Urtebetetzeak

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2007-12-11 15:44



Inoiz ez ditut urtebetetzeak gogoratzen. Lagunenak, ahizpa edo nebarena, gurasoenak... nirea ere gogoratzea kostatzen zait, ez naiz konturatzen urte bat gehiago bete dudala amamak deitzen nauen arte, desastre bat omen naiz. Eta ez soilik pertsonenak, data seinalatuak ere ahaztu egiten ditut, emakumeen eguna, langileen eguna, umeen nazioarteko eguna, ikasleen eguna... eta euskararen eguna, bai, hau ere ahaztu nuen pasa den astean. Kontua ez da ez dakidala noiz diren urtebetetze horiek guztiak, horretarako oso memoria ona dut nik egia esan, eta behin jakinda noiz dagoen zerbait ospatzeko gogoratu egiten dut. Baina eguna iristen denean... ahaztu egiten zait, ez ditut eguna eta nire garunean gordeta daukadan data erlazionatzen... zer egingo diot!

Idatzi behar ote nuen zerbait euskararen inguruan...¿? Agian bai, baina egia esan ez zaizkit gehiegi gustatzen ez inor ez ezerren egunak. Euskararen eguna zer da? Denok euskararen aldeko esfortzu handia egin behar dugun eguna? Horrek esan nahiko luke, urtean zehar ez dugula esfortzurik egiten, edo behintzat, ez dela Abenduak 3an egin beharko genukeena bezain handia. Ahhhh!!! Klaro!!! Agian izango da, aldi berean gauza bakarra egiten dakigulako, Azaroak 17 ikasleon alde borrokatu beharra dago, Azaroak 20 umeen alde, Abenduak 3 euskararen alde, Martxoak 8 emakumeen alde, Maiatzak 1 langileon alde etab. Hobe da aski ordenatuak izatea, bestela a ze nolako kaosa sortuko litzaigukeen (uste dut sarkasmoa sobera nabaria dela...).

Urtebetetzeak berdinak dira. Azalduko dit norbaitek mesedez, ze behar dagoen behar hutsagatik norbait zoriondu eta oparia erosteko? Aiba la ostia! Opariak nik nahi dudanean eta nahi dudanari egin beharko nizkioke, eta ez tokatzen zaionari porque no me quedan más cojones. Egia da niri opariek ilusioa egiten didatela, edonolako opariek, eta edozein egunetan. Baina egia da ere, nahiago dudala norbaitek espero ez dudan egun batean sorpresa bat ematea txikia izanik ere, nire urtebetetzean kriston oparia jaso baino. Norbaitek esan lezake hipokrita bat naizela,ba erratuta dago. Ez dut gezurrik esango, kriston opariak gustatzen zaizkit, behar dudan edo nahi dudan zarbair oparitzen badidate ikaragarri pozik jartzen naiz. Baina inola ere espero ez dudan egunen batean opari, edo nolanahiko aipamenik jasoz gero, ilusioak hartzen nau.

Agian horregatik ahazten ditut urtebetetzeak eta data seinalatuak. Garrantziarik ez dutelako. Finean, antzezlantxoak dira, gezurretako ipuintxoak. Gabonak bezala. Denok gaude pozik, denok maite dugu elkar eta denok gara pertsona on eta eskuzabalak. Aldarrikapen egunetan denok ditugu bihotzak elkartasunez beteak eta urtebetetzeetan denok maite dugu pixka bat zaharrago dena. Heriotzetan denok uste dugu alde egin duen pertsona ezin hobea zela. Data seinalatu guztiak dira hipokresia bat, eta nire inkontzienteak badakienez hori, nire kontzientea baino azkarragoa delako, ahaztu egiten dut dena. Eta ez zait inporta.

Baina aizue... ez haserretu...



Utzi iruzkina: