Zauriak eta barkamenak

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2008-03-12 13:04



"Gauzak ez dira batzuetan barkamena eskatuz konpontzen, are gehiago, gauzak ezin dira gehienetan horrela konpondu. Memoria dugu. Eta izaera. Erraza da barkatzea, benetan barkatzea, ikusten baldin bada egindako mina benetan sentitzen dela, baina ahaztea beste kontu bat da.

Behin baino gehiagotan onartu dituzu zeure akatsak, zalantza barik nik ere badaukat zer onartu, baina elkarren arteko adin tarteak abantaila pixkat ematen dit. Zure aldean umea naiz, eta umeoi erantzukizunaren zama maiz kentzen zaigu gainetik. Behin baino gehiagotan eskatu didazu barkamena, badakizu gaizki zer egin duzun, eta horregatik, barkatzen dizut, dena dago barkatua. Hala ere, beti daude ahazten zailak diren gauzak, bereziki ulertzen ez direnean. Inor ez da perfektua, sarritan entzun izan dugu hori, eta zeharo barneratua daukagu jada. Denok erratzen gara, ez esan ohi den bezala bizitzako momenturen batean, baizik eta momentu askotan, gehiegitan akaso, etengabe. Baina zein zaila den ulertzen ez diren gauzak onartzea, ahaztea.

Denbora luzean izan dituzu begiak itxita. Oso luzaroan, bai. Eta antza, geroago konturatu zara gertatutakoaz. Ezin zaizu erru osoa zuri leporatu, noski. Dena den, nigatik ezer sentitu ez duen pertsona batengandik ez dut ezer espero behar, ez dut uste inoiz etorriko denik barkamen eske, eta ez dut gainera horrelakorik nahi, ez zait interesatzen. Urte asko izan dira pertsona baten itzalean eman dituzunak, suak erretako urteak, eta jada ezin dira berreskuratu. Zenbait jarrera ezin ditut ulertu, nolatan hainbeste denbora, eta nolatan bide horiek geure artean hildakoa berpizteko. Ez gara berdinak. Ez daukagu antzarik, kalean batera ikusten gaituztenek diotenaren kontra. Zure izaerak eta nireak ez dute zerikusirik, eta agian, hor dago arazoa. Batek daki. Jada egindako pertsona bat naiz eta pasatako urteek mugitzeko espazioa kendu dizute, normala da. Eta normala da ere minduta egotea, baina atzorarte min hori beste batek estaltzen zuen...

Barkatuta zaude. Berriro diotsut, bihotzez, barkatuta zaudela. Baina ez niri eskatu ezinezkorik. Mina ezin da desagerrarazi, eta horrek ere neure izaera egin du, ez eskatu, mesedez, beste pertsona bat izan nadin. Maite zaitut. Esaten ez dizudan arren, zalantzarik ez izan. Ordea, gauzak ezin dira zuk nahi bezala izan beti, ez da zuk espero zenuena ezta? Nik espero nuena ere ez da, baina onartu beharra daukagu, ez dago besterik. Kanpoan eta barruan nik ez nekien noiz egongo zinen, beraz, nire planek ez zeukaten oinarri oso sendorik, horrelakoak gertatu ohi dira. Beti ez dira gauzak irteten nahi dugun moduan, edo uste genuen moduan. Bizitza buelta eta bueltaka dagoen tortilla baten antzerakoa da, batzutan bira traketsa egin eskumuturraz eta tortilla sartaietik lurrera erortzen da, besterik gabe. Eta gu begira geratzen gara, gertatu dena sinestu ezinik, biraoka, astakeriak botatzen tortilla santuari. Ez da tortilla izan, gu izan gara, ez errurik bota tortillari. Soilik, jarraitu aurrera, prestatu afaltzeko beste zerbait, eta kitto. Hori da nik egin dudana, edo behintzat saiatu naizena egiten, afaltzeko beste zerbait prestatzen, aurrera jarraitzen. Zer nahi zenuen ba? Gauetik egunera dena larrosa kolorekoa izatea? Polita izango litzateke, baina gauzak ez dira hain errazak, eta zuk hori badakizu.

Ez nauzu galdu. Izan nintzena da galdu zenuena. Aprobetxatu orain. Utzi atzera begiratzeari, utzi erretako urteen errautsak puzzle bat bailiran osatzeko ahaleginak egiteari, errautsak dira, besterik ez. Oraina da eskuartean daukazuna, eta horri erreparatzen ez badiozu, galdu egingo duzu baita ere. Begiratu aurrean daukazuna, orain naizena, neure buruaz egin dudana eta dutena, eta hortik abiatuta jarraituko dugu aurrera. Ez nazazu tratatu lehengoa banintz bezala, pertsonak aldatzen dira, gustatu ala ez. Oinez ikasitakoan emandako kolpeek azala urratu didate, zuk ez dituzu urradurak ikusten eta uste duzu azala guztiz sano dagoela, laztantzean min egiten didazu baina. Fijatu zaitez, urraduretan eta ikasi dudanetan. Ez ikutu zauriak. Horrela dena joango da hobeto.

Ez da hitz egitea behar duguna, itsukeriarekin bukatzea baizik. Ikustea, bioi bizitzak utzitako markak, ezinbestekoa da hori."


Utzi iruzkina: