bertsolaritza

antropologia 1456130916436 antropologia | 2008-12-16 12:40

 

ZER DA BERTSOA?

 

Xabier Amurizak bi puntutan honela laburbiltzen du bertsolaritza:

 

Neurriz eta errimaz

kantatzea hitza

horra hor zer kirol mota

den bertsolaritza.

 

Era berean, Joxerra Garzia, Andoni Egaña eta Jon Sarasuaren Bat-bateko bertsolaritza liburuan, kantatuz, errimatuz eta neurtuz burutzen den berbaldi bat bezala definitzen da. Doinua, errima eta neurria bertsoaren alderdi teknikoak baino ez dira, hala ere. "Bertsoari kalitate maila bere arrazoibidearen indarrak edo bere balio poetiko-erretorikoek emango diote".

 

 

BERTSOLARITZAREN HISTORIA

 

Historiaurrea

 

Gaur egun ezagutzen dugun bat-bateko bertsolaritzaren laginik zaharrena XIX. mende hasierakoa bada ere, pentsa liteke ahozkotasunaren fenomenoak historiaurrean duela jatorria. Izan ere, homo sapiens-ak bere izatearen %95 igaro du idaztea zer den jakin gabe. Historialari adituen arabera, ahozko tradizioa orain 10.000 urte jaio zen: "Gizakiaren bilakaerak lau urrats ditu: ehiztaria, artzaina, nekazaria eta olagizona. Bertsolaritzaren abiapuntua artzain-aroan koka genezake, historiaurrean, ezbairik gabe."

 

Ordutik XV. mendera arte, profazadoreak (plazaz plaza eta herriz herri ibiltzen ziren emakume abeslariak) eta erostagileak (gudu-kantuak eta eresiak egiten zituzten kantariak) izango dira, hiletariekin batera, ahozkotasunaren enbaxadore nagusiak. Horren seinale, Al-Makari historialari arabiarrak IX. mendean euskal emakume esklaboak aipatzen ditu: "erraz bereiz litezke, kantuz bikainak baitira, itxuraz dotoreak, ongi heziak eta kulturaz jantziak."

 

XIV. gizaldia "andere inprobisatzaileen" mendea izan omen zen Esteban Garibayk (1533-1599) geroari azaldu bezala. Ahozko tradizioaren bitartez jasotako aurreko bi mendeetako gertakariak bildu zituen historialariak. Berarekin batera, beste batzuek gordetako altxor dira: Lasturko Miliaren heriotzari buruzko bertsoak (XV. mende hasiera), Aramaioko kantua (1443), Berdabioko semearena, Urrexolako kantua (1434-1449), data zehatzik gabeko kopla-sortak, etab.

 

Garibay, Zaldibia eta Isasti izan ziren, beraz, XVI. mendera arte ahoz aho transmititutako kantu zaharrak bildu zituzten lehen historialariak. Kantu epikoak dira batzuk, eresiak besteak, emakumeek senide eta lagun maitatuen heriotzei (ankerrak eta bortitzak, orokorrean) eginak. Horien artean, aipagarria da Berterretxen Kantoria, 1440koa izanagatik, 1870. urtera arte ez baita paperean jasoko Salaberry folkloristari esker.


Ikerketen arabera, esan daiteke kopla Erdi Aroan indarrean zegoen neurria dela. Eskekoa zein ez, bertsoaren anaiak ez zuen huts egiten Euskal Herriko (batez ere Bizkaiko) jaiegun eta ospakizunetan. Asko eta asko buruz ikasitako koplak baziren ere, errepikak bat-batekotasunari bide ematen zion, gaur egun oraindik egiten den moduan. Edonola ere, ahozko tradizioak errotik eraldatu ditu gaurkotasunera iritsi diren koplak eta ezin jakin liteke zein den jatorrizko oinarria.

Aipamen zaharrenak

 

Ordura arteko aipamen guztiek bertso, eresia eta kantu epikoen izatea frogatzen dute, baina 1452. urtera arte itxaron beharko dugu ahozko jardunaren lehen aztarna erabakigarriak izateko. Bizkaiko Foru Zaharrak bi aipu egiten ditu emakume inprobisatzaileei buruz. Testuko gaztelaniak legearen zorroztasuna adierazten du:

 

35. titulua. 6. legea. "En qué manera se puede hacer llanto y poner luto por los difuntos... Ordenaron, y establecían por ley, que de aquí adelante cuando quiera que alguno muere en Vizcaya [...] no sea osado de hacer llanto alguno mesándose los cabellos, ni rasgándose la cara, ni descubriendo la cabeza, ni haga llantos cantando, ni tomen luto de marraga, so pena de mil maravedíes a cada uno que lo contrario hiciere por cada vez."


8. titulua. 1. legea. "... y sobre mujeres, que son conocidas por desvergonzadas, y revolvedoras de vecindades, y ponen coplas, y cantares a manera de libelo infamatorio (que el Fuero llama profazadas)."

 

Mende bat beranduago, 1545ean, Trentoko Kontzilioak bat egin zuen Bizkaiko Legearekin emakumeen aurka: Paulo Deunaren "mulieres taceant in Ecclesia" (Isil bitez andreak Elizan) esaldiak berehalako eragina izan zuen Euskal Herrian ere.

 

Urte berean euskal literatura jaioko da: Bernart Etcheparek Lingua Vasconum Primitiae euskarazko lehen liburua idatzi zuen 1545ean. Bertan bertso eta kantu ugari ageri da; pentsa daitekeenez, ahozkotik idatzirako lehen pausoa da. Bigarrena Joan Lazarragak eman zuen 1567an; artzain-ipuin, kantu epiko eta maitasun bertsoz osatutako ehun orrialde izkiriatu zituen, jakin gabe 2004. urtean argia ikusiko zutela.

 

Argi denez, ezer gutxi jakin liteke orduko bat-batekotasunaren egoerari buruz. Hala ere, aski da jakitea bazela; izan ere, magnetofoia agertu artean, zaila suertatuko baita bertsolaritzaren adibideren bat ematea, ahoz ahoko memoriak, transmisio-bide honen fidagarritasuna kontuan izanda, 1801eko saio bat gordetzea erabaki arte.

 

 

Lehen bertso-saioa

 

Fernando Amezketarrak Azpeitian 1799an kantatutako bi bertso gorde badira ere, 1801ean saio izugarri bat izan omen zen Villabonan. 4.000 ikusle bildu ziren herriko plazan Zabala eta Txabalategiren bertso-gudua ikusteko. Bosna ontza urre jokatu zituzten bertsolariek; Txabalategik Aizarnazabalgo sakristaua eraman zuen epaile gisa, Zabalak Fernando Bengoetxea (Amezketarra) herrikidea eta Billabonako alkateak Jose Mendizabal apaiza izendatu zuen boz erabakitzaile. Askorik, ordea, ezin izan zuten erabaki, ez bazen izan historiako lehenengo bertso-berdinketa (horra saioa gogoratzeko arrazoia). Orduko saioetatik salbatutako bertsoak zortziko eta bederatziko txikiak dira batez ere. Izugarria da garai honetako bertsolarien ezagutza teknikoa. Neurri estuan erraztasun handia sumatzen zaie, berezko errimategi oparoaz gain. Bi oholtza ezartzen ziren plaza edo eremu zabaletan, eszenatoki bakoitzak aurkari bana har zezan.

 

 

XVIII. mendeko lehen berrogei urtean nagusi izango dira bertso-guduak; herrietako agintarien artean bertsoekiko bi jarrera azalduko dira: Gipuzkoako herri batzuek bertso-guduak antolatu egingo dituzte, beste batzuek bertso-saioak isunez eta zigorrez astinduko dituzten bitartean. Esan beharra dago orduko egoera oso aldakorra zela Euskal Herri osoan zehar: Bizkaian eta Araba iparraldean koplaritzari esker bizi zen bat-bateko jarduna; Zuberoan herriak eta herriak bilduko dira pastoraletara; Nafarroako eta Arabako zati handi batean (hegoaldean) Romanceroa izango da hurbilen gera litekeen adierazpena; eta Bizkaiko ekialdetik Lapurdi eta Nafarroaraino, atzerriko kulturen babesean, bertsolaritzak garapen egokiena izateko ekosistema aurkituko du.

 

Edonola ere, ekosistema horren hedadura uste duguna baino zabalagoa zen. Horren adibide Bautista de Gamizen izkribuak dauzkagu XVII-XVIII. mende artean Araban, edo 1870ean Zeferino Lopez de Ilarraza karlistak idatzitako bertsoak, beste sorta anonimo batekin Araian jasoak.

 

Fernando Amezketarra (1754-1823), Zabala, Txabalategi eta Izuela (1780-1837) orduko bertsolari ezagunenak dira. Pastor Izuelak, bertso-gaitasun handien artean, memoria paregabea omen zuen. Historiaren istorioek gorde dutenaren arabera, Izuelak parte hartutako bertso-gudu batean Urdanetako bertsolaria aurkariarekin berdinduta gelditu zen. Garaile bakarra izan asmoz, epaileek saioko bertso oro berriz kantatzeko agindu zieten bertsolariei eta Pastor Izuelak lehenago botatako 50 bertsoak kantatu omen zituen berriz. Aro honetan ere koka genezake Nafarroako Bertsolaritzaren lehen aztarna, Martin Olaetxeak 1830ean kantatuko bertso bati esker. Edozein kasutan, bertsolaritza nafarra ez da "ofizialki" 1936. urtera arte agertuko, Euskal Herriko Txapelketara arte, hain zuzen ere.

 

Bertsolaria eskolatu gabea da, ez du inolako ikasketarik: irakurtzea idaztea bezain arrotza egiten zaio. Baserri-girokoak dira ezagutzen direnak, herri hizkeraz mintzo direnak, herrikide eta ahaideen soiltasunaz ari direnak.

 

 

Aldarrikapenak eta berrikuntzak

 

Edozein kasutan, bertsolaritza gizarteari erabat loturik dagoen fenomenoa izaki, Karlistadek (1833-1839, 1872-1876) nolabaiteko eragina izango dute baita bertsolariengan ere. Euskal gizartea zatituta dago. Aldarrikapenek gora egiten dute eta jendeak ez dauka dibertitzeko astirik. Aldarriak zabaltzeko, ordea, bertsopaperek bat-batekoek baino lan hobea egingo dute. Ideia beraren kopiak eta kopiak hedatzea bertso bera plazaz plaza errepikatzea baino errazagoa da. Bertso jarriek, beraz, sekulako loraldia izango dute, bertso-guduek behera egingo duten bitartean.

 

Bertsopaperen susperraldiaren beste arrazoietako bat denbora bera izan zen, edo hobeki esanda, garapena: industrializazioa, lurrun-makina, trena... berrikuntzek talka egin arren gizartearekin, bertso jarriek kolpea leundu eta aldi berean publizitate-biderik onena bilatzen zioten. Orduko bertsolari eskolatu gabeek ez zekiten idazten eta senide, lagun edo ezagun baten premia izaten zuten buruan egositako bertsoak papereratzeko (eta ildo beretik sortuko ziren bertsopaper-saltzaileak).

 

Xenpelar (1835-1869), Iparragirre (1820-1881), Bilintx (1831-1876) eta Pierre Topet "Etxahun" (1786-1862) izan daitezke sasoi horretako bertsolari gogoangarrienak. Xenpelar bat-bateko bertsogintzaren adierazgarri izan liteke; Iparragirrek gitarraz lagundutako buruan gordetako bertsoak zabaldu zituen; Bilintxek bertsopaperen langa altxatu zuen (Xenpelarrekin batera, jakina); eta Etxahunek Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren egoera bizia islatzen du.

 

Txirritak ez zuen Antonio Canovas del Castillo espainiar ministroa atsegin; Foruak galdu zituen egun berean sortu omen zen euskal abertzaletasuna. Jakina, aldez aurreko aldarriak asko izan baziren, askoz gehiago izango dira 1876-1935 bitartean sortuko direnak. Beraz, bertsopaperek loraldi ederrean jarraituko dute gerratik gerrarako tartean, batez ere Txirrita eta Pello Otaño bertsolariei esker.

 

Bestalde, ez dugu jakingo zein zen orduko bat-bateko jardunen egoera zehatza, baina ondo baino hobeto dakigu bat-bateko bertsoek gora egin zutela berriz Lore-jokoei esker. Jokook ahozko literatura eta poesia bultzatzeko sortutako lehiaketak ziren. Lehena Tolosa okzitaniarrean egin omen zen 1324an, poesia probentzala suspertzeko. Mende batzuk beranduago, Antoine d'Abbadie zientzialari eta filantropoak Euskal Herrira inportatu zituen, Urruñara hain zuzen. 1853an sortu eta mende erdiz bat-bateko bertsolaritzaren gotorleku izan ziren. Era berean, bilkura horiek bertsolariak euren betiko ingurutik ateratzeko arrazoi bihurtu ziren. Gainera, epaile eta sarien presentziak bertsoen maila hobearazi zuen, batzutan epaiekin konforme egon ez arren. Bertsolari kopuruak ere gora egin zuen halako festa-egun handietan.


Bat-batekotik idatzira, aipatzekoa da bertsolaritzak historiaren kronika egiteko hartzen duen lekua. Aurretik ere, bertsoa berrikuntza, gertakizun eta aldaketa oro esplikatzen ahalegintzen zen. Txirritak, esaterako, ezin hobeto deskribatzen digu bere gizartea, ingurua eta orduko egoera, bertsopaperetako gai bihurtu baitzituen honakoak: Foruen Galera, Kubako Gerra (1898), I. Mundu Gerra, Bigarren Karlistada, Antonio Canovas del Castillo (1828-1897) espainiar ministroaren hilketa; kirolak, estropadak, boxe oa (Uzkudun, EH vs. Joe Louis, AEB); erlijioa, bizimodu eliztarra, Aita Santua, Goizuetako misioak, Adan eta Eva; gizarte gaiak, nekazarien lana, Pasaiako portuko grebak, euskaldunen emigrazioa Ameriketara, etab.

Industrializazioa gai eta tresna izatera pasatu zen pixkanaka, bertsolariak ere garapenaren trenera igo baitziren. Abertzaletasunaren sorrera eta aldaketa politikoak bilakaera bide ugari izan zituzten. Euskarari dagokionez, aipatzekoa da Sabino Aranak (1865-1903) sortu eta bultzatutako teoriek, besteak beste, kalte handia egingo diote bertsolaritzari. Izan ere, garbizalekeriak Gipuzkoako bertsolari eskolatu gabea gutxietsi zuen, baserri-giroko hizkerak atzerriko hitzak erabiltzen baitzituen ikasketa eza nolabait estaltzeko.

Garai honetan eskaeraren araberako bertso jarriak sortuko dira ere. Pello Errotak, esaterako, ezkongaiek eta ezkonduek eskatutako bertso-sorta asko osatu zituen.

 

 

Ostatutik oholtzara

 

Noizean behineko Lore-jokoez gain, bat-bateko bertsolaritzaren ohiko adieraztokia sagardotegi, taberna eta ostatuak ziren. Bertsolaria bufoi eskolatu gabea da, jendea dibertitzeko mozkorra. Modu horretan, bere gurasoen ostatuan ezagutu zuen bertsolaritza Basarrik (1913-1999) eta beste askok bezala, bat-bateko arte hura taberna zulotik atera beharra zegoela pentsatu zuen. Berak baino lehen, ordea, Kepa Enbeitak (1878-1942) eta Pello Otañok (1857-1910) duintasun kutsuz zipriztinduko dute bertsoa. Otañoren bertso-idatzien zuzentasuna, egokitasuna eta Enbeitaren plaza-gizon izaera eta gaiari heltzeko dinatasuna bertsolaritza-mota berri baten oinarria izango dira.

 

Hortaz, errealitatea moldatu nahian, Jose Aristimuño "Aitzol" (1896-1936), Manuel Lekuona (1894-1987), Juan Jose Makazaga (1887-1963), Basarri (1913-1999) eta beste zenbaitek (Euskaltzaleak taldearen sorrera ere kontuan izan behar da) piztutako mugimenduaren lehen fruitua Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehen edizioa izan zen. Bertsolaritzaren "profesionalizazioaren" lehen urratsa zen, bertsoa tabernatik kalera, plazara, frontoira, antzokira, zinema eta elizara ateratzeko.

 

Txapelketak gauza ugari aldarazi zituen:

 

Gai-jartzailea: ordura arteko gai errealistak fikziozko gai izatera pasatu ziren. Fikzio hurbila, jakina. Orduko bertsolarien ustez, gai-jartzaile eta emaileak bertsolarien artean aukeratu behar ziren, gaiak bertsotan eman behar baitziren, esaterako. Gai-jartzaileen aitzindaria Aitzol bera izan zen.

 

Antolakuntza: erakunde edo talderen batek txapelketaren antolakuntzaren kargu egin behar zuen. 1935eko txapelketara eremu zehatz bateko bertsolariak baino ez bazituzten deitu ere, ondorengo txapelketetan oso garrantzitsua izango da talde jakin batzuen laguntza.

Epailetza: bertso-guduetako epaileen lana zaila izaten baldin bazen (hau da, bi kideren arteko bat hautatzea garaile), hainbat kide bilduko dituen txapelketak sailkapena egiteko sistemak garatu beharko ditu pixkanaka.

 

Bestalde, aipatu beharra dago txapelketako saioak orduko sagardotegi eta tabernetako saio amaiezinak laburtzea suposatzen zuela, antolatu eta egituratzeaz gain. Aipatutakoekin batera, Uztapide, Balendin Enbeita eta Lazkao Txiki bertsolariak azpimarra genitzake aro berri honetan.

 1935eko txapelketa Bertsolaritzaren "profesionalizazioak" irabazi zuen Basarrirekin batera eta erronkako bertsolaritzak, Txirritak, bosgarren postu soil bat onartu behar izan zuen. Urte betera, aldiz, Txirritak Euskal Herriko txapela jantzi zuen, epaileetako batek Uztapidek argi eta garbi merezi zuela azaldu zion arren Manuel Olaizolari; Txirrita hiltzear zegoen baina. 1937an txapelketarik izan balitz berak irabaziko zukeen, baldin eta Basarrik berriz gai-jartzaile lana egin izan balu eta Francok bertsolaritza ilunpera bultzatu izan ez balu. Zoritxarrez, Gerra Zibila piztu zen Txirrita hil eta gutxira, frontera bidaltzeko semerik gabe.

 

1940-1950 urte bitartean zentsura nagusi izan zen Francisco Franco (1892-1975) "Caudilloaren" diktadurapean. Zigor eta isunekiko beldurra zabaldu zen: gai politikorik ezin zen aipatu. Bertsolaritzak, beraz, ezin zuen bere izaera aldarrikapen eta kronika egilea gauzatu. "Kristalezko eskaileran ibiltzen jakin behar" zuen bertsolariak. Itzalpean, klandestinitatean, Basarri eta Uztapide bikoteak Euskal Herriko plaza askotan jardungo du, zailtasun handiz beti ere.

Bertsogintza soziala

 

1960tik aurrera, txapelketetatik aparte, bertsolaritza errepresio sozialaren aurkako aldarrikapen bide bihurtuko da. Protekzionismoa desagertu ahala, Lopategi eta Azpillaga hegoaldean (beheko argazkian), eta Xalbador eta Mattin iparraldean bat-bateko bertsolaritza aldarrikapen adierazpide gisa erabiliko dute. Abesti eta bertsogintza kulturaren defentsarako tresna dira herriarentzat: Ez dok hamairu taldeak, esaterako, euskal kulturaren bizi ezina azalduko du behin eta berriro, bertsolariek plazaz plaza bezala. Edozein kasutan, 1968-1980 urte bitartean euskal kulturak zailtasun handiak izan zituen baita bizirauteko ere.

 

Oro har, esan genezake 1935 eta 1968 urte bitartean bat-bateko jarduna gizartean errotzen dela astiro-astiro. Lehen txapelketez gain, bertsoak leku txiki bat lortuko du hedabideetan, irrati eta aldizkarietan, esaterako.


Diktaduraren bukaerak indarrez ireki zuen kultura egarri zen herriaren bertso-botila. Euskal Herriko Txapelketa (lehenago Campeonato Mundial de Versolaris deitua) 1980an berrantolatu zen eta Xabier Amurizak bi alditan irabazi zuen, 1980 eta 1982an. Laurogeiko hamarkadako txapelketak, ordea, oso bestelakoak ziren hirurogeiko hamarkadakoekin alderatuta. Ordura arteko bertsozalego homogeneoa gero eta heterogeneoagoa izango da, bertsolaritzak bere jarduera-eremua gero eta gehiago zabaldu beharko duelarik.      

        

Bertsolaritza errepresio sozialaren aurkako aldarrikapen bide bihurtuko da. Lopategi eta Azpillaga eta Xalbador eta Mattin, bat-bateko bertsolaritza aldarrikapen adierazpide gisa erabiliko dute.         

 

 

Egungo errealitatea

 

1977. urtetik aurrera, jaialdiek gora egin zuten. Bertsolari eskoletako lehen belaunaldiak plazaratzen dira: Sarasua, Euzkitze… Amurizaren ekarpena zeharo onuragarria da hortaz. Bertsoak telebista, irrati eta egunkarietara salto egiten du eta bertsozaleriak inoizko kopururik handienak lortzen ditu. Bertsoa publizitatea egiteko tresna izango da ere. Mendez mende egin bezala, bertsoak bete-betean asmatzen du nola moldatu garai berrira: bertso-tramak, bertso-musikatuak... Gaiak eta bertsolariak sofistikatu egiten dira: 1997ko txapelketan parte hartu zuten 47 bertsolarietako 26 unibertsitateko ikasleak ziren.

 

Euskaldun berritasunaren fenomenoa Euskal Herriko errealitatearen parte da. Bertsolaritza baserritik hirira jaisten da, argibide-liburua besapean duela. Xabier Amurizak, Manuel Lekuonak ezarritako oinarri teorikotik abiatuta, bertsolarien mitoa hezurmamituko du: Hitzaren Kirol Nazionala liburuak (bertsotan ikasteko metodoa) edo Hiztegi Errimatuak (bertsotan erabiltzen den hoskidetasunaren sistematizazioa) gizaki ororengandik hurbil jartzen dute bertsolari izatea. Ordura arteko magia-trikimailuen azalpena egin zuen: bertsolaria egin beharra zegoen, inoiz oholtza gainera jaiotzeko.


Bertso-eskolen sorrera masiboa aro honetakoa da ere (laurogeiko hamarkada). Lehenago Muxikako Garriko eskolan biltzen ziren Bizkaiko Busturia aldeko zenbait bertsolari (Enbeitatarren gidaritzapean); Aretxabaletan ere jende ugari bildu zuen 1974an abian jarritako taldeak... baina gaur egungo eskola gehienak ez dira 1981 ingurura arte sortuko; horien artean Arantzazu Loidi azalduko da, Kristina Mardarasekin batera hainbat mendez isildutako emakumeen ahotsa berpiztu dadin.

 

Gerra Zibil osteko txapelketak Euskaltzaindiak antolatzen zituen, baina 1985. urtean desadostasuna piztu zen bertsolari eta antolakuntzaren artean. Negoziazio eta eztabaida luzeen ondoren, 1986an Euskal Herriko Bertsolarien Elkartea sortuko da (gerora Bertsozaleena izango dena), urte horretan bertan txapelketaren antolakuntza bere gain har dezan. 1991an Xenpelar Dokumentazio Zentroa sortu zuen Bertsozale Elkarteak, bertsogintzaren dokumentu bilketari ekiteko eta handik urte batzuetara Lanku enpresaren sorrera bultzatuko du, enpresak bertsolaritzaren hedapenaren alde lan egin dezan.


Plazetako bertsolariak gero eta gazteagoak izango dira, gero eta bertsolaritza gazte eta urbanoagoaren alde: Unai Iturriaga, Igor Elortza, Maialen Lujanbio... Hortik aurrera, bertsolaritzaren historia eguneroko bizitza da eta kale, plaza, antzoki, areto, irrati, web gune, aldizkari eta edozein lekutan aurki liteke.

 

Scripta manent, verba volant.

 

Bertso saioak (adibiderako):

 

*Jaialdia: 4 bertsolari edo gehiago gai-jartzailearekin

 

*Plaza libreakoa: 2-3 bertsolari, librean, plazan, jaietan...

 

*Lagun artekoa: Jatordu giroan edo antzekoetan gehienbat.

 

*Txapelketa: Bat-batekoak: Euskal Herrikoa, Herrialdeetakoak edo eskolartekoa.

 

*Sariketak: Bat-batekoak: elkarteek, udalek antolatuak motibo jakin baten inguruan jokatzen direnak.

 

*Hitzaldiak: Bertsolaritza gai izanik, edozein markotan antolatuak.

 

*Ekitaldipekoak: Bertsotarako ez den ekitaldian egindako saioak (omenaldi, ezkontza...)

*Bereziak: Saio musikatuak, esperimentalak eta bertso jarriekin eginak

 

*Gainerakoak: Aurreko sailetan sartzen ez direnak.

 

 

BERTSOLARITZAREN TOKIA EUSKARAREN      KOMUNITATEAN

 

Euskal kultur jardunean bizi-bizirik dagoen agerpenetakoa da bertsolaritza. 1993an(15) egin zen azterketa soziologikoak eman diezaguke bertsolaritzak gure hiztun komunitatean duen lekuaren ikuspegi orokorra: euskal hiztunen %15ak oso bertsozaletzat du bere burua, %35ak bertsozaletzat eta beste %28ak nolabaiteko zaletasuna duela adierazten du. Guztiak batuz %78a egiten dute. Esan beharra dago honetaz dugun ikerketa serio bakarra bertsolaritzaren gailurreko boladan egin zela, eta datuak apalduak izango direla urte batzuk geroago, baina bertsolaritzak gizartean duen isla eta onarpenaren erreferentzia bezala balio diezaguke.

 

Ikerketak dio hiru zirkulu konzentrikotan bana daitekeela bertsotarako zaletasuna euskal komunitatean. Zirkulurik zentralenean, gunerik zaletuenean, badago aski masa kritiko bertsolaritzarako agenteen etorkizuneko harrobia ziurtatzeko (bertsolari, gai-jartzaile, kritiko, epaile, irakasle, antolatzaile, bertsozale engaiatu). Bada, beraz, kultur jardun honen etorkizuna segurtatuko duen muina.

 

Euskararen komunitatearen baitan gaur egun bertsolaritzak duen sustraitze-maila ez da kasualitatez sortua. Batetik, badu oinarri historikoa, bertsolaritzak euskal herrietan duen tokia ez da oraingoa. Baina, bestetik, azken 25 urteotan bertsolari belaunaldi batek bertsogintza odolberritzeko egin duten ahaleginaren emaitza ere bada, eta, batez ere, azken 15 urteotan bertsolaritza kolektibo bezala gidatu duten bertsolari, bertsozale eta antolatzaile belaunaldi batek garatu duten estrategia soziokulturalaren emaitza.

 

EGUNGO BERTSOLARITZAREN ADIERAZMAILAK

 

IKUSGARRI EDO SAIO PUBLIKOA

 

Gaurko bertsolaritzaren maila gorena, erdigunea, ikusgarri edo ikuskizun moduan duen adierazmaila da. Urtero 1200 bertso-saio inguru antolatzen dira euskararen geografian zehar. Saio hauek ez dute denek formaltasun maila bera: hirietako zinematoki edo antzokietatik hasi eta herriko jaietako plazako saioetaraino doaz, pilotalekuetako saioetatik eta bertso-afarietatik pasata. Emanaldi hauetan gutxienez bi bertsolarik eta gehienez zortzik hartzen dute parte, antolatzaileek horretan diharduten 100 bertsolari ingurutik aukeratuta (nahiz eta deituenak 20 inguru izango diren).

        

Deituenak diren bertsolarien adina 23 urte eta Joxe Agirrerenaren artekoa da. Bertsolari multzorik trinkoena 30 eta 45 urte bitartean dagoen belaunaldiak osatzen du une honetan.


Bertsolaritzaren jendaurreko saio hauen artean hainbat mota bereiz ditzakegu:

• Gai-jartzaile batek gidatutako emanaldia.

• Bi edo hiru bertsolariren arteko saio librea, hasi eta buka bertsolariek berek gidatzen dutena aipatu beharreko gaiak proposatzen dituen gidaririk gabe.

• Mahai ondoko emanaldia, espresuki horretarako antolatzen diren otorduen ondoren.

• Bestelako ospakizunetako saio osagarriak: hiletak, ezkontzak, inaugurazioak, ekitaldi politikoak, omenaldiak, beste hainbat gizarte ekitaldi… Formatu berriak: bertso-tramak, bertso-tranpak, saio esperimentalak…

 

 

SARIKETA ETA TXAPELKETA


Jendaurreko emanaldien adierazpen berezi bat bertsolarien arteko sariketa edo txapelketena da. Puntuaketa baten bitartez sariak banatzen dituen epaimahai baten aurrean lehiatzen dira bertsolariak. Sariketa eta txapelketa hauek haur mailan, gazte mailan, bailaraka nahiz herrialdeka jokatzen dira eta lau urtez behin antolatzen den bertso lehiaketa gorena da denen gailurra, Euskal Herriko Txapelketa Nagusia.

 

*Txapelketak zenbatero:

   /Bizkaia: 2 urtero

   /Gipuzkoa: 4 urtero

   /Araba: urtero

   /Nafarroa: urtero

 

 

TALDEKO JARDUN LUDIKO EZ-FORMALA: BERTSOESKOLA

 

Bertsolaritzaren beste adierazmaila bat talde-jolasa da, tokian-tokiko bertso-eskoletan garatzen den ahozko jardun ludikoa. Jardun informalagoa da, sagardotegi, ostatu eta baserrietan tradizio luzea duena eta gaur egun hiri eta herrietan berariaz sortzen diren talde edo bertso-eskoletan egiten dena. Bertsolaritzaren adierazpenik espontaneoena da berau, eta, beste aldetik, bertsolaritzaren biharko eragileak sortuko dituen oinarrizko egitura.

 

Bertso-eskola esaten denean ez da ulertu behar nagusiki akademia modura, pedagogia funtzioaz gain sarritan eta bereziki talde-bertsotarako guneak izaten baitira ezer baino lehen. Izaera ezberdineko bertso-eskolak ditugu, hala ere: batzuk informalagoak, besteak etorkizuneko bertsolariak zailtzeko eta trebatzeko asmo zehatzagoarekin jokatzen dutenak. Nolanahi ere, hezkuntza arautuan egiten den bertsolaritzaren irakaskuntzatik haratago, gune hauek bat-bateko bertsogintza taldean lantzen eta gozatzen dute, eta bertsolaritzaren inguruko beste hainbat jardun garatzen dituzte.

 

 

IRAKASKUNTZA OROKORREKO EDUKI ETA ARIKETA

 

1981 urtean lehen pausoak ematen hasita, nagusiki azken urteotan lehen eta bigarren mailetako irakaskuntza orokorrean sartu da bertsolaritza. Ez da orokorra baina bai aski hedatua bertsolaritza hizkuntza edo literaturaren irakaskuntzarako eduki eta osagarri bezala erabiltzea. Saiakera eta esperientzia asko egin izan dira, batzuetan irakasleek bakarka eramanak, beste batzuetan Ikastolen Elkarteetan edota beste eskola-sareetan bereziki gai hori koordinatzeko profesionalen eskutik eginak. Material didaktiko sorta nahiko zabala bada dagoeneko argitaratua (liburu formatuan, kasetetan ala hizkuntza lantzeko testu-liburuetan eduki edo ariketa osagarri gisa). Une honetan eskolako hizkuntza formakuntzan bertsolaritzak egin dezakeen ekarpenari buruzko planteamendu pedagogiko berriak garatzen ari dira, batez ere belaunaldi berrietan nabari diren ahozko adierazpeneko hutsuneak betetzera bideratuak.

 

 

HEDABIDEETAKO AZPI-GENEROA

 

Bertsolaritzak ikus-entzunezko hedabideetako azpi-genero gisa ere badu bere tokia, irrati eta telebistako programa berezien bidez. Nagusiki bertso-saioetako grabazioak hedatzen dituzten astean behingo programak dira, bilduma komentatuak eskaintzen dituztenak. Jarduera honek tradizio luzeagoa du irratietan, 30 urte baino gehiago dira bertsoak irratiz zabaltzen direla. Telebista duela 10 urte inguru hasi zen frogak egiten. Gaur egun, Euskal Telebistak astero antenaratzen duen Hitzetik Hortzera bertsolaritzari buruzko programa klasiko bilakatua da dagoeneko.

 

*HITZETIK HORTZERAKO HISTORIA

 

Programak garai hauek izan ditu:

 

1988- 1989

Ahotik Ahora izenburupean eta hileroko maiztasunez emititzen zen. Gehienbat telebistaz grabatzeko antolatutako saioak emititu ziren. Hasier Etxeberria zen zuzendaria.

 

1989 – 1994

Joxerra Garziaren zuzendaritzapean diseinu eta izen berriko programa sortu zen. Hitzetik Hortzera programak ohiko bertso-plazan kantatutako bat-bateko bertsoak hartu zituen oinarri, horren gaineko iruzkin kritikoak eta beste zenbait atal desberdinekin tartekatuz.

 

1995-1996-1997

Telebistarekin izandako desadostasun batzuk tarteko eten egin zen emisioa.

 

1997-1999

1997ko Txapelketa Nagusiarekin itzultzen da programa, Maite Odriozola zuzendari eta Iñigo Aiestaran aurkezle dituela.

 

1999-2005

Josu Goikoetxeak bete ditu programaren zuzendaritza eta aurkezletza-lanak. Hasieran Arantxa Hirigoienen laguntzarekin eta gerora bakarrik. Urte horietan guztietan, bat bateko saioak eskaintzeaz gain, beste hainbat alor jorratu da: elkarrizketak, bertso musikatuak, bertso jarriak, bertsolariek bizi izandako pasarteak, zuzeneko emanaldiak...

 

2005-GAUR ARTE

Duela bi denboraldi Saroi Jauregik hartu zion lekukoa Josu Goikoetxeari. Igandero emititzen duten programan Martin Aramendiren lagunaza izaten du. Zuzendaria, berriz, Felix Irazustabarrena da.

 

 

HAINBAT EZAUGARRI IRADOKITZAILE

 

SERIEKO ERREPRODUKZIORIK EZA

 

Zuzenean emandako kanta bat ez da sekula aurreko aldikotik berdin-berdina, baina kanta bera da, beste noizbait sortutako ekoizpen baten hainbatgarren erreprodukzioa. Eta gauza bera antzerki eta bestelako kultur-adierazpenetan.

 

Bertsolaritza da –eta honetan datza bere ekarpena eta bere muga ere- inolako serieko erreprodukziotan oinarritzen ez diren jendaurreko kultur-adierazpen gutxietako bat. Bertso-saio bat horixe baita bereziki, lehenago ad-hoc ekoiztutako ezer ere ez erreproduzitzea. Bere muina bat-batekotasuna da, gunean guneko eta unean uneko originaltasun erradikala. Bertsolarien sorkuntza errepikaezina da: une iragankor batean sortzeko gaitasunak ematen dio zentzua bertsoari. Iragankortasun atzeraezinezko horretan, bat-batean ari denaren amildegi txiki horretan du zentzua bertsoak, hor sortzen dira bai lastoaren arruntasuna eta bai alearen miraria.

 

ENTZULEAREN ESKU-HARTZEA ETA FEEDBACK-A

 

Bertso-saioetan entzuleriaren erantzunak, edo erantzun horretaz igorleak jasotzen duen berrelikadura edo feedback delakoak leku garrantzitsua du. Ikusgarri publiko guztietan da komenigarria erantzuna edo feedbacka. Ikusgarria bat-batekotasunean oinarritzen denean, ordea, une-gune horretako errepikaezintasunean, sortzaile eta entzulearen artean gertatzen denak garrantzi berezia hartzen du. Bertsogintzan ikusle eta entzulearen erreakzioak, begiak, txaloak, barreak, isiltasunak… sortzailearentzat lehentasunezko inputak dira. Ekoizpenaren muinean bertan eragiten dute, hau inprobisatua eta une-gunean gertatzen denari atxikia baita.

 

Jendaurreko bertso-emanaldietan entzuleak saioaren emaitzan duen eskuartzea berezia da: sorkuntzaren garapenean entzulearen erantzunak eragin nabarmena du, errokoa. Azken batean, ingurunea sorkuntzarako oinarrizko osagaia da bertso-saioetan.

 

 

ZER KANTATZEN DU BERTSOLARIAK?

 

Gurea bezalako gizarte batean bertsolaritzak sorrarazten duen erantzun sozialaren gakoetako bat entzuleria heterogeneo eta berriarengana iristen diren edukiak kantatzea da. Entzule nagusiki hiritarra, gazteria unibertsitarioa, jende bidaiatzailea… Entzuleria zabal eta aldakorra. Zer kantatzen du bertsolariak gaurko entzulearengana nolabaiteko arrakastaz iristeko?

 

Bertsolariak gizarte-bizitzako alderdi orori buruz kantatzen du printzipioz. Horixe da oraingo bertsolaritzaren gako garrantzitsuenetako bat: bizitza kantatzen duela. Ez bakarrik gai bezala printzipioz arlorik baztertzen ez duelako, baizik eta espresuki saiatzen delako bizitzaren arlo oro aipagarri bilakatzen, edozeri buruz inprobisatzen.

 

 

BELAUNALDIEN TRANSMISIOA

 

Bertsolaritzaren mugimenduak azken bi hamarkada hauetan belaunaldi gazteenganako transmisioaren aldeko apustu nabarmena egin du. Bertsoa sustatzeko ekintza guztiek etengabe izan dute gogoan bertsolari gazteei bideak ematea.

 

Bertsolaritza irakaskuntzan txertatzeko lan handia egin da azken hogei urteotan. Bertso-eskola eta bertso-talde berriak sustatu dira. Eta, batez ere, aurrera joateko gaitasuna erakutsi duten gazteei arreta berezia jarri zaie. Horrekin guztiarekin entzule gazteen artean zaletasuna ere finkatu egin da, bertsolariek (batzuk eurak bezain gazteak) beren kezka eta gustuei erantzuten dietela ohartzen baitira. Ereindako haziak fruituak eman dituela esan liteke.

 

BERTSOZALE ELKARTEA

 

Bertsozale Elkarteak 1.400 bazkide ditu. Euskal Herriko lurraldeetan deszentralizatua dago: Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Araba eta Iparraldean elkarte federatu bana dago martxan, eta guztien artean osatzen dute Euskal Herriko elkartea. Bertsolaritzaren inguruko hainbat eragile biltzen ditu (bertsolariak, bertso-jartzaileak, gai-jartzaileak, epaileak, irakasleak, antolatzaileak, bertsozale engaiatuak), guztien artean estrategiak marraztu eta hainbat esparrutan ekintzak aurrera ateratzeko: Dokumentazio Zentroaren kudeaketa, hedabide eta erakundeekiko negoziazioak, txapelketak, ekitaldi bereziak, bertso-eskolen koordinazioa, ikerketa, argitalpenak, nazioarteko harremanak eta abar eta abar.


1986ko hasiera hartatik argi zegoen ez zela bertsolarien elkartea. Elkartea bultzatzen eta bertako zereginetan pisuaren zati handia bertsolari ez diren bertsozaleek izan dute eta dute. Hau ikuspegi kualitatibotik hala bada, zer esanik ez kuantitatibotik, elkarteko 1.400 bazkidetatik apenas baitira 200 bertsolariak, eta hauetatik hogeikoren bat une honetan elitean dabiltzanak. Hala ere gizarteak hasieran bertsolarien elkarte moduan ulertu zuen, izenak ere (Bertsolari Elkartea) hartarako bidea ematen bai zuen. Izenaren eta izanaren arteko desoreka hau hausten hasteko izena aldatu zitzaion 1995ean: Euskal Herriko Bertsozale Elkartea.

 

Bertsozale Elkartearen ikurra, Jorge Oteizak elkartearen eskuan jarria.

 

*BERTSOLARITZA KULTUR PROIEKTUAREN ARDATZAK

 

Elkartearen ibilbidean, hasierako 'bertsolaritza bultzatu nahi' hartatik proiektu sendoago bat mamituz joan da pixkanaka.3 ardatz ditu proiektu horrek: transmisioa, bilketa-ikerketa eta hedapena. Eta sentsibilitate osagarri bat: lurraldetasuna.

 

Hona hemen proiektuko ardatzak edo, beste era batera esanda, Bertsozale Elkartearen lan-ildoak:

 

• Transmisioa: Belaunaldi berrietara bertsolaritzaren transmisioa ziurtatzea du ipar. Bi lan-ildo nagusi ditu alor honek: batetik, irakaskuntza arautuan txertatutako bertsolaritzaren jarraipena egitea eta, bestetik, bertso-eskolak. Euskal Herriko hezkuntzan bertsolaritzak eta, zabalago hartuta, bertsolaritzak eta ahozko sorkuntza artistikoek egin behar duten ekarpena ikertzea eta sekuentzia didaktikoak eskaintzea da Elkarteak esku artean duen lanetako bat. Bestetik, eskola arautuaz kanpoko bertso-eskolen koordinazioak ahalegin berezia eskatzen du, izan ere, euskal herrietan zehar hedaturik dauden bertso-eskola hauek baitira gaurko eta biharko bertsolaritza mugimenduaren gune eta hazitoki.

 

• Hedapena: Bertsolaritzaren hedapen eutsia eta orekatua lortzea du ipar lan-ildo honek. Kontua ez da besterik gabe eta ‘zenbat eta gehiago, hobe’ lelopean bertsoa hedatzea, baizik eta modu eutsigarri batean zaletasuna sendotzea. Hainbat frente kontuan izatea eskatzen du: hedabideetan bertsolaritzak izan dezakeen presentzia zaintzea, lurraldean lurraldeko bertsolaritza sustatzea, saio bereziak antolatzea, txapelketak egitea, argitalpenak ateratzea eta, oro har, hedapenarekin zer ikusia duten ekimenak martxan jartzea.

 

• Bilketa-ikerketa: Hirugarren ardatzaren iparra bertsolaritza ikerketaren eta dokumentazioaren alorrean txertatzea da. Bertsolaritzaren emaitzak modu ez orokor baina bai sistematikoan biltzen eta kultur-arlo hau gaur eta biharko ikerbideetan sartzen hasia dago. Bertsolaritza jakingai eta aztergai izan dadin oinarrizko tresna nagusia Xenpelar Dokumentazio Zentroa da. Elkartearen apustu estrategikoa da, zalantzarik gabe: 20000 dokumentutik gorako bilduma osatua dute dagoeneko. 1997tik aurrera, Elkarteak bidearen zati bat bakarrik eginda gero, hainbat erakunde publikok ere parte hartzen dute beronen finantziazioan. Xenpelar dugu, gainera, atzerriko beste zentro, ikerlari eta esperientziekin harremanak bideratzeko plataforma egokia. Bestetik, hirugarren ardatz nagusi honetan sartzen dira bertsolaritzaren inguruko ikerketa eta gogoeta bultzatzeko beste hainbat ekintza: Bertsolamintza Jardunaldiak, UEU eta EHUko Udako Ikastaroetan egindako Topaketak, ikerketa bereziak eta abar. Bertsolaritzaren ikerketa-politika marraztea, oro har, lan-ildo honi dagokio.

 

• Lurraldetasuna: euskararen lurraldea da bertsolaritzarena. Hasieratik Euskal Herri osoko jendea inplikatu da Bertsozale Elkartean. Iparraldean, Gipuzkoan, Araban, Bizkaian eta Nafarroan antolakuntza bana sortu da. Une honetan EHBE bost elkarte horien bilgunea da. Izan ere Bizkaiko Bertsozale Elkartea, Arabako Bertsozale Elkartea, Nafarroako Bertsozale Elkartea, Iparraldeko Bertsularien Lagunak eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak federazio bidez gorpuzten dute EHBE. Antolakuntzaz aparte helburuetan ere lurraldetasuna beti presente dago: euskararen osasuna ahulen dagoen lekuetan ahalegin eta inbertsio bereziak egitea dagokio Bertsozale Elkarteari.


 

SORKUNTZA PROZESUA

 

Bat-bateko bertsoa, izenak berak ere hala dio, bat-batean sortzen da.

 

Bertsolariarentzat bat-batean aritzea bere sentimenduak eta ideiak azaltzeko era bat da. Eta era hori aspalditik datorren kultur ondarearen zati gisara jaso du gaztetxotatik. Bertsolariarentzat bat-batean jardutea, bere buruarekin eta inguruarekin duen harremana ulertzeko modua da; joko-arauak dituen modu jolastia.

 

Bat-bateko bertsoak badu magia itxurarik baina ez da magia. Entzuleak adi egongo dira bertsolariak kapelatik untxi txuria noiz aterako. Baina badakite kapelak ez duela ezkutuko atalik; gehienez ere bertsolariaren arrazoiketarako eta kanturako gaitasuna. Bertsoak bat-batean botatzen dituenak ez du erabiliko inolako tranpa edo trukurik. Ez da injenio izugarri baten edo talentu neurriz gaineko baten emaitza ere.

 

Paradoxa badirudi ere, bat-batean aritzea oso ongi planifikaturiko ekintza da bertsolariaren kasuan. Aldez aurretik trebatu da une jakin batean sor daitezkeen antzeko egoeren aurrean bat-bateko erantzun bat emateko. Bat-bateko bertsogintzaren arauak bereganatu ditu oso (doinuak, errimak, neurriak…) eta bereganatze horren ondorioz zenbait arau galera eta zailtasun gertatu beharrean, askeago sortu ahal izateko erabiliko ditu. Ohitu da inguruko orori begia eta belarria itsasten, ikusia eta entzuna buruan gorde eta buruan ordenatzen, bat-batean aritu behar duen unean baliagarri gerta dakion.

 

Azken batean, bertsolariarena, pilatze eta hornitze lana da lehenik eta behin. Almazena bete eta ordenatu egin beharko du, unerik egokienean erakusleiho txukun eta erakargarria atondu ahal izateko. Jakineko kontua da erabat bat-batekorik ez dela. Hutsetik abiaturiko berbaldirik nekez osatuko du inork. Orduan zertan datza bat-bateko bertsogintzaren erakargarritasuna? Gainerako arte-ekimenetan ez bezala, bat-bateko bertsogintzan aldi berean egiten da sortu eta sormenaren emaitza erakutsi. Bertsolaria sortuz doan ahala ari da entzulea sormenaren emaitza jasotzen.

 

FORMARI DAGOZKIONAK

 

Bertsoa berbaldi bat da, kantatuz, errimatuz eta neurtuz burutzen dena. Berbaldi bakoitzak, edukiak eduki, beti izango du doinu bat, errima bat eta neurri bat.

 

*DOINUA

 

Bertsolaria musika-tresnarik gabe aritzen da. Baina bere berbaldia beti da berbaldi kantatua.

Erabiltzen dituen doinuak gehienetan, usadiotik datozenak dira, autore jakinik gabeko doinuak, mendez mende herriak gorde dituenak. Badira beste doinu batzuk bertako kantariei ikasiak, edota kanpoko kantariei hartuak, beti ere neurriz parera baldin badatoz. Eta badira bertsolarien eskariz musikariren batek propio sortutako doinuak ere.

 

Bertsolariek darabiltzaten doinu kopuruari dagokionez, Juanito Dorronsorok, arlo honetan dugun ikertzailerik behinenak, 2.775 bildu eta sailkatu ditu.

 

Musikaren laguntzarik gabeko berbaldi batean, bertsolariaren ahotsa garrantzitsu bihurtzen da bere berbaldiaren edukiak adierazteko orduan. XX. mendearen erdi aldea arte bertsolariak nahitaez behar zuen ahots sendo indartsua edozein plazatan aritu nahi bazuen. Gerora, bozgorailuen iritsierarekin, baldintza horri leundu egin zitzaion ezinbestekotasuna.

 

Egun, ahots indartsu edo ahots ona baino garrantzia handiagoa du une bakoitzean, leku bakoitzean eta eduki jakin bakoitza adierazteko kantaera egokia erabiltzen asmatzeak. Komunikazioaren arrakasta edo porrota ez dago bertsolariaren ahotsaren kalitatearen baitan, aukeraturiko doinuaren eta hura kantatzeko moduaren egokitasunean baizik.

 

Izan ere, aipaturiko 2.775 doinu horietan, batzuk badira sentimendu epiko indartsuak adierazteko egokiak; beste batzuk sentimendu dramatikoak adierazteko dira pare-parekoak; kontaerarako egokiak direnak badira; eta baita deskripziorako aukera ematen dutenak ere. Esan nahi den hura esan-indarrez adierazi ahal izateko doinuaren aukeraketa da alderdirik erabakigarrienetakoa bertsotako komunikazio harremanean.

 

*NEURRIA

 

Bertsolariak bertsoa neurri jakin bati atxikia osatzen du. Edo neurri jakin batzuei, zehazkiago esanda.

 

Bertsolariak, bat-batean ari delarik, ez du sekula silaba kopurua zenbatzen. Badaki kantuan hasi aurretik aukeraturiko doinua ze neurritakoa den. Doinua luze-laburtu gabe ari bada, badaki zenbatu gabe ere zenbat silaba sartzen ari den oin bakoitzeko.

 

Neurria da bertsolariari buru-hausterik gehien sortzen dion alderdietariko bat. Ongi neurtuko dugu edo gaizki; ez da erdibiderik. Badira halere, doinu jakinen batzuk, ohituraren poderioz 7/6 egin ordez 8/6 egiten dena. Baina doinu gutxi dira eta inork ez dauka oso argi horrelakoetan legeak edo ohiturak hartu behar lukeen gaina.

 

Bertsolariaren aldez aurretiko prestakuntzarako ere, neurria da alderdirik gaitzena. Errimak, doinuak eta edukiak berak ere har daitezke buruan, gorde, ordenatu, egokitu… une jakin batean erabili ahal izateko. Neurriarekin ez da horrelakorik gertatzen. Neurrian ondo jarduteko jardun egin behar du. Beti jardunean aritzeak ziurtasun handia ematen badu ere, bat-batean ari denak beti izango du neurrian huts egiteko arriskua.

 

Bat-bateko bertsogintzan gehien erabiltzen diren neurriak honako hauek dira:

 

 

Zortziko handia

Zortziko handia beraz, lau puntutako ahapaldia da. Lerro bakoitzean hamar silaba ditu eta zortzi bikoitzetan, errima-hitza ere azken hauetan doalarik. Errima, berriz, beti sail berekoa izango da. (puntu bakoitzak bi lerro).

 

Hamarreko handia

Zortziko handiaren egitura bera du baina puntu bat (edo bi lerro) erantsiko dizkiogu.

 

Zortziko txikia

Zortziko txikian, zortziko handian bezala, lau puntu eta zortzi lerro izango ditugu, eta errimak lerro bikoitzen bukaeran jarriko. Baina lerro bakoitzaren silaba kopurua aldatuko da. Silaba kopurua urriagoa izatean, berbaldia laburtu egin beharko dugu eta ondorioz neurri-mota hau egokiagoa izango da gehienetan temako egoera bizi eta umoretsuetarako, berbaldi luze dramatiko eta epikoetarako baino. Puntu bakoitzeko lehen lerroak 7 silaba ditu, eta bigarrenak 6.


Hamarreko txikia

Aurrekoaren egitura bera du, baina puntu bat eta errima bat erantsirik.

 

Bestelako zenbait egitura

Arestian aipaturiko ahapaldi-motak dira plazaz plazako jardunean maizen erabiltzen direnak. Badira ordea beste egitura batzuk ere bat-bateko bertsogintzan erabiltzen direnak.

 

Bestelako ahapaldi-mota hauen artean koplak dauzkagu. Koplak, nagusiki eskerako eta errondarako erabiltzen dira eta aspaldikoa da euren jatorria.

 

Koplak, handiaren kasuan Zortziko Handiaren erdia, eta txikiaren kasuan Zortziko Txikiaren erdia dira.

 

Badira egitura berriagoak ere, askotan bertsolariek beraiek sortuak, txapelketetarako gehienean. Zailtasun teknikoaren gailurra topatu nahi izaten da horrelakoetan. Bertsoa luzeagoa, errima gehiago… arrisku handiagoa estrapozo egiteko, baina arrakasta nabarmena bidea ongi burutuz gero. Baina ez da hori egitura berri hauen sorkuntzaren arrazoi bakarra. Egungo bertsolaritza modernoaren ezaugarrietariko bat da, testu luzeagoaren beharra. Bertsolariak bere originaltasuna azaltzeko, bere arrazoibidearen konplexutasuna kokatzeko, gaiarekiko distantzia hartzeko… lekua behar du testuan. Testuak berak hartzen du bertsoaren zama, testuingurua ez delako garai batean bezain gotorra. Hargatik sortu dira azken urteotan egitura luze-zabalagoak.

 

• Egituraz neurri desberdina badute ere, bertso-molde hauetan esaldiaren luze-laburra beti da beretsua. Hamar silaba, edo zortzi edo zazpi edo sei… Horrek esan nahi du bertsolaria ohitua dagoela bere pentsamenduak 10, 8, 7, 6, 5… silabatara ekartzen. Esaldi luzeago edo laburragoek ez diote balio bere lanerako.

 

Neurriari buruzko atal hau amaitzeko, aipagarria da egungo plazaz plazako jardunean bertsoen ehuneko laurogeita hamarra, hasieran azaldutako lau egituretan egiten dela. Hots: Zortziko Handian eta Txikian eta Hamarreko Handian eta Txikian.

 

Koplak eskerako eta errondarako erabiltzen dira gehien, eta gainerako egiturak txapelketa eta jaialdietan.

 

Molde handiko bertsoetan, bertsolariak neurriari dagokion beste arau bat ere bete behar du: etena. Hamar silabako lerroak bosna silabako bi multzotan antolatu beharko ditu bertsolariak, doinu gehien-gehienek hala eskatzen dutelako. Ez dauka hitz bat bost silabako bi multzo horien arteko etenean zangalatrau uzterik. Horrek zailtasuna erantsiko dio bertsogintzari. Bertsolariak ez du aski bere ideiak 10/8 egiturara tolestearekin. 5+5/8 egiturara tolestu behar ditu. Doinua bera izaten da eten-hausteen salatzailerik behinena.

 

Ongi egindako etenaren adibide, honako hau:

 

Gure etxean (5)/ bizi garenak (5)

aita, ama ta lau ume (8).

 

Oker egindako etena berriz, honakoa litzateke:

 

Gure etxeraino (6)/ heldu ziren (4)

aita, ama ta lau ume (8).

 

*ERRIMA

 

Askorentzat errimak osatzen du bertsoaren alderdi teknikoen ardatza.

 

Errima, beti da sail berekoa eta errima-hitzen arteko kontsonantziari balio handia ematen zaio.

 

Hoskidetasun maila izan da sarri errima txarra eta ona bereizteko irizpide bakarra.

 

Burua / Ordua errima pobrea.

Elizan/ Gerizan errima aberatsa.

 

Baina errimaz ari garelarik hoskidetasun maila ez da aintzat hartu beharreko alderdi bakarra. Litekeena da bertsolariarentzat errima, alderdi teknikoaz gain beste zerbait izatea bertsoak osatzerako orduan. Azal dezagun hau astiro: balirudike bertsolariarentzat neurria eta errima bete beharreko baldintza teknikoak direla. Eta, izan, hala dira. Baina horrek ez du esan nahi bertsolariak testu hobeak, osatuagoak, sakonagoak… egingo lituzkeenik joko-arau horietara makurtu behar ez balu. Are gehiago: bertsolari ez den batentzat muga eta zailtasun dena, laguntza-bide izan daiteke trebatua dagoenarentzat. Araupean sortzen trebe den hura baita bertsolaria. Eta erosoago sentitzen da sorkuntza unean joko-arauek hesiturik, erabateko askatasunak ekarriko liokeen hustasunean baino.

 

Bertsolariak ez baitu sekula nahi duen huraxe esaten. Esaten du, neurri batzuen barruan eta buruan bildu dituen errima-hitzekin une jakin batean esateko gai dena.

 

Bertsoa osatzen hasteko unean, bertsolariak kontu handiz aukeratuko du zer errima-hitzekin amaituko duen berbaldia. Sail bereko beste errima-hitz mordoska bat topatu beharko duelako, eta aldez aurretik jakin behar du gai izango den edo ez. Errimak beraz, formalki aberats, erdi-aberats, erdi-pobre edo pobre izateaz gain bertsoaren edukiari berari eragingo dio, bertsolariak zer eta zerekin esan dezakeen neurtu beharko baitu bertso bakoitza hasi aurretik. Bertsolariak esan behar duenaren edukia une hartan buruan dauzkan errima-hitzei egokitu beharko dio.

 

Buruan errima-sail bakoitzaren ordenamendu lana bertsolari denek egiten dute, bakoitzak bere erara, jakinean edo ohartu gabe.


Errima-hitzen ordenamenduak bi abantaila dakarzkio bertsolariari. Batetik, sail desberdinetako hitzak txandaka hartzeak, gramatikalki ere desberdinak diren hitzak erabiltzera bultzatuko du, hartara hitz horien aurretik datozen esaldiak ere desberdinak direlarik formaz. Osaturiko testua biziagoa izango da, eta berbaldia landuagoa.

 

Eta bestetik, ez du hain erraz errima-hitz bera erabiliko. Hots: ez du potorik egingo. Bertsolaritzan errima denak sail berekoak dira (A), eta bertsolariaren trebetasuna sail bereko errima-hitz asko topatzean datza, bakar bat ere errepikatu gabe. Hala ere, ez da pototzat hartzen errima-hitzak formaz berdinak izan arren, adiera desberdinak dituzten kasua.

 

Erabat bestelako kasurik ere eman daiteke. Bertsolari batek bota dezake:

 

Horrek badu garrantzia… badauka inportantzia…

 

Kasu honetan bi errima-hitzak desberdinak dira formaz, nahiz eta elkarren artean hoskidetasuna izan. Baina esanahiari dagokionez guztiz dira parekoak. Poto itxurarik ez duen potoa litzateke hori.

 

BAT-BATEKO BERTSOA OSATZEKO ESTRATEGIA

 

Bat-bateko bertsoak 20 segundotik (kopla) minutu baterako iraupena du (bederatziko nagusia) hor nonbait, beti ere bertsolari bakoitzaren kantaera desberdina dela kontuan harturik.

 

*KOLPEA BUKAERAN

 

Berrogei segundotan nola lor daiteke entzulearen arreta erakartzea? Bertsolariak badu helburu hori erdiesteko estrategia bat, bertsoro erabiliko duena: lehenik bukaera pentsatu.

 

Lehenengo pentsatzen den hura bukaerarako gordetzeak bi onura mota ekarriko dizkio bertsolariari:

 

• Prozedurazkoa: nora joan nahi duen argi badauka, bidea samurrago gertatuko zaio.

 

• Komunikaziorakoa: ongi amaitutako berbaldia arrakastatsua da zuzeneko emanaldi orotan. Hobe da indarge hasi eta indartsu amaitzea, batekoz besterakoa baino.

 

Bertsolariak, prozeduraz, kantuan hasi baino lehen dauzkan segundo gutxi horietan, arrazoi bat pentsatuko du, doinu bat aukeratuko eta pentsatu duen arrazoi hori aukeratu duen doinuaren neurrietara tolestuko du. Edo alderantziz; neurri jakin bateko doinua aukeratuko du, ordurako bere arrazoibidea silaba kopuru jakin batera tolestu duelako. Hori du beti lehen urratsa: bukaerako arrazoia pentsatu eta silaba kopuru jakin batera tolestea.

*ZENBAIT SALBUESPEN

-BARNE BALDINTZAK:

 

• Estrategia orokorra ez jarraitzeko baldintzetariko bat bertsolariaren ezinetik sortua da. Bertsolaria bakarka ari da, edo lagunarekin teman. Eman diote gai bat. Ez du asebetetzen duen inongo arrazoirik aurkitzen. Ez du lehengorik errepikatu nahi. Topikoak gogora ekartzeko ere ez da gai. Denbora aurrera doa. Entzulea urduritzen hasita dago. Denbora badoa… ta nahiz ez dagoen bertsolaria segundo edo minutu kopuru jakin batean hastera behartzen duen inolako araurik, berak badaki hasi beharra daukala. Bukaerarik ez dauka eta hasi beharrean aurkitzen da. Ohiko estrategia nagusia erabiltzerik ez dauka. Horrelakoetan ezinbestean arriskatzea tokatzen zaio bertsolariari; nora doan jakin gabe hasi beharra. Ohiko estrategiak zekartzan onurak oro galdu ditu. Sarerik gabeko jauzia egitera doa. Bertsolari denak aurkitu izan dira egoera honetan behin baino gehiagotan.

 

• Beste salbuespen bat memoriak huts egiten duenean gertatzen da. Bertsolariak pentsatu du amaiera bat. Hasi da kantuan, bukaera horren errima-hitzari men eginez. Badaki nora joan nahi duen eta eroso samar doa. Baina bertsoa osatzen ari dela, eta pentsaturiko zatia eranstea baino falta ez zaionean, bukaerako arrazoia edo arrazoiaren formulazioa ahaztu egin zaizkiola konturatuko da. Bukaera hura gogora ekartzen ahaleginduko da, baina hori ez da erreza aldi berean bertsoa osatuz doanarentzat. Memoriaren bidez pentsatu duen bertso bukaera “ekartzea” lortzen ez badu, une horretan bertan inprobisatu beharko du beste bat. Tamalgarria izaten da bertsolariarentzat kasu hau. Gaia entzun eta kantuan hasi bitarteko segundoak bukaera on bat pentsatzeko erabili baititu. Eta bukaera hori ahaztean, nekez asmatuko du bat-batean beste bat, lehen patxada handiagoz pentsatu ahal izan duen hura baino hobea. Kasu honetan ohiko estrategia darabil bertsolariak, baina une jakin batean huts egiten diolarik, kalte handiagoa sortuko dio mesedea baino.

 

• Bertsolariak bertsoa bere osotasunean pentsa dezake, horretarako nahikoa asti badu. Gero, kantuan hastean, ez du egingo pentsatua ahots ozenez esan baizik. Agurretan, omenaldi-bertsoetan, elizakoetan… horrelako zerbait gertatzen da. Gaztetxoari gertatzen zaio, bere buruarengan konfiantza aski ez duenean. Goitik beheraino, edo behetik goraino pentsatzen du bertsoa lehen hitzak jaurti aurretik.

 

-KANPO BALDINTZAK:

 

• Bertso-jardunean askotan erabiltzen den ariketa da “Puntuari erantzun” deitzen duguna. Bertsoa eraikitzearen ikuspegitik ez du zerikusirik bertsogintzako gainerako ariketekin. Entzulearentzat ez da akaso hain lan berezia izango, baina bertsolariak oso lan berezitzat hartzen du. Ariketa modu honetan, gai-jartzaileak hasiko du bertsoa, puntua jarriz, eta bertsolariak amaitu egin beharko du. Beraz, gai-jartzailearen esku dago gaiaren aukeraketa eta errima-hitzarena ere bai. Bertsolariak bat-batean, gai horri eta errima horretan erantzun beharko dio. Bertsolariak ez du orduan denborarik aski bukaera pentsatu ahal izateko. Braustakoan erantzun behar izango dio gai-jartzailearen galdera edo iradokizunari. Bukaerarik pentsatzerik ez duenez, ezin izango du bertsoa ohiko estrategia erabiliz taxutu. Zerbait erantzun, segi, eta ahal bada indartsu bukatu beharko du gainera. Ariketa honetan ez da lagungarri gerta daitekeen estrategiarik. Hemen, inprobisazio hutsa beste inon baino beharrezkoago da.

 

• Puntuka aritzea da bertso plazatan maiz egiten den beste ariketa bat. Bertso bat osatzen da bi, hiru edo bertsolari gehiagoren artean, bertsolari bakoitzak puntu bana txandaka boteaz. Berbaldia bi lagun edo gehiagoren artean osatzen denez, eta lagunak zer bide hartuko duen sekula jakiten ez denez, ariketa honetan ere ohiko estrategiak ez du balio.

 

TEMAKO JARDUNA, BERTSOLARITZAREN SUSTRAI

 

Teman aritzea deitzen diogu bi bertsolarik bertsoak txandaka boteaz elkarrekin egiten duten jardunari. Litekeena da gai-jartzailerik ez izatea, eta bi bertsolarien lana da orduan saioa nondik nora eraman eta zer gairen inguruan aritu erabakitzea ere. Gai-jartzaile bat bada, bertsolari bakoitzari paper bat edo pertsonaia bat emango dio, eta bertsolariak arrazoiak aurkitu beharko ditu bereari eutsi eta aldi berean aurkariari eraso egiteko.

 

Teman, bertsolariak aurkariak esan dionari erantzun behar dio. Jakinekoa da hori. Aurkariaren arrazoiari jaramonik egin gabe ari den bertsolaria ez da ongi ari. Baina ez da aski ordea defentsarekin. Eraso ere egin behar da. Eta, aurkaria kantuan ari delarik, aski denbora izaten du bertsolariak hurrena kantatuko duen bertsoa pentsatzeko.

 

*GAIRIK JARRI GABEKO BINAKAKO SAIOAK

 

Inork gairik eman gabeko saio hauetan bertsolariak oholtzara igo eta beraiek aurkitu beharko dute gaia. Horretarako non dauden, entzuleria nolakoa den, zer egun den, bilkuraren arrazoia zein den… hartu beharko dituzte kontuan.

 

Horrelako saioetan nabarmentzen da ongien bertsolarien binakako lana zenbateraino den elkar-lan. Oholtzatik jaitsi ahala nekez entzungo diogu bertsolari bati berak saio ona egin duela. Ongi aritzea, entzuleekiko lotura lortzea… biren lana da. Biek egingo dute ongi edota biek probatuko dute porrotaren mingotsa.

 

Era honetako saio bat ongi irten dadin, ezinbestekoa da bertsolariek oholtzara igo aurretik zer ibilbide egin behar duten erabakitzea. Gairik inork ez jartzeak ez du esan nahi gairik gabe aritu behar dutenik. Baina gai horiek pentsatu, asmatu eta adostea komeniko litzateke lanean hasi baino lehen.

 

Lan mota honetan bertsolarien funtzioen banaketak garrantzia handia du. Batek saioaren gidaritza hartuko du. Gaiak aurkituko ditu, bideak irekiko, doinuak aldatuko… Besteak bertsolari-gidari horri segituko dio leial hark jarritako gai, bide eta doinuetan. Atzetik doanak leialtasun hori zor dio aurretik doanari, honek hartzen baitu saioaren nondik norakoaren zama.

 


XALBADOR (1920-1976)

 

Behe Nafarroako Urepel herriko Xalbadorrenea deritzaion baserrian jaio zen Fernando Aire “Xalbador” 1920ko ekainaren 19an. Beste askok bezala, sortetxeari zor dio beraz izena. 11 urte zituenerako utzi eskola eta artzantzara jo zuen maisu frantsesarekin asperturik, eta 14 urtetarako artaldetxo baten kargua zuen bere gain. Gaztetatik elizan kantari dabil, eta Ifarraldeko kantutegi eta doinu ugarien altxor aberatsaren jabe egiten da handik eta hemendik.

 

Gazterik hasten da lagunartean gutiasko bertso kantari, Zaldibiatik hara joandako artzai batek jarritako ohiturari esker. Gero Hernandorena jaunak (gaur egun bere izenean txapelketa bat antolatzen da urtero) bultzatu zuen asko Iparraldeko bertsolaritza, sariketen bidez bertsolari desberdinak elkarganatuz. 28 urte zituenean jantzi zuen lehenbizikoz txapela Saran jokatutako sariketan, eta geroztik esan daiteke gelditu gabe ibili dela bertso kantari herriz herri eta plazaz plaza Euskal Herri osoan zeharm Mattin lagun duelarik, Behe Nafarroako euskalki trinko eta aberatsaren lekuko egokia. Bidasoaren sasi mugaz gaindi gure herriaren bi alderdiak elkarganatzeko bikote paregabea izan da Xalbador eta Mattin.

 

1960ko hamarkadako bertsolari txapelketa nagusietan Basarri eta Uztapideren ondean han zen beti Urepeleko bertsolari sakona norgehiagoka zorrotzean begiak itxita barrenera begira, ondo ulertzen ez zion epaimahai eta entzulegoaren aurrean. Bat-bateko bertsolari aparta, bakardadean hezitako gogoetalari sentibera, bertsolari poeta honek, euskara indartsuz kantatu dizkigu bere sentimendu garbiz jantzitako Euskal Herria, fedea, jaiotetxea, adiskideak, artzain estola, maitasuna… bere buruari gero eta gehiago eskatuz, goi gailurreraino igo da Xalbador bertso idazketan ere, “odolaren mintzoa” delako liburu paregabean agertu digan eran. Beste hariketa batzuez gain, lau aldiz irabazi zuen Euskaltzaindiak eratutako Xenpelar Saria. Gaiari doinua egokitzen ere arretaz saiatu ohi zen.

 

Eta azkenik, heriotza ere egun gogoangarrian etorri zitzaion; 1976ko azaroaren 7an , Urepelen 7 probintzietatik joandako bertsozale eta bertsolari lagunek izugarrizko omenaldia egiten ari zitzaizkiola, eta “gernikako arbola” abesten ari zirela joan zen bat-batean mundu honetatik Leoni Etxebarren emazte maitalearen eskuetan. Hona espiritu hutsa zen bertsolari liriko baten amanera!

Hil aurreko urtean, “ni naiz” gaia emanda, Usurbilen kantatu zuen bat-bateko bertso hau; bihotza gaixo zeukan ordurako.

 

Asko alditan atsegingarri

zuentzat izan beharrez

alaiarena egiten dakit

maitasunaren indarrez,

bainan barrua goibeldua maiz

mundu huntako gaitz txarrez

alai agertzen naizela ere

bihotza daukat negarrez

 

Anai arrebok ez otoi pentsa

nere gustora nagonik

poz gehiago izango nuen

albotik beha egonik

zuek ez bazerate kontentu

errua ez daukat ez nik

(zuek ez bazerate kontentu

errua ez daukat ez nik)

txistuak jo dituzute baina

maite zaituztet orainik!

 

Bertso gogoangarria eta ezaguna; txistuka ari zitzaion entzulegoa txaloka jarri zuena. 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusia jokatzen ari zirelarik, Gorrotxategi, Lazkaotxiki, Lopategi eta xalbador, lau bertsolari hauen artean bat aukeratu behar zen, gero Uztapide txapeldunarekin bakarka jokatzeko azken sainan. Epai mahaikoek Xalbador aukeratu zutenean, txistuka gogor eraso zuen Donostiako Anoeta pilotalekuak eta haren bertso txanda heldu zenean, berriro txistuka etengabe. Xalbador, negarrari ezin eutsirik eta kantatu ezinik minutu luzetan, isilalditxo bat egin denean ekiten dio kantuari urepeldarrak eta bertsoa bukatzen ez dio uzten entzulegoak, baina ez txistuz, txaloz baizik oraingoan. Hura hango zoramena! Eta hau bertsoaren indarra! Txapelketa hartako ale hoberenaren saria eman zioten gero. Garai hartan ez zegoen euskara estandarizaturik, eta hau dela eta hegoaldeko jendeak zailtasunak zituen Xalbadorri ulertzeko, hona hemen txistuen zergatia.

 

 


Utzi iruzkina: