Betiereko itzulera

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2007-04-17 23:12

Duela gutxi eman genuen Nietzscheren pentsamendua klasean, eta batez ere betiereko itzulerak deitzen dit atentzioa. Interpretazio metaforikoa hartuta:

<<Zer esango zenuke, gau batean norbait zure bakardade sakoneneraino helduko balitz eta hau esango balizu: "Bizitza hau, orain bizitzen duzun bezala eta lehen bizi izan duzun bezala, bizi beharko duzu behin eta berriro; eta ez da ezer berririk egongo; aitzitik, min guztiak eta atsegin guztiak, pentsamendu guztiak eta kexu guztiak eta txikia eta handia den guztia, zuretzat itzuli beharko dira ordena berberean eta jarraipen berberean.">>

Hau erabili zuen Nietzschek bizitzaren baieztapen gisa. Galdera horren erantzuna baiezkoa izan behar omen zen. Guztiaren gainetik esan behar baitzaio bai bizitzari, sufrimendu eta gaitzen gainetik, poz eta plazerren gainetik. Berdin da zer datorren, bizitza maitatu behar baitugu. Baina, zentzurik ba al du honek? Sufrimendua sentimendu bat baino ez da, esan nahi dudana da, biologikoki joera depresibodun pertsonak daude; agian, horrelakoek, bizitzan agertzen zaizkien oztopo txiki batzuen aurrean hondoratu egiten dira, irteera gabeko zuloan sartzen dira. Beste batzuek ordea, milaka arazo eta oztopo aurkitu arren, hauei duintasunez eta indarrez aurre egiteko kapaz dira, beraientzako hobe. Eta nire galdera da, gutxigatik bada ere, bizitzan sufrimenduak pozak baino pisu handiagoa badu, merezi du bizitzari baietz esatea? Zoriontasuna jarrera kontua dela uste dut nik, baina ez dut uste ere, egoera guztietan erabaki daitekeenik aurrera egitea.

Ez dut inor heriotzera animatu nahi, ez da hori nire intentzioa noski! Baina ez dut gai ikusten nire burua, suizidatu nahi duen pertsona bat epaitzeko. Azken finean, bizitza bizitza da, gustuko badugu hartuko dugu, eta bestela ez, bakoitzarena delako eta beraz norberaren eskuetan dago erabakia. Bizitza ere ez da jainkotu behar, hori ere bizitza bera ezeztatzea bailitzateke..


Utzi iruzkina: