Wanted!
Azken aldian pelikula baten barruan sartuta egotearen sentsazio izugarria daukat. Egunkarietan Interpol eta De Juana esaldi berdinetan idatzirik ikusteak fikziozko historiak dakarzkit burura, mundu mailan bilatuena den etsai politiko edo espioi garrantzitsuren baten historia. El mito de Bourne, adibidez. Badirudi Espainiar Estatua damutzen ari dela hain maitea duen bere konstituzioan betiereko kartzela zigorra kontenplatu ez izanaz, eta, orain, edozein trikimailu balio zaie De Juanak kalean ahalik eta denbora laburrena pasa dezan. Baina trikimailu horiek ez dira soilik De Juanarentzat, Estatuarentzako gogaikarria izan daitekeen edozein elementu kartzelaratzeak antza emaitza ona ematen baitie. Horregatik ezin da Otegi urrunegi joan, Interpol-a bi ‘terrorista’ bilatzen jartzea gehiegizkoa dirudi, akaso ahultasun seinalea izango litzateke. Egun, ezin dugu epaile batek terrorismoaren apologia iriz dezakeen ezer esan. Pentsamenduak kontrolatzea, oraindik, ez da posiblea, garezurrak inpultso elektriko horiek estaltzen dituelako, baina ez gabiltza urrun. Askotan kolore guztietako tertulianoak entzun ditut telebistan eta irratian, estatu paternalista bat nahi ez dutela esaten. Hara ba, Estatuaren botereetako batek, judizialak, hain zuzen, apologia delitua inputatzen zaion norbait kondenatzen duen bakoitzean, Estatuak postura paternalista hartzen du. Azalduko dut.
Franco bizirik zegoen garaian, totalitarismo guztietan bezala, erregimenaren kontrako propaganda zabaltzea delitua zen. Traizioa. Izan ere, ez da oso arazo handia lau edo bost errebelde mendietan ibiltzea erregimena erorarazteko asmoz, baina borrokatu nahi duten pertsona gehiegi biltzeak arriskua suposa dezake boterean dagoenarentzat. Apologiaz ari garenean, berdin zait terrorismoarena izan ala drogena izan, nolabaiteko propagandaz ari gara. Pentsatzeko askeak bagara, ni, biolentziaren alde egon naiteke egoera batzuetan, lehen esan dugun bezala, ezinezkoa delako pentsamendua debekatzea. Baina ezin dudana da beste pertsona batzuk hori pentsatzera eramango duten ezer esan. Biolentziaren erabilera delitua da, ez ordea, biolentziaren erabilerarengan sinestea. Hala balitz ere, apologia egiten duena zigortzen bada beste pertsona batzuk berdina pentsatzera eraman ditzakeela eta, pertsona helduen sen ona zalantzan jartzen du Estatuak. Izan ere, Estatuak eta hedabideek zabaltzen duten mezua, biolentzia defendatzen dutenak erratuta daudelakoa da, hau da, edo zoratuta daudela, edo ez-jakitunak direla etab. Demokrazia batean garrantzitsuena herritar bakoitzaren analisi eta erabaki gaitasuna da , norberaren kabuz pentsatzeko kapaza izatea. Hori egiteko kapaza den norbaitek kontuan hartu behar du informazioaren iturria, eta bere sinesgarritasuna ebaluatu behar du, gerora, informazioa ere norberaren ideien arabera baloratzeko. Estatuak beraz, zenbait apologia mota zigortzen dituenean, bere lurralde horretan bizi direnen sen ona zalantzan jartzen du, eta biztanleen sen ona zalantzan jartzeak, demokraziak sistema moduan daukan balioa kolokan uztera darama. Egia esan, egunero defendatzen den eta idealtzat hartzen den sistema hain ona ez dela adieraztea, zuzenean ez bada ere, pixka bat autodestruktiboa ez al da?
Uste dut bakoitzak pentsatzen duena esateko eskubidea daukala, hitzetatik ekintzetara pausu handia dagoela kontutan hartuz. Argi dago zaila dela ofentsaren marra noiz pasatzen den jakitea, baina egoeraren batean marra pasa egiten denean (ofentsarena eta ez agresioarena), egoera hori geure kabuz konpontzen jakin beharko genuke, horretarako ere legislazio baten beharrik gabe.
Norbaitek biolentzia erabili duen pertsona bat heroitzat badu, zergatik ez du ba bere izena oihukatuko? Che Guevarak indarkeria erabili zuen, eta zenbat gaztek eramaten dute kamisetetan? Colón eta bere laguntxo guztiak, Amerika deskubritu zuten horiek, niretzako kolonizatzaile, lapur eta hiltzaileak baino ez ziren arren, askorentzat izan ziren heroiak, eta oraindik goraipatu egiten dira. Bakoitzak bere ideologiarekin doazen heroiak ditu, kausa baten alde sakrifikatu direnak. Kausa horien alde egiten dena merezi duten ala ez zalantzatu beharreko zerbait da, dudarik gabe, baina ez zait oso zilegi iruditzen inor norbait miresteagatik kartzelaratzea, ez dakit zer apologia leporatuta. Ez gaitezen erotu, mesedez. Ezberdintasun handia dago heroitzat duzun norbaiten izena oihukatzetik, norbait horren ekintza berberak aurrera eramatera. Eta orduan, ekintza aurrera eramaten den momentuan, orduan behar du legeak muturra sartu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: