Kakarraldoaren bakardadea

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2007-06-28 09:33
3

Kakarraldoaren bakardadea

Zein da bakardade absolutuan bizitzeko arrazoia? Zerk eragiten du gaur egun gazteek beti nahi dutena egitea? Zerk bultzatzen du talde bat, <<guay>>aren rola duen pertsona jarraitzera? Ez al du pertsona batek ahulegia izan behar bere burua maskaraz estaltzeko beharra sentitzeko?

Guk ezin dugu konparaziorik egin, baina hainbatetan esan digutena kontutan hartuta, egungo ume eta gazteok gure gurasoen baleaunaldiak baino askoz gauza gehiago ditugu. Lehen, familiak handiagoak ziren, eta honek etxeko dirua mugatzen zuen, baliabide ekonomikoak urriagoak zirelarik. Gaur egun ordea, gure beharrizanak asetuta daude, are gehiago, behar ez duguna ere ematen digute. Izan ere, askorentzat nahikoa izaten dira lau malko duela bost minutu buruan sartutako joko hori eskuratzeko.

Kasu hauetan, aurrerago, indibidualtasuna garatuko da. Horregatik identifikatzen da filosofian gizarte eredu hau Nartzisorekin, bere buruaz maitemindu zen pertsonaia mitologikoarekin. Honen adibide garbia, gure gelan oso ohikoak diren eztabaidak dira. Zergatik ez gara inoiz ados jartzen erabaki bat hartzeko orduan? Geurekoiegiak garelako, geure burua soilik interesatzen zaigulako. Ez diogu elkarri errespeturik, eta are gutxiago irakasleei. Askok uste du klasean edozein momentutan hitz egiteko eskubidea daukatela eta ez dutela zertan isildu, euren betebeharra irakasleari arreta jartzea den arren.

Lehengora itzuliz, batzuetan, familian ezintasun ekonomikoak izanda ere, umeei ez zaie inolako mugarik ezartzen, mundu erreala ez erakusteko, krudeltasunetik babesteko. Etxeko ardura guztiak ere gurasoen zama baino ez dira bihurtzen. Gure gurasoek euren neba-arreba gazteak zaindu behar zituzten bitartean, gure betebeharrak ez dira txakurra ateratzera ere iristen. Honekin guztiarekin lor daitekeen bakarra, seme-alabak lelotzeaz gain, eurek arazoei aurre egiteko autosufizientzia eza da. Kontua erraza da, betidanik gurasoen laguntza eta babesa izan dutenetik, ez dute bizitzen ikasi.

Dena den, ulertu behar dugu, babesaren kontu hori gure espezieak berak duen ezaugarria dela. Animalia askok ere taldean bizitzeko beharra dute, elkar lagundu eta babestu ahal izateko. Horregatik bilatzen dugu edozein baliabide kolektiboan murgiltzeko; maskara eta rolei buruz ari gara hitz egiten. Edozein talderen barnean aurki ditzakegu bai guaya eta bai bufoia. Lehenengoaren rola berak bere buruari jartzen diona da, bigarrenari gainontzekoek jartzen dioten bitartean.

Guayak artaldea gidatzen du hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, denontzat da erosoa norbaitek nagusitasuna eduki eta besteoi zer egin behar dugun esatea, ez dugu pentsatzeko lana hartu nahi. Baten nagusitasuna gauza normaltzat hartzen dugu, baina zergatik? Beti ikusi duguna delako. Egunerokotasunean egoera normala da, bai bizitza errealean, bai telebistan. Beste alde batetik, mirespena sortzen du, eta hau zer dela eta? Guaya gure adineko pertsona prototipoa delako: “ausarta”, irekia, parrandazalea eta zirikatzailea. Azken honengatik eta bere kontrako kritikei eman ohi dien erantzunengatik, errespetua edo beldurra izaten diote. Badaude beste arrazoi batzuk kolektiboak pertsona hau miresteko: demagogoa dela (jendea nahi duen bidetik gidatzeko erraztasun handia du) eta labia duela, hain zuzen dialektika bere onerako erabiltzen dakiela.

Lehen aipatutako zirikatzaile ezaugarri hori praktikan jartzeko, errazenera jotzen du, bufoia. Azken hau, normalean, ahulena eta zintzoena izaten da, eta ez du baliabiderik izaten guayari aurre egiteko. Gainera, taldeko beste kideek ere barre egiten diote guayaren alde jarriz, azken finean, hobe da hau, eurak ere bufoi bihurtzea baino. Harritzekoa da ume eta gure adineko gazteok izan dezakegun gaiztakeria.

Gehienetan, pertsona askori kolektibo batean sartzeko aukera ukatzen zaio, eta sartzen utzita ere, pertsona horiek baztertuak izaten dira. Baina zergatik? Norbaitek eguneroko gauzak egiten ez dituenean, frikia edo eroa bilakatzen delako. Denok gara bazterketaren beldur eta horregatik askotan gure izaera ezkutatzera irits gaitezke lehen aipatu bezala. Bi pertsona mota ditugu hortaz, euren izaera isilpean gordetzen dutenak alde batetik, eta bakardadera bultzatuak direnak bestetik. Lehenengoarekin ere hainbat kasu aipatu daitezke: betiko ezkutuan daudena, beste norbait ezagutu arte deseroso dauden inguruan mantentzen direnak eta nekearen nekez eztanda egiten dutenak. Kasu hauetan aurreko guztiarekin apurtzen du gizabanakoak, orduan, bera bezalakoak bilatuko ditu eta aurkitu ezean, bakardadean biziko da betiko.

Zergatik ez dugu bakardadea gustuko? Gure berezko izaera izango da baina gehienok nahiago dugu taldean ibili. Txarra izango litzateke inoiz bakarrik egoteko aukerarik ez edukitzea, izan ere, guztiok behar dugu gure gauzetan pantsatzeko denbora edo isiltasuna entzuten ikasteko beta. Baina hau bakoitzaren erabakia denean da ona, eta ez besteek behartuta. Oso gogorra izan behar du inor ondoan ez izatea eta inortxok ere zu aintzat ez hartzea, baina oso zaila izan behar du ere bizitza osoan itxura bat eman behar izateak.

Beraz, eta guzti hau idatzi ostean, garbi ikus daiteke normaltasun hitza oso erlatiboa dela eta toleranteagoak izan behar dugula. Inork ezin du mundu guztia gustuko izan, baina bai errespetatu eta kordialak izan, hori da elkarbizitza. Zer egin genezake gure pentsatzeko erari giro erradikala emateko? Aztertzeko kontua da hori…

Arrate Illaro
Lohitzune Rodriguez

astrozoro

astrozoro 2007-06-28 10:35 #1

koño, ezagunak  egiten  zaizkit  hitz  hauek. sorpresa  atsegina  jaso  dut  sinatzaileak  bi pertsona  zoragarri  hauek  direla ikustean. bestetik, setnitzen dut zugatik  Arrate, azkenean  zu  ere  sartu  baitzara  bakardadea  eta  talderaen  arteko  gatazka  liskartsuan. ea  lortzen duzuen  bion  arteko oreka  bat, zuontzako  bakardade  momentuak, eta  inguruan  maite  duzuen  jendea.

borthuzai

borthuzai 2007-06-28 18:13 #2

interesgarria, bai.
baina pare bat xelebrekeria.
- 'persona' hitza, grekerazko 'prosopon'-etik dator, eta honen esanahia 'maskara' da, edo 'aktoreen maskara' zuzenago.
- Ingelesek, bakardadearentzat 'solitude' eta 'loneliness' hitzak dituzte. Lehena, norberak aukeratuta duen bakardadea da. Bigarrena, halabeharrez etortzen dena, bilatzen ez dena, bakardade txar hori.

Sugoi

Sugoi 2007-06-28 18:44 #3

Oso interesgarria, eskerrikasko! Personarena pentsatu ere ez nuen egingo!

Utzi iruzkina: