Desengainuak

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2007-07-05 12:44

"Si aprendieramos a aceptar en lugar de esperar, nos llevaríamos muchas menos decepciones"

                                            El caballero de la armadura oxidada

Askotan sentitu dut nik, eta pentsatzen dut pertsona orok, desengainuarekin batera datorren trsitura. Normalean pertsonekin gertatzen zaigu, espero dugu lagun, senide edo ezagun batek jarrera zehatz batzuk izatea, eta guk nahi genuen bezala jokatzen ez dutenean haserretu eta tristetu egiten gara. Haserretu zergatik? Benetan pertsona horri errua bota diezaiokegu?

Nik uste orokorrean gure inguruko guztiak, edo ia guztiak, idealizatu egiten ditugula, onartu ordez. Pertsona bat ezagutzen dugunean, ez dugu benetan dena ezagutzen, gu ezagutzen gaituztenean bezala. Hasieran saiatzen gara gure akatsak estaltzen eta bertutetzat ditugunak handiagotzen, badirudi hau faltsukeria dela, eta agian bada, baina ene ustez denok egiten dugu gauza bera. Baina, zergatik ezkutatu? Gizakiak taldea behar du bizitzeko, ezin du bakardadea jasan eta horregatik bere kezka nagusia lagunak egitea da, edo gutxienez, inguruan edukiko duen jendea ziurtatzea. Horretarako, beste idatzi batean lagun batek eta biok esan genuen bezala, beharrezkoak dira maskarak, egoera eta pertsona bakoitzera egokituko diren maskarak. Inori ez zaio gustatzen norbait ezagutu eta segituan bere akatsak ikustea, kasu hauetan ez ohi dugu gustuko aurrean jarri zaigun pertsona, eta hori badakigunez, guk ere ez ditugu gure alde txarrak erakutsi nahi. Pixkanaka baina, eta harremana estututa, badaude hainbat gauza ezkutatu ezin direnak, eta erlazioak aurrera doan heinean, izaki liluragarriaz gain bakoitzak barnean duen munstroa ere atera ohi da, hori bai, inoiz ez guztiz. Aitzitik, ez ditugu munstroak gustuko, nekatzen gara esaten perfekzioa ez dela existitzen, eta hala ere besteengan espero duguna da (gugan espero duguna beste egunen batean jorratzeko gaia da). Baina ez dago perfektotasunik eta beraz gure izaki ideala marrazten dugu gure lagunaren aurpegian. Errealitatetik asko urrunduko bagina, ez litzateke erreala izango, ez litzateke sinesgarria, beraz, inkontzienteki, lagunarekin izaeraren antzerakoa ikusiko dugu beregan, baina beti esperoko dugu eman dezakeena baino gehiago.

Azkenaldian ondorioztatu dut inortxok ere ez duela bere burua ezagutzen, ez baitakigu hainbat egoeratan nola erreakzionatuko dugun. Sarri gertatu zait, egoera jakin baten aurrean pentsatzen nuenaren aurkako jokaera izan dudala, eta ezin izan dudala ulertu. Edo nire barnean sentimendu batzuk pizten direla, haserrea, amodioa... eta hauek ere ez dutela azalpenik. Ez baitugu geure burua ulertzen, eta beraz, ezagutu ere ez. Ba hau jakinda, argi dago geure lagunak bere burua ezagutzen ez badu, guk ere ezin dugula ezagutu, ez gara robotak eta ezin dugu jakin nola portatuko garen egoera limite batean. Baina irudikatu egiten dugu, marraztu egiten ditugu momentu horiek, marraztu egiten dugu laguna guk daukagun adiskidetasun kontzeptuaren barnean primeran enkajaturik, ez dago hutsunerik. Uste dugu, ezagutu dugun pertsona horrek, hain maitea dugunak, momentu oro guk nahi duguna egingo duela, eta ez naiz agintzeaz ari, baina hori da daukagun itxaropena. Ez gara pertsona horren lagun, guk bera oinarri hartuta sorturikoaren laguna baizik.

Horregatik, oso erraza da etsipena sentitzea, gure alboan genuen pertsonak beste bide bat aukeratzen duenean, eta ez hartzea nahi genuena. Gainera, hasiera batean agian berari botako diogu errua, esanez ez dela egon behar izan dugunean, edo ez genuela espero hori beragandik. Baina laster pasatuko gara ilusioa galtzera, ikusi dugu guk geuk ezkutatu genuen zerbait eta ez zaigu gustatu, eta hain da gogorra mina, desengainua, ezen ezin dugun aurrera jarraitu erlazioarekin. Edo behinik behin, ez da inoiz berdina izango. Norbaitek huts egiten dizunean, ez dizu berak huts egiten, zuk daukazun idealizazioak baizik. Niri pertsona askorekin gertatu zait, eta ziurrenik batzuekin ez zen nire erreakzioa oso bidezkoa izango, beste batzuekin isildu egin naiz, jakinik errurik ez dutela eta haien asmoa ez zela ni mintzea. Egia da bete gabeko promesak edo gezur txikiak batzutan tartean daudela, beharbada hor zegoela uste genuen ausardiaren falta, edo istorio batzuk bakoitzari komeni zaion eran kontatu izana... baina hauek guztiak ere ulertu beharra dago, horrelakoak egiten badira ondokoa galtzeko beldurragatik izaten da, pertsona hori babesteagatik edo dena delakoa.

Hau dela eta, ikasi beharko genuke jendea onartzen, benetan diren modukoak, inoiz lortuko ez dugun arren aurrean daukaguna ezagutzen, gutxienez posiblea den punturaino. Horrela, goikoa zitak argi eta garbi esaten duen bezala, desengainu gutxiago eramango genituzke... baina, nire galdera da, hori egiteko kapazak al gara benetan?


Utzi iruzkina: