Filosofia
Atzo gizarte zientzien inguruko gogoetara bultzatzeko tailer batzuetan egon nintzen unibertsitatean, ikasleek beraiek antolatutako tailerrak. Gaia bologna prozesuarekin pixka bat lotzea zuen ekimenak helburu. Izan ere, prozesu honek ez du onura handiegirik ekarriko gizarte zientzientzat, produkziora bideratuta baitago gehien bat. Hau da, bolognako prozesua guztiz ezartzean gehien bultzatuko diren karrerak ingeniaritzak izango dira, eta agian baita zientziarekin erlazio zuzena duen karreraren bat ere.
Taldetan banatu ginen. Ideia, karreraka biltzea zen, baina historian lehen aldiz agian, filosofiakoak gainerako karreretakoak baino askoz gehiago ginen eta bi talde egin behar izan genituen. Bueno, kontua da, galdera batzuk planteatzen zitzaizkigula, horien inguruan ezatabaidatu eta ondorio garbiren bat ateratzeko.
Zer da filosofia? Buffff!!! Galdera zaila... Etimologikoki erraza da galdera horri erantzutea, filosofia, jakituriarekiko maitasuna da. Baina, filosofia ikasten ari diren batzuentzat horrekin erantzutea ez da nahikoa (faltaria mas!). Nola defini dezake filosofia filosofo potentzial talde batek? Jakinmina, kontzeptuen azterketa, bizitzarekiko jarrera, errealitatea ezagutzeko nahia eta modua, hermeneutika (testuak interpretatzea), errealitatearen interpretazioa, beste disziplinak bil ditzakeen diskurtso kritikoa, zalantza...
Zein funtzio bete behar du filosofiak? Eta filosofo batek? Benetan betetzen du filosofiak gaur egun funtzioren bat? Agian bete beharko luke, baina ez dut uste benetan betetzen duenik. Filosofia ikasteko zortea eduki behar da irakasle on bat aurkituz, edo gogo handiak, bestela ez dago zereginik. Erraza da filosofiaren historia pixkat ikastea, baina hori filosofiaren parte txiki bat besterik ez da. Unibertsitatean ere, gutxi dira filosofia egiten irakasten digutenak, baina tira, oinarri bat ere izan behar dugu, eta ez da hau nire oraingo hizketa gaia. Kontua da zer egin behar duen filosofiak. Filosofia gizartean barneratua egon beharko litzateke, gizabanako bakoitzean, adoktrinazioarekin bukatzeko (betiere filosofia ongi erabilia, adoktrinazio metodo paregabea izan baitaiteke). Baina hori ez da posiblea, beraz, zer funtzio du orduan filosofiak gizartean? ez genuen oso argi utzi funtziorik duen ala ez, azkenean denok geunden ados gauza batean, geure buruarentzako ari ginen filosofia ikasten, eta ez gizartearentzako. Ondorioz, filosofia garapen pertsonal baterako bide moduan uler daiteke, eta gizabanako batzuen garapen pertsonala, gutxi izanik ere, beti izan daiteke onuragarria gizartearentzat.
Filosofoaren zeregina ardurak hartzea da. Sartrek zioen moduan, askea izatera kondenatua zaude, askatasuna ardurak hartzea baita, konturatu behar du norberak, egiten duenak eragina izango duela norbaitengan, ziur [1]. Filosofoak beraz, hezitzailea izan behar du, eta bere irudia izan behar da heziketa horretan adibide. Filosofoak jarrera kritikoa sortarazi behar du jendearengan, bakoitzak bere baloreak zalantzan jarri eta etengabe zergatik galde dezan. Errealitatearen eta guk sortutako baloreen inguruko gogoeta sustatu behar du, galderak plantearazi...
Galdera gehiago planteatu ziren tailerretan, baina ez ziren hain mamitsuak, nire ustez behintzat. Orain pilota zuen teilatuan dago, zuei botatzen dizuet orain galdera, hau irakurri duzuenoi, zein dira, zuon ustez, itaun hauei dagozkien erantzunak?
Diogenes Alexandro handiari eguzkia ez estaltzeko eskatzen
[1] Diogenes berak ardura handia hartu zuen, batzuek txakur soiltzat hartu arren. Bere ardura da aipagarrienetako bat, norberaren ideal eta printzipioekin konsekuentea izatea, koherentzia. Hori bai da arduratsua izatea, hori bai, askatasuna.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: