Gezur bat mila aldiz...

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2007-05-08 00:17

Existitzen al da Wittgensteinek lengoaiaren azterketaren bidez aurkitu nahi duen munduaren ordena? Zergatik ez kaosa? Zerk bultzatzen gaitu erlijioan eta etikan sinistera eta haien proposizioez eztabaidatzera?  

Munduaren orden edo modeloaren bilaketan jardun izan dute hainbat filosofok historian zehar, Pitagoresek, adibidez, uste zuen dena dela irudikaria, Machek bezala; Enpedoklesek, bere aldetik, elementu guztiak gorrotoaren eta maitasunaren artean ematen den borrokaz osatuak daudela zioen; Anaximandrorentzat, haizea, lurra, ura eta sua ziren gure planetaren funtsezko lau propietateak, etab. Zaila da jakitea bizi duguna errealitatea ala fantasia den, baina ez zaigu benetan axola. Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa batzuek frogatzen dute, Jainkoren batean sinisten duen jendea, ezerrengan sinisten ez duena baino zertxobait zoriontsuagoa dela, eta ene ustez, gizakiaren helburuetako bat, zoriontasuna da. Zergatik? Zoriontasunaren bilaketak bizitzeko zentzu bat ematen baitigu azken finean. Gu, zoriz baino ez gaude hemen, eta gure bizitzak, animalienak, munduarenak, ez dute zentzurik, baina ez dut pentsatzen hala beharrez eduki behar dutenik ere.

Richard Gregoryk aipatzen du geure garuna, ez dagoela pentsatua egia bilatzeko, bizirauteko baizik, eta zoriontasunaren bilaketak horretan laguntzen du. Alexander Dumasek esaten zuen, “sinisten dugu zalantzatzea baino errazagoa delako, eta gainera, fedea itxaropenaren eta karidadearen ahizpa delako”. Itxaropena, kasu honetan, engainuaren ahizpa dela esango nuke nik, baina engainuek askotan zoriontsu edo behintzat lasai bizitzeko aukera ematen digute. Izan ere, zerbait ez dakigun bitartean ezin dugu sufritu, eta gure beldurrak desagertarazten dituen zerbait  aurkitzen dugun bitartean, balsamo batek bezala babestuak sentitzen gara. Bat nator Wittgensteinekin esaten duenean, egia proposizio etiko eta metafisikoen bidez bilatzea zentzugabea dela dakigun arren, zerbaitek bultzatzen gaituela horietan sinistera. Jainkoa ez bada, aberria da, eta aberria ez bada izpiritu justiziagilea da, amaigabeko katea eratzen delarik.

“Gizakiak, hainbeste sufritzen du munduan, non barrea asmatzera behartua ikusi duen bere burua”, hori uste zuen Nietzschek. Ez dakit barrea den soilik, badakidana da asmakizunetan oinarrituta bizi garela, gezurretan, horrela ez baitugu ezertaz kezkatu beharrik, eta gure bizitzari zentzu imaginario bat eman ahal diogu, errealitatean ez baitauka. Gure bizirauteko grina eta kuriositatea etengabeko borrokan daude, egia jakin nahi omen dugu, baina horretan gaudela faltsukeria gehiago baino ez ditugu aurkitzen eta irensten bidetik.

Benetan nahi duguna egia jakitea da ala egia dakigula sinistea? Gainera, benetan uste al dugu posible dela "egia" aurkitzea? Zer da "egia" famatu hori baina?


Utzi iruzkina: