Zubiaurre
Athleticek bost milioi euro ordaindu beharko dizkio Realari Zubiaurregatik
Gaur bukatu da 2005eko uztailean hasi zen auzia. Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du EAEko Auzitegi Nagusiak 2006ko urrian hartutako erabakia.
Espainiako Auzitegi Gorenak gaur
erabaki duenez, Athleticek bost milioi euro ordaindu beharko dizkio
Realari Iban Zubiaurre jokalariagatik. Ia hiru urte iraun du auziak.
2005eko uztailaren 1ean Fernando Lamikiz Athleticeko orduko
presidenteak Zubiaurre klubeko jokalari gisa aurkeztu zuen Ibaiganen.
Zubiaurre ordura arte Realean zen, eta honek auzitara eraman zuen
fitxaketa, jokalariak bere kabuz Donostiako klubarekin zeukan kontratua
hautsi zuelakoan.
Reala kalte-ordain gisa 30 milioi eskatzera iritsi zen, jokalariak
Realean klausula hori zuela zioelako, baina EAEko Auzitegi Nagusiak
2006ko urriaren 18an bost milioiko kopurua jarri zuen, Donostiako
Epaitegiak urte hartako martxoaren 10ean hartutako erabakia berretsiz.
Orain Gorenak Auzitegi Nagusiarena berretsi du.
Helegiteak medio, Auzitegi Gorenera heldu zen kasua. Gaur bukatu da. Gorenak ez ditu hiru aldeek jarritako helegiteak onartu.
Athleticek eta Zubiaurrek Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera izango dute.
Zubiaurre 2007ko otsailean hasi zen jokatzen Athleticekin.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: