Hitz egin al daiteke etikaz? (I)

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2008-03-04 19:59

Etika, moralaz arduratzen den disziplina edo zientzia bezala defini genezake, hausnartu egiten den morala. Zientzia honen historia benetan luzea da, antza, Zarathustra edo Zoroastro izeneko profeta pertsiarra izan zen ongiaren eta gaizkiaren arteko bereizketa egiten lehena, jainko ongile, justu eta orojakilearen eta horri kantrajartzen zitzaion gaizkiaren izpirituaren existentzia predikatu zituelarik.



Ordutik gaurdaino, hainbat filosofo aritu dira ongia eta justizia bezalako kontzeptu edo baloreen inguruan hausnartzen, estoikoak, Platon, Aristoteles, Kant, Wittgenstein eta filosofo existentzialistak aurki ditzakegu beste askoren artean. Hala ere, egungo gizarterarte iraun duen balio-sistema moral judu-kristauetik datorkigu, ezaugarri nagusietakoa unibertsaltasuna duen kode etiko batetik hain zuzen. Eztabaida esparru horretan hasten dela esan daiteke, alegia, filosofoen lehenengo egitekoa etikak partikularra edo unibertsala izan behar duen argitzea da.

Platon eta Aristotelesen arabera, etika bezalako jakintza praktikoak ez dira iritzi kontu hutsa, zientzia baizik, eta zientzia gisa unibertsaltasuna eta beharrezkotasuna izan behar dute bere ezaugarririk funtsezkoenak. Bai judaismoak eta bai kristautasunak Platonen ideietan oinarritu zuten euren doktrina. Haien ikuspuntutik, orojakilea eta ahalguztiduna denetik, Jainkoaren hitza da balioa daukan bakarra, bere aginduek markatzen dute ontasunaren bidea eta, beraz, ongia egin nahi duen pertsona orok bide hori jarraitu beharko du, bestela, heriotza eta gero infernuan bizitzera kondenatua izango da.

Geroago, ilustrazio garaian, Kantek aurreko filosofia nabarmenenak aztertu eta ikusi zuen denek zeukatela baterako ezagurri bat, euren etika materiala zela, hain zuzen. Etika materiala deituko dio jada edukina duenari, baloreak ezarrita dituenari; etika horren ezaugarri nagusiak unibertsaltasun, absolutismoa eta heteronomia dira, alegia, mundu guztiari zuzendutakoa, edozein egoeratan aplikatu beharrekoa eta non gizakiak bere burua bere baitaz kanpoko zerbaitek edo norbaitek gidatua ikusten duen. Filosofo prusiarrak honekin guztiarekin apurtu nahi izan zuen eta etika formala proposatu zuen horretarako. Berak proposatutako etika horren ezaugarriak partikulartasuna, erlatibismoa eta autonomia ziren, hau da, pertsona eta egoeraren arabera ezberdin aplikatzera bideratutako etika bat non gizabanakoa bere buruaren jabe bakarra den. Esan daiteke Kantek askatasun indibiduala aldarrikatu nahi izan zuela honekin, hots, adingabetasun intelektualetik irtetea. Hala ere, askatasun horri muga jarri zion inperatibo kategorikoaren bidez, «zure ekintzak lege unibertsal bihur daitezen desiratzeko moduan joka ezazu». Inperatibo kategorikoa etika formalarekin kontraesanean aurkitzen dela esan genezake, azken finean, aipatu dugun bezala askatasunaren muga da. Ez da hemen esan nahi askatasunak mugak izan behar ez dituenik, ordea, Kantek berak aldarrikatzen bazuen adingabetasun intelektualetik irtetea, hau da, burujabetasuna edo autonomia, galde dezakegu, nola da posible hori aldarrikatu eta aldi berean etikaren oinarria izango den agindua ematea? Honenbestez, alde horretatik absurdo batean erori izana leporatu diezaiokegu Kanti. Aitzitik, ez al da soilik esaldi hau koherentziarako dei hutsa? Interpreta dezagun Kanten inperatiboa. Ez du axola nola jokatzen duzun, betiere, jokabide hori zeure balore sistemarekin bat egiten badu, eta balore sistema horri kontzienteki ‘ona’ baderitzozu. Hala, zure ekintzak balore horien arabera gauzatuak baldin badira, zure desioa izango da denek zu bezala jokatzea, uste baituzu hori dela jokatzeko modurik onena. Noski, ezberdindu behar da nahiaren eta inposaketaren artean, nire desira mundu guztiak nik bezala jokatzea bada ere, ez da inon aipatzen desira hori gauzatu behar denik, bestela, etika materialen unibertsaltasunaren tranpan eroriko ginateke berriro. Antza, hori bera izan zen Hegelek Kanti egindako kritika (bere ustez inolako erabilgarritasunik ez duela-eta), izan ere, gizabanakoaren askasunarentzat inperatibo kategorikoak suposatzen duen muga ilusioa baino ez da, gizabanakoak nahi duen edukiaz bete baitezake Kantek proposatutako etika formal hori, betiere kontzientziaz egiten badu.


Utzi iruzkina: