Gordintasunetik ametsetara
Asmo onetan murgiltzen gara batzuetan, asmo izatetik ezerezera pasatzen diren pentsamenduetan, urte berri hasieran adibidez. Asmoetako asko bapatean pizten dira, ageriko arrazoien beharrik gabe, gero berriz itzaltzeko. Baina gutxi batzuk, asmo izatetik ideia paregabe izatera bilakatzen dira, eta hortik ekintzara.
Nire buruan neurona haina asmo dago, baina, zertarako? Normalean ausardia falta zait ezer betetzeko, ideiak praktikan jartzeko. Hala ere, noizean behin, neurona horien artean jazotzen diren inpultso elektrikoei argi ikusten uzten diet, eta beharrak beldurra gainditzen du.
Ezin dut egirik ikusi, ez baitut horrelakorik ezagutzen, ez nituzke antzemango. Oinez noa irudikatu gabeko bide batetik, gezurrak ez aurkitzeko esperantzaz, baina ohartzen ez naizenean engainuren bat agertu eta zangotrabaz estropozu egitera behartzen naute, batzutan lurrera erori ere egiten naiz. Ez daukat normalean altxatzeko arazorik, baina kolpe handi batek beti mintzen ditu belaunak, eta horrela ez da edozein altxatzen.
Errealitatera jeisten behartzen nauzu askotan, izan ere, hanketako minei muzin egin eta kontuz ibili gabe jartzen naiz berriro bidean, korrika eta saltoka hodeien kotoizko leuntasuna ukitu nahian, ametsen eraginez hegan egiten dudan arte. Oinak lurretik itsatsita egoteari uzten diote, eta goregi egiten dut ihes, esponja zuri-arrosetan lokartzen naizelarik. Baina Dumbo pelikulan txikitan ikusi ahal izan genuen hodeiek ez dutela aguantatzen pisu handirik, eta pixkanaka, oharkabean, lurrera botatzen gaituzte madarikatuek. Erori aurretik ordea, askotan oihukatzen didazu, goregi nagoela, zerua gehiegi ukitu dudala, eta badela jeisteko garaia kolpe handiegi jaso aurretik, gero ez dudala berriz altxatzeko adorerik izango.
Eskertzen dira oharrak, lurrean oinak mantendu beharrean gaude batzuetan baino ez bada ere. Aurrera begiratu eta dagokigun bidetik jarraitu ibilaldia, guk aukeratutako bidetik, baina oztopoei adi, eta erritmoa galdu gabe. Hegaldi laburrak kontrolatzen hasi beharko naiz, edo altuera gutxikoak, agian lebitatzearekin nahiko litzateke...
Beti zara gauzak argien dituena, nire zapataren horma, kontra egiten didana zure egia erakusteko ahaleginetan, nik nire erakusten saiatzen naizen bitartean. Astelehenean ordea, amets egitera bultzatu ninduzun, zorionak eman nahi ez eta opari berezia eskeini zenidan, egun arrunta bestelako bilakatu asmoz. Bestelako jarrera, bestelako zorionak, bestelako tarta eta bestelako koroa, kometa eta guzti. Hitz bitxiak eta asmo politak, egi bihurtutako asmoak. Milaka mezuren artean arraroa dirudien postala 18. urtebetetze aspergarri eta arrunta alaituz. Errealitatetik ametsetara salto mortala, soilik inork ez esateko nire gurdia kalabaza dela, nik pentsa dezadan printzesa naizela, printze ederrarekin dantzatuko dudala, amets gozoetatik inork ez nazan esnatu.
Eskerrik asko beraz, bihotzez, munduz aldatzeagatik, egun batez behintzat, errealitatea aldatzeagatik, El show de Truman sortzeagatik nire etxe inguruan. Mila esker, besarkada merengatu bat, eta nola ez, hamazortzi muxu, justu justu.
Iruzkinak
wende 2007-09-17 22:51 #1
<p>gaur jaso ditut zure hamazortzi musu merengatuak. Berandu, badakit baina ulertzekoa da azken asteburu honetan ez naiz oso fin ibili eta... thanks zure hitzengatik... Nire burua zure hitzetan ikusi dudanean ez dut egunero bizi dudan pertsona ikusi, beste ikuspuntu bat baino eta hori eskertzekoa da. Gainera badakizu norberantzako onak diren gauzak beti hartzen direla esker onez... besteak direla irakurri nahi ez direnak... Horregatik bestelakoak ezin izan litezkeen milesker zintzoak. Bihararte!!</p>
Utzi iruzkina: