AHT Gelditu! Elkarlana aurrera!

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2008-12-18 08:19




Lehengunean esan nuen gabonetan idatziko ez nuela ia, baina goizetan irratiarekin batera esnatzeak odola kiskaltzen dit. Orain AHTaren kontrako plataforma da eraso guztien helburua. Bere aldetik atentatuaren balorazio etikoa espero izan da, are gehiago, oso ardura handia egotzi zaio. Plataforma hau eratzen duten pertsonek atentatua egin izan balute bezala. Baina ez da horrela eta, beraz, ez dute ETAk egindakoaren erresponsabilitatea bere gain hartzeko inolako beharrik. Zergatik egin behar du AHT Geldituk inolako balorazio edo juizio etikorik? Nire ustez, ez dago horretarako arrazoi bat bera ere. Hala ere, komunikatu bat plazaratu zuten atzo, hemen dago irakurgai.

Komunikatuan, AHTaren kontrako borrokan orain arte erabilitako bide baketsuak erabiltzen jarraituko dute esan dute, eta horrek automatikoki desmarkatzen ditu atentatutik. Hau da, ez doa beraiekin. Ezin zaie eskatu ardurarik. AHTaren kontrako plataformak mugimendu sozialaren bidez nahi du gelditu Madrilgo Gobernuak eta Euskaltzaidiak batera inposatutako azpiegitura hau. Euren aldarrikapenetan ahalik eta jende gehienaren laguntza eta babesa lortuz, informazioa zabalduz, herri kontsultak eginez... nahi dute AHT delako munstroa gelditu. Zer dago ba haiei esateko? Ezer ez, euren betebeharra zena baino gehiago egin dute nire ustez, atentatuaren ondoren modu batean edo bestean erreakzionatzea, eta uste dut posiziorik egokiena hartu dutela.

Zergatik tardatu dute hamabost egun atentatuaren inguruan zerbait esateko? Zergatik ez dute atentatua kondenatu (benetan gorroto dut hitz hau)? Horiek dira medioetan entzuten diren galderak, horiek, AHTaren kontrako mugimendu osoa kriminalizatzen saiatzen direnak. Pixkat pentsatuz gero, oso erraza da erantzuna. AHTaren aurka borrokatzen ari den jende guztia, kausa komun batek bildu du. Helburu komun batek. AHTa gelditzea. Helburu hori nola lortu adostea izan behar da hurrengo helburua. AHTa gelditzea nola lortu, hain zuzen, eta ez Euskal Herriaren independentzia nola lortu, sozialismo bat ezartzea nola lortu edo krisi ekonomikoa gainditzea nola lortu. Gai horiek batu ez dituztenetik, iritziak oso anitzak izan daitezke, kontrajarriak guztiz euren artean. Zenbait helburu lortzeko orduan indarkeria zilegi den ala ez, horretan ere ez dute zertan ados egon. Komunismoa ezartzeko diktadura iragankor bat zilegi ote den, hori ez da AHTaren kontra borrokatzen direnen kontua, kolektibo bezala. ETAren atentatua ongi ala gaizki iruditu zaien... hori ere ez da AHTaren kontrako plataformaren kontua. Mugimenduan parte hartzen duen pertsonen arteko diskrepantziak seguruenik egongo dira, ala ez, batek daki. AHT Gelditu! Elkarlanak egin du, egina zuen zerbait eta errepikatzeko eskatu zaiona, helburuak eta hauek lortzeko bideak zeintzuk izango diren finkatu. Bideok baketsuak izango dira, eta horrek, beraiek esan duten bezala, ETAren atentatutik aldentzen du kolektiboa. Más claro, agua.

Nahikoa da ETAren aitzakiarekin kolektibo ezberdinen kriminalizazioa bilatzeaz. Lotsagarria da Euskal Herrian kontu honekin gertatzen ari dena. Zein izango da hurrengo pausua, kolektibo, soziedade, enpresa, sindikatu, denda, taberna eta antzekoetara joan eta bertako ardura dutenei "iritzi bakar" hori inposatzea? Nor da askatasunaren bortzatzailea? Zergatik erabili behar ditut zuon hitz berberak ETAren izaera baloratzeko? Ez al didazue iritzi propioa izaten utziko?


Barra kode batek.


Utzi iruzkina: