Apocalypse Now!

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2009-03-02 10:22



Bart euskal zein galiziar apokalipsien testigu izan ginen, edo, Galizian dudan osabak esan bezala, historiako bigarren domeka odoltsua. Ezker Abertzalearen ilegalizazioa medio, fronte espainolista nagusitu da parlamentuan. Askok hainbeste maite eta goraipatzen duten demokrazia honek kale egin du beste behin ere, Ezker Abertzalea era ilegitimoan parlamentutik botatzeaz gain, bozka portzentaiak ez baitira garrantzizkoak legebiltzarkiadeak banatzeko orduan. Esan bezala, fronte espainolista nagusitu da parlamentuan, legebiltzarkideen erdia eta bat gahiago baitauzkate internazionalistez mozorrotutako konstituzionalistek, baina Euskadik aldaketa eskatu duela esaten duten horiek bozken banaketa-sistemaren tranpa erabili baino ez dute egiten. Izan ere, PSOE, PP eta UPyDren bozkak batuta lortzen duten emaitza 482 839koa da, Aralar, EAJ, EA eta EBren bozkak batuz gero, ordea,  532 725 lortuko lirateke. Argia da bloke ez-espainolistaren garaipena, beraz, espainolistek era bidegabean bereganatu dute parlamentua bozken %25,72az, ez-espainolisten %28,38aren aurrean, eta hori guztia, noski, D3Mren bozkak kontuan hartu gabe (kontuan hartuta 633 649 bozka edo %33,72ak egingo lioke aurre Lópezi). Eta, hori zergatik? Zergatik baimentzen du daukagun hausteskunde-legeak herritarron hitzaren gainetik trikimailu matematikoak gailentzea? Zergatik balio du arabar baten bozkak gipuzkoar batenak baino gehiago eta, gipuzkoarrarenak bizkaitarrarenak baino gehiago? Bidegabea dela beti pentsatu izan dut, parlamentua nola osatzen zen azaldu zidaten lehenengotik, baina, tira, horrekin ezin da orain ezer egin eta, gainera, betidanik izan dugu banaketa-sistema hori. Ez dugu beti izan, ordea, Ezker Abertzalerik gabeko parlamentua, argi eta garbi faktore hori izan delarik aurtengo hauteskundeetan determinatzailea. GARAri esker ezagut ditzakegu ilegalizaziorik gabeko hauteskundeen emaitza hipotetikoak:

Hauteskundeen emaitzak
Analisia

EAJ-PNV: 28 legebiltzarkide
PSE-EE: 23 legebiltzarkide
PP: 11 legebiltzarkide
D3M: 7 legebiltzarkide
Aralar: 4 legebiltzarkide
EA: 2 legebiltzarkide
UPyD: legebiltzarkide bakarra
EB: legebiltzarkiderik ez


D3M egon behar duen tokian egongo balitz, PSOE, PP eta UPyDk 37 legebiltzarkide edukiko lituzkete, hau da, ez lukete orain daukaten gehiengo osoa eta beraz, gobernatzeko aukerarik ere ez. Hauteskundeak EAJk irabazi dituen arren, eta bere garaipena pentsa baino handiago izan bada ere, ez dago zer egiterik. Litekeena da Patxi López Euskadiko lehendakari berria izatea inbenstidura-ekitaldian PP eta UPyDren laguntza jasota. Baina hala izango ez balitz  eta Ibarretxe lehendakaritzan jarraituz gero ere, jarraituko lukete eusko legebiltzarrean gehiengoa izaten eta beraz, bertan aurkezten diren lege-proposamen guztiak eurek onartu edo atzera botako dituzte. Dudarik gabe, azken hau, gaitzik txikiena izango litzateke administrazioa jeltzaleen eskutan jarraituko lukeelako, baina, zoritxarrez, ez zait oso probablea iruditzen.

Egon da berri on bat, hala ere, hauteskunde hauetan, berri on bakarra. Aralarrek lau legebiltzarkide lortu ditu, hots, aurreko hauteskundeetan baino hiru gehiago. Ezker Abertzaleko sektore "euskofaxista" estremistak pentsa dezakeenaren aurka, oso berri ona da ezkertiar eta abertzaleontzat gure ideologiara gehien hurbiltzen den alderdiaren gorakada, eta bere presentzia legebiltzarrean. Eta berri ona da, GARAk eskeinitako proiekzioei jarriki, Aralarrek lau legebiltzarkideak mantenduko lituzkeelako D3Mk zazpi lortuko lituzkeen bitartean (beti ere, kontuan hartuta, kanpaina salbuezpen egoera bortitz batean egin dela eta seguruenik, legala izan balitz bozka gehiago jaso izan lituzkeela). Horrek esan nahi du pentsaera ezkertiar eta independentistak hamaika eserleku beteko lituzkeela parlamentuan, eta hori, zalantza barik, oposizio garrantzitsua da EAJren eskubiko politikarentzako, EAren bi eserlekuak ere tartean ibiliko liratekeelarik. Zer gertatu da baina Ezker Batuarekin? Non daude duela lau urte zeuzkan bozken erdia? Non daude ezkertiar federalistak? Ezker Batuaren porrota, beren politika ezkertiarregia ez izan arren, ezkertiar guztion porrota da, izan ere, EA bezala, EAJren ezkerrean kokatzen da, eta erabakiak hartzeko orduan, garrantzitsua izan daiteke. Gainera, berebiziko garrantzia dauka legebiltzarrean aspaldidanik egon diren alderdiak bertatik ez desagertzeak, futbolean bigarren mailara jaistea bezala izan daitekeelako, hau da, gero benetan zaila izango delako eserleku horiek edo hori berreskuratzea. Eta hori ez litzateke batere onuragarria izango, izan ere, parlamentua kolore askotakoa izan behar da, Galizian gertatu dena gerta ez dadin: baliozko botoaren erabilera politiko-erretorikoa eta ondoriozko katastrofea, hots, botere osoa alderdi batean pilatzea eta legebiltzarreko eserlekuak hiru alderdiren artean soilik banatzea. Badirudi PSdeG-BNG koalizioak nahiko gaizki egin dituela gauzak lau urte hauetan eta lehenengo aldiz, PPk buru berria edukita eta botereak ematen zion egoera pribilegiatuan egon gabe (honek ematen zizkion fraude erraztasunak izan gabe) aipatu koalizioa zigortzeko bozkak jaso dituela. BNG gobernuan egoteak galiziarrentzako eta haien kulturarako zekartzan onura gutxi horiek desagertuko direlarik.

Sunday, bloody sunday berri bat, beraz, atzokoa, Galizian zein Baskongadetan (distantziak gordeta beti ere). Geratzen zaigun bakarra da, lau urte hauek ahal bezain azkar pasa eta dena zegoen moduan geratzea, edo behintzat, aldatzekotan, onerako aldaketa izatea.


Utzi iruzkina: