Oskar Matuteri elkarrizketa 'Mondraberri'n
Mondraberri Arrasateko aldizkaritik ekarria:
'Arrasateko Alternatiba-Zutik elkarlana herri guztietan gura genuke'
Alternatiba organizazio berri bat da, hain justu, Euskal Herriko ezker
guztiak batu nahi dituena, eta funtzionamendu asanblearioa daukana.
Oskar Matute gaztea Alternatibako sortzaileetako bat da eta organizazioko ordezkarietako bat. Proiektu politiko honen xehetasunak eman dizkigu, eta egoera politikoari eta krisiari buruzko balorazioak egin dizkigu.
Ez da erraza izango alderdi politiko bat sortzea eta aurrera eramatea…
Ez, ez da erraza. Guk esaten dugun bezala, zorakeri liluragarri bat da. Esfortzu bat egiten ari gara aukera politiko bat indartzeko, ezkerreko militante kontsideratzen garelako, gure aurreko esperientzietan huts egin digutelako eta uste dugulako Euskal Herrian badagoela berreraikuntza espazio bat, eta lan hori ezker alternatibo batek egin behar du.
Ezker hori erradikala da eta ez dio beldurrik sistemari aurre egiteari, sistema hori gainditu gura du-eta. Horretarako bideak hiru dira: Mobilizazioa, borondateak batzea eta esfortzuak batzea.
Hori guztiori ez da erraza, bizi dugun garaia desmobilizazio sozial garaia delako. Baina sinistuta gaude (eta esperientziak halaxe esaten digu) oraindik aukerak daudela Euskal Herriak merezi duen Ezkerra izateko. Bai potentzialitateari dagokionez, baita bere proposamenen kalitateari dagokionez ere.
Horrela lortuko dugu dinamika segidistekin amaitzea, hau da, beste ezker batzuek eraman dituzten tendentziekin amaitzea. Aire freskoa behar da eta aire freskoa eman nahi dugu.
Guk beti esaten dugu Euskal Herria dela leku bakarrenetako bat oraindik mantentzen duena erradikalki alternatiboa den gizatalde zabal bat. Hori baliatu beharra dago abstentziora joan ez dadin, edo tokian tokiko lanera mugatu ez dadin.
Hori ez zen posible Ezker Batuan?
Ez. Ezker Batutik etorri ginenok gure ahalegin guztiak egin genituen Ezker Batuak hori egin zezan, hau da, benetako ezker bat izan zedin. Bere ekintzekin justifika zezala hitzekin esaten zuena.
Baina ez zen posible izan, Ezker Batuko egituragatik eta konposizioagatik. Eurek apustu egin dute fundamentu gabeko gestio baten alde, edozein preziotan, Transformaziorako gestioa baztertuz.
Beraz, Ezker Batuan ez geneukan gehiago esaterik eta ekarpen gehiago egiterik. Gainera eurek ez zuten nahi. Beraz, nolabait esateko, erabakia hartzera lagundu gintuzten…
Azpimarratu behar da Alternatiba barruan gehiago direla Ezker Batuan egon ez zirenak, Ezker Batuan egon ginenak baino. Eta hori positiboa da. Alternatibako parte dira, bai aurrez beste esperientzia politikoetan aritutakoak, baina baita aurrez inon militatu ez duten pertsonak ere.
Ze eskaintzen die Alternatibak herritarrei?
Gu ideia askokin jaio ginen, baina oinarrizkoenak bi dira, hain justu, gure borondate osoa armatzen dutenak: Lehenbizi, gu ohartzen gara Ezkerraren atomizazioan jaio garela, izan ere, Ezkerraren eskaintza oso zabala da, orain dela urte batzuk pentsaezina zen. Baina atomizazio hori, arrisku bezala hartu ordez, aukera bezala hartzen dugu.
Ildo horretan, bi elementu gako dauzkagu: Ezker Euskalduna batzea. Gu ez gara jaio atomizazioa areagotzeko, baizik eta aktibatzeko abstentziora jotzen duen jendea, edota alderdi tradizionaletan aukera egokia, baliagarria eta atsegina ikusten ez duen jendea aktibatzeko. Jende hori guztiori lan militantera atxiki gura dugu. Zertarako? Ezker Euskaldunaren alde lan egin dezagun buru-belarri.
Bigarren elementua da organizazio bat eraikitzen dihardugula egungo organizazioekiko erradikalki ezberdina dena. Hau da, ezin dugu lau haizeetara sistema honen injustiziak salatu, eta ezin dugu ez dakit zer-nolako demokrazia exijitu, bitartean organizazio barnean hori aplikatzen ez bada.
Organizazio politikoetako kastak ohitu dira erabakiak hartzera bere organizazioetako baseen gainetik. Gu jaiotzen gara proiektu erradikalki ezberdin batekin: Erabat asanblearioa da, baseek hartzen dituzte erabakiak eta egiturak mugatzen dira erabaki horiek gauzatzera. Asanbladak sarritan egiten dira, eta ez bakarrik lau urtean-edo.
Bigarren ideia nagusia da gura dugula herri honetako Ezkerra batzea, ezker alternatibo bat sortzeko, indartsua izango dena boto kopuruari dagokionez eta kaleetako eta herrietako presentziari dagokionean.
Esaten da demokrazian sakondu behar dela, baina gero praktikan jendeak orokorrean politikaz paso egiten du. Zelan ematen zaio buelta horri?
Faktore ezberdinak daude. Lehenengoa da azken 15 urteetako klase politikoak (eta aurrekoak seguruenik ere) oso gutxi egin duela politikari prestigioa emateko.
Politika ulertu behar da jendearen bizitza-baldintzak hobetzeko erreminta bezala. Baina ez da bakarrik norberaren bizitza-baldintzak hobetzea: Baizik eta, norberaren eta besteen bizitza hobetuz, sistema bat gainditzea, sistema horrek ezberdintasunak sortzen baititu.
Beste faktore bat da herri honetako ezker bat ere ez dela kezkatu mobilizazio gune berriak bilatzeaz. Oso erraza da sozialistak, komunistak,… banatzea edota abertzaleak, independentistak, ez-independentistak,… banatzea. Baina ez da egon ezker bat erabaki duena Ezkerreko tradizio guztiak batzea, ideologia berrindartu bat abian jartzeko.
Feminismotik, ekologismotik, soberanismotik, elikagai-soberanismotik,… atera behar da Ezkerraren espresio berria. Alternatiba izan behar da borroka-tradizio horien sintesia.
Hirugarren faktorea abstentzioa da. Abstentzioari heldu behar diogu. Abstentzioa ez da handitzen eskumako ilusio gabekoekin, baizik eta Ezkerrekoekin, seguruenik ez dutelako alderdietan ikusi alternatiba sinisgarririk ezta posizioetan sendotasunik ere. Ez dute alderdi horietan koherentziarik ikusten.
Oso erraza da norberera ezkertiartzat bezala aurkeztea, eta noizean behin sozialismoa goratzea, baina gero instituzioetan akordioetara ailegatuz, ez da Ezkerraren helburuekin bat egitea.
Are gehiago, horrek indartzen du orden neoliberala eta bertan behera botatzen du balizko alternatiba bat.
Seguruenik goizegi da hurrengo urteko hauteskundeetaz hitz egiteko, baina nola aurkeztuko da Alternatiba zita garrantzitsu horretara?
Alternatiba hauteskundeetan izango da, hori da herritarrek jakin behar dutena. Bozketetan egoteko bi premisa izango ditugu: Gure burua antolatuko dugu, hazten saiatuko gara, eta Euskal Herriko txoko eta herri guztietan egoten ahaleginduko gara.
Jendea konbentzitzen ahaleginduko gara, jendea Ezkerraren berrindartzearen proposamenera ekarriz. Eta horixe egingo dugu, hori beharrezkoa delako Ezker Euskaldunaren ekintza bateratua gorpuzteko.
Jakin badakigu ezker horren parte txiki bat garela, ez garela bakarrak, baina parte hori martxan jarri nahi dugu. Ezker Euskaldunaren bategitea posible izango da hauteskundeetan? Hori faktore askoren arabera dago.
Zelan ikusten duzu Arrasateko Alternatiba?
Arrasateko Alternatiba-Zutik-eko kide asko lehen Ezker Batuko nire erkideak ziren. Eurek beti mantendu dituzte tesi eta jarrera batzuk Ezker Batuarentzat nahi genituzkeenak, bai horixe, eta abangoardia izan ziren.
Adibidez Zutik-ekin batera egindako koalizioa, begi onez ikusteaz gain, desiragarria ere bazen organizazio guztiarentzat garai hartan. Hemen bide oso interesgarri bat zabaltzen ari da.
Hemerotekan begiratzen duen edonor konturatzen da Ezker Batutik irten ginenok izan ginela momentu zailetan gure erkideei lagundu genienak, bai Miguel Angel Blanco-ren atentatuaren garaian (Ezker Batuko ordezkariek presio handia jasan zuten), baita Isaias Carrasco-ren atentatua izandakoan ere. Presioak eta irainak jasan zituzten gure ustez duinak eta zentzuzkoak izan ziren tesiei eta jarrerei eusteagatik. Euskal Herriko ezkertiarrak horiei eutsi behar die. Guretzat Arrasatekoa erreferentzia bat da, leku guztietan hori egin gura dugulako.
Alternatiba Polo Soberanistako parte izango da?
Gure mugimendu bakoitza bideratuta dago etorkizunean Ezker Euskaldun berrantolatu bat lortzera, ekintza bateratuaz jokatuko duena. Horregatik gu ezin gara sartu inora aurretiazko baldintzak jartzen, proiektua ukatzen.
Guk jakinminez jarraitzen dugu prozesu hori, eta bi zalantza nagusi ikusten dizkiogu, jende askok bezala: Ze egingo du Barne Ministerioak? Ze egingo du ETA-k? Edonola ere, guk ez daukagu inolako debekurik ezarrita, gu geu baikara erabakitzen dugunok norekin hitz egin. Guk geuk erabakiko dugu nahi dugun aukerak aztertzea edonorekin. Baina badakigu zailtasunak daudela.
Halere, Alternatiba bloke horretan edo beste batean egoteko, bi justifikazio behar ditu: Lehenik, blokea argiki ezkertiarra izan behar du, herri honek Ezker indartsu bat behar duelako. Eta bigarrenik, bloke barruko parte bakoitzaren autonomia errespetatu beharko da. Hau da, ez dadila egon abangoardia bat blokearen sentimendua mugatuko duena.
Ildo horretan, guk oso argi daukagu: Ez daukagu asmorik gure hazkundea frenatzeko edo oztopatzeko.
EA saiatzen ari da horrelako zeozer egiten, baina Gasteizko Gobernuko Barne Saila oztopatzen ari zaio. Zelan gainditu daiteke traba hori?
Ezkerrak ez ditu maite orokorrean Barne Sailak, edonongoa dela. Egungo Gasteizko Gobernuko Barne Saila da polizia politikoaren paradigma. Koakzio beso bat da, ideario politiko baten zerbitzura dagoena. Ideario horrek gura du gobernu bat boterean eustea, eta gobernu hori ez litzateke posible normaltasun politiko batean. Gobernu hori PPrena eta PSOErena da.
Gobernu hori saiatzen ari da, botereak ematen dizkion baliabideekin, ezinezko egitea edo oztopatzea egungo hauteskunde-mapa politikoa aldatuko lukeen edozein aukera.
Mapa hori zatiturik dago, eta milaka herritarren eskubide demokratikoak murrizten ditu. Rodolfo Ares-en paperak (eta bere erabakiak onartzen omen dituen) Patxi Lopez-en paperak kalkulu elektoralista eta errebantxa kutsua dituzte.
Guk hori behin eta berriz salatuko dugu, guretzat komenigarria izan ala ez. Salaketa hori edozein kalkulu elektoralistaren gainetik dago. Horri errespetu demokratikoa deritzo.
Gobernu hori ilegitimoa da eta saiatzen ari da euskal herritarren berritze mental bat burutzen. Nola? Bere hedabideen manipulazioarekin (ETBri ematen dioten papera, kasu), Hezkuntzako eredu linguistikoen aldaketan,… Saiatzen ari dira boto-emaileak euren komeni zaienera erakartzea.
Ildo horretan, eskubideak eta askatasunak zapaltzen dihardute, eta herri honen identitatea baztertzeko eta isilarazteko ahaleginetan dabiltza. Identitate hori existitzen zen PSOE sortu baino lehen, nahiz eta alderdi oso zaharra dela dioten.
ETA-k berriki adierazi du apustu egiten duela “bide demokratikoen alde”. Behar bezalako kasu egin zaio iragarpen horri?
ETA-ren azken urteetako ekintzek ez dute konfiantzarik eragiten. ETA-k euskal herritarren konfiantza hautsi du mila aldiz. Su-eten bat hautsi duen bakoitzean, hautsi egin du herritarren gehiengoaren konfiantza, eta ausartuko nintzateke esatera baita ezker abertzaleko jendearen gehiengoaren konfiantza ere.
ETA-k egin dezakeen gauzarik onena da bere desegitea iragartzea, ez bakarrik arrazoi etikoengatik (baina baita horiengatik ere, noski), baita arrazoi taktiko eta politikoengatik ere.
ETA-k ere ez dezala zalantzan jarri soluziorako ekimen politiko bat. ETA indarrean egoteak zalantza hori eragiten du. Bezainbesteko argiak dira ETA-ri diogun oposizioa eta guk autodeterminazio eskubidearen alde egiten dugun defentsa.
Soberanismo ezkertiarretik aldarrikatzen dugu Euskal Herriarentzat autodeterminazio eskubidea, eta uste dugu aldarrikapen horretan aurkitzen dugun oztopo nagusietako bat dela ETAren existentzia. Horrek oztopatzen ditu jendea batzea, mito faltsuak apurtzea eta enpatiak eta sinpatiak sortzea.
Ze balorazio egiten du Alternatibak krisi ekonomikoaren gainean?
Nik uste horrelako momentuetan ikusten dela argiago sistema hau eraikitzen dela milaka eta milaka pertsona kaltetuz. Batzuek diote lehen herritarrak bizi ginela geure posibilitate ekonomikoen gainetik (nola jakin zezaketen hori? Hori benetan horrela zen?).
Orain ez daude soilik gazteak eta emakumeak kaltetuta: Gizon heldu asko ere kinka larrian daude.
Bankuetako administrazio kontseiluei eusten dieten lau pertsonek jubilazio eskandalugarriak lortzeko, eta bankuek mozkinak izateko, beharrezkoa da hamar milaka pertsona kale gorrian geratzea, babes barik eta benetako dramak jasanez egunerokotasunean.
Partxeak izango dira sistema hau gainditzeko ez diren ahalegin guztiak. Krisiak ziklikoak dira, krisi hau denbora asko irauten dabil, diotenez azken 80 urteetako txarrena da.
Baina honen ostean beste krisi batzuk helduko dira, baldin eta ez bagara kapaz berreskuratzeko krisi honen hasieran indartu zen eztabaida. Eztabaida horretan askok adierazten zuten modelo honek ez digula balio, ezberdintasunak sorrarazten dituela, ez duela berdintasuna ekartzen eta jende asko uzten duela gutxieneko babes sozialetik baino beherago.
Guk edozein pribatizazio salatzen dugu, ongizate gizartea ahultzeko edozein saiakera. Badirudi krisialdietan planteatzen dela publikoa ahultzea, pribatua indartzeko.
Adibidez, lurzoruak ematea prezio barregarrietan, enpresa pribatu handiak jar daitezen. Zementu gehiago, euren lagunak diren konstruktoreek diru gehiago irabazten jarrai dezaten. Zementuz betetzen ari dira Euskal Herri osoa, gure bailarak eta herriak, AHTaren bidez, Urdaibain Guggenheim bat eginez, Pasaiako Superportuarekin,… Azpiegitura horiek ez diete erantzuten jendearen beharrei.
Eta horren aurrean, ze planteatzen duzue?
Gure eredua alternatiboa eta askozaz ekologikoagoa da. Defendatzen dugu Europan indarra hartzen ari den ideia: Beheratzea. Seguruenik produzitzen ari gara behar duguna baino askoz gehiago. Zergatik ez dugu eten bat egiten pentsatzeko ea zelan asetzen ditugun gure beharrak?
Gelditu behar ditugu klan enpresarialak aberasten dituzten produkzioak. Horretaz gain, ez dugu onartuko babes sozialean inolako atzerapausorik. Erabat aurka gaude oraingo gizarte-eskubideen murrizketekin.
Aberrazio bat iruditzen zaigu jubilazio-adina 67 urtera atzeratzea. Orain gutxi arte planteatzen zen lan gutxiago egitea jende gehiagorentzat lana egon zedin. Orain bere burua lotsagabeki sozialistatzat daukan alderdi batek planteatzen du jubilazio-adina atzeratzea, jende askoren lan-merkaturako sarrera oztopatuz. Horrelako mila adibide daude.
Guk defendatzen ditugu 1.200 euroko errenta minimoa, asteko lanorduak 35era murriztea, produkzioa murriztea aurrera egiteko,… Ulertzen dugu “beheratze” hitzak beldurra eragin dezakeela, baina hausnarketarako elementu garrantzitsua da. Horrek ez du esan nahi langileak kaleratuko direnik. Kaleratzen dira deslokalizazioak aplikatzen direnean, kapitalismo basatiarekin,…
Guk bide sostenigarri bat planteatzen dugu, errespetu ekologikoan oinarritua, eta ondorengo baieztapenean: Natura ez dago ekonomiaren zerbitzura, baizik eta ekonomiak egon behar du naturaren ahalmenen barruan. Mezu horiek gutxi entzuten ari dira, baina potentzialitate handia dute.
Denok ohartzen gara olatu kontsumista oinarritzen dela hondakinen sorreran, behar ez ditugun ondasunen produkzioan, zoriontasun faltsu batean (badirudi zoriontsu izan behar dugula dauzkagun objektuak edukitzeagatik, eta ez objektuetaz gozatzeagatik).
Hortaz gain, ERE guztien aurka gaude, baldin eta langileen ordezkariek ez badute aho batez onartu. Uste dugu Dialogo Sozialaren Mahaia ez dela ideia ona, are gehiago, engainu hutsa da kanpoan uzten duelako herri honen gehiengo sindikala. Gure ustez Jakintsuen Kontseilu adar-jotze bat da, enpresa handietako kidez osatuta baitago.
Gipuzkoa Aurrera iruditzen zaigu gizartea inplikatzeko erarik txarrena. Bizkaian proiektu leloak daude, San Mames Barria adibidez. Gasteizen zementu gehiago botako dute AHTarekin, saihesbideekin eta kartzelatzar batekin. Horrek yankee-n eredua dakar, eta ez estilo nordikoa, lehen esan zuten bezala.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: