Espektroak

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2007-06-27 23:57

Burua bueltaka, bira eta bira logelak, hamaika koloretako espektroz inguraturik. Ezin dut ezer garbi ikusi, ezin ezer desberdindu, begiztatzen dudan guztia zait ezezaguna, nire etxean bertan. Kolore argi eta biziek inbaditzen naute, eromena da. Tximista arrosak, horiak, laranjak, moreak, urdinak... ostadar bihurtutako ekaitza, eguzkiak alaitutako euri-jasa.



Argia kolore bihurtuta alaitu dute eguna espektroek... ez dago espektrorik, ez dago kolorerik, formak baino ez daude, eta itzalak eta izpiak, beroa eta hotza... baina kolorerik ez. Nire begiek ordea, ikusi egiten dituzte, ze axola du ez badaude, existitzen ez badira, nik maite ditut koloreak, ezin dut imajitu dena zuri beltzean. Argazkiei bai, halako malenkolia ematen die grisen gamak argazkiei, gustuko ditut zuri-beltzean ateratako argazkiak.

Baina nire bizitza koloretan nahi dut, eta noizbait ahazten badut koloretan ikusten, ezin baditut berdea eta laranja berriro sumatu, hau irakurri eta begiak itxiko ditut. Ezingo nukelako jasan mundu grisa, askok horrelakoa dela esaten duten arren. Egia esan, nik badakit grisa dela mundua, baina nik nahiago dut sinistu mendiak berdeak direla, eguzkia horia eta gauak urdinak, beste batzuek jainkoan sinisten duten moduan. Azken finean, beti esaten dut berdina, asko gustatzen zait  niri amestea, imajinatzea, begien aurrean ez daukadana begiztatzea... bertatik ihes egitea!

Ihes egitea bai! Heroiak ez ziren gelditzeko ausardia izan zutenak, baizik eta ihes egiteko denborarik izan ez zutenak, arriskuaren aurrean bakarrik gelditu zirenak... tontoenak agian?


Utzi iruzkina: