josefa, Mendiguchia, Galzubeta
1839-04-15     Tiburcio Valeriano, Mendiguchia, Galzubeta    
1841-08-27     Teresa, Mendiguchia, Galzubeta    
1844-02-14     Balentin, Mendiguchia, Galzubeta    
1846-11-05     Francisca, Mendiguchia, Galzubeta    
1849-11-17     Getrudis, Mendicoechea, Galzubeta    

Eta  ezkontzako orduan mantendu zion aldaketa. Francisca ahizpari ostera, ez zion "guchia" kendu.

1867-04-27     Justo Balanzategui Gorosabal eta  Francisca Mendiguchia Galzubeta         
1869-10-07     Ramon Asaguirre Bunichaga eta  Gertrudis Mendicoechea Galsubeta        

Anaia nagusia, Ypolito Pedro María, Maria Albisua Mecolalderekin ezkondu zen, eta familia horretan ere gertatu zen nahastea. Ikus ezazue nola idazten ziren seme-alaben bateoak:
 
1857-12-26     Maria Estefana, Mendicoechea, Albisua        
1860-07-15     Jose Enrique, Mendicoechea, Albisua    
1861-12-20     Dominica, Mendicoechea, Albisua    
1864-03-24     Victoriana, Mendicoechea, Albisua    
1866-01-26     Paula, Mendicoechea, Albisua    
1870-04-24     Maria Concepcion Gregoria, Mendiguchia, Albisua    
1870-04-24     Jorge Florencio, Mendiguchia, Albisua    
1872-01-12     Juana Teodosia, Mendiguchia, Albizua

Abadiñon gertatua.


Utzi iruzkina: