berriro

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2008-12-10 12:30




Berriro gertatu da. Berriro ere. Berriro maite dudan pertsona bat albotik aldendu da. Berriro polizia. Berriro atxilotuta. Berriro inkomunikazioa. Berriro ezjakintasuna. Berriro angustia. Berriro itxoin beharra. Eta imajinatzen ari naiz... berriro bidaiak, berriro bisitak, berriro pareta triste horien arteko aurpegi indargeak... berriro... inora mugitu ezin den Euskal Herria batengatik. Non gaude besteok, baina?

Norbaitek esan dit halako gauzetan sartzen diren lagunak dituzunean prest egon behar duzula horrelakoetarako. Lagun batzuk, baina, ez dituzu aukeratzen, ausaz agertzen dira zure bidean, eta hor gelditu, ondoan beti. Baina aukeratuko bagenitu ere eta datorrena espero dugunean ere, ez gaude prest. Ez gaude prest pertsona horretaz ezer jakin gabe egoteko, ez gaude prest zenbat kolpe jasoko dituen galdetzeko. Ez gaude prest maite dugun pertsona horrek etorkizunean kartzelan emango dituen urte, hile, egun, ordu, minutu, segundu tristeak, bere zeldaren bakardadean imajinatzeko...

Eta inork ez diezadala esan berak bilaturikoa daukala. Ez naiz politikaz ari. Aspertu naiz politikaz. Ez daukat batere gogorik egin duenaren zilegitasunaz, etikaz, hitz egiteko. Nazkatu naiz. Nitaz ari naiz. Berataz. Besterik ez. Pertsonak galdu edo urruntzeaz. Sentimenduez. Distantziaz. Leku hotzez. Urte galduez. Kristalez eta telefonoez. Betetako kotxe eta autobusez. Kilometroez.

Behin, triste nengoela norbaitek esan zidan, bizitza horrelakoa dela. Ez zidan dena konponduko zela esan. Ez ninduen engainatu. Kolpeak bata bestearen atzetik datoz, etengabe, gutxien espero dituzunean, lasaien zauden momentuan... egia esan zidan, eta egun, eskertu egiten diot. Baina hori jakiteak ez du kolpeen mina kentzen. Kolpeek kolpe izaten jarraitzen dute.

Zergatik? Noiz erantzungo didazue galdera hau! Begiratu non gauden! Nora goaz? Mina baino ez. Mina guztiontzat, hori gure ondasun nagusia. Besterik ez. Ez dakit zer lortze aldera galtzen ari gara mila gauza. Mila gauza... entzuten duzue?

Baina guztiaren gainetik, zugana joango naiz ahal dudan guztietan. askatzen ez bazaituzte. Eta hemen egongo naiz etortzen zarenerako.

Muxu bat, Guti.



Utzi iruzkina: