Lehiakortasuna

alternatiba 1456130686283 Alternatiba | 2010-02-04 18:07


Otsailaren 7, 8 eta 9an, Europar Batasuneko espainiar presidentziarekin erlazionatu ekitaldien artean, Lehiakortasunaren Europako Kontseilua ospatuko da Donostian, non -beste hainbat pertsonaien artean- Batasuneko 27 estatuen Industria, Zientzia eta Teknologia ministroak bilduko diren.




Hitz politek intentzio txarrak izkutatu ohi dituzte. Beren ontasunaz inork zalantzarik ez duen hitzak erabiliz, birtualki biluzten gaituzte aireportuetan segurtasunarenizenean, gure paisaiak zanpatzen dituzte garapenaren izenean, alderdiak legez kanpo uzten dituzte demokraziaren izenean eta herrialdeak inbaditzen dituzte askatasunaren izenean. Antzeko zerbait gertatzen da lehiakortasuna kontzeptuarekin, zein pertsona bati, enpresa bati edo herrialde bati aplikatuz gero, positibo bezala ikusten du gizartearen gehiengoak.

Baina zer esan nahi du benetan lehiakortasun hitzak? Adibide konkretuak bilatuz gero, ikusiko dugu gaur egun pertsona bat lehiakorragoa izango dela lanbide zehatz bat soldata murritzago baten truke egitea adosten badu; enpresa bat lehiakorragoa izango dela lehengaiak garapen bidean dauden herrialdeetatik lortzen baditu; eta herrialde bat lehiakorragoa izango dela bere lurraldean ingurugiroaren makina txikitzaile gehiago sortzen badira, kotxe bezala ere ezagutzen diren hoiek… izan ere, nahiz eta hauek elektrikoak izan edo hauei “ekologiko” adjektiboa ipini, energi kontsumo ez sustengarria suposatzen jarraitzen dute.



Beraz, lehiakortasunaren ontasunak baloratu baino lehen, beharrezkoa da Kontseiluko parte-hartzaileei honako galdera hau luzatzea: nola eta zertarako sustatu lehiakortasuna? Unibertsitate sistemak eraldatuz enpresen zerbitzura ipintzeko, beraien intereserako onuragarriak direla erakusten ez duten ikaskuntza edo aztergai oro desagerraraziz? Europar Batasuneko enpresei askatasun osoa emanez Batasuneko beste herrialde batera joan eta bertan eskulan merkeagoa kontratatzeko, langileoi baldintza laboral okerragoen edo emigratzearen artean aukeraraziz? Hirugarren munduko herrialdeetan finkatuta dauden multinazionaletatik etekinak ateratzen bere garapen autonomoa ekiditzeko, ipar eta hegoaren arteko desberdintasunak areagotu eta betikotzen diren bitartean?

Nahi ezkero galdera hauei erantzuna bilatzen saia zaitezkete hurrengo igandean Miramar Jauregian ospatuko den afarian zuen kide europarrekin gehiago zein asetzen den lehiatuz; baina batez ere, ez zaiteztela zuen segurtasunaz arduratu, Kopenaghen argi geratu zen bezala eta herri onetan ongi ezagutzen dugunez, berau ziurtatuta baitago estatuko segurtasun indarren arteko lehiakortasunari esker.



Amaitzeko, esan daitekeen bakarra lehia guztietan irabazle eta galtzaileak daudela azpimarratzea da, eta orain pairatzen dugun Europar Batasun neoliberal bati lehiaren legeak ezartzea uzten badiogu, jada aurreratu dezakegu galtzaileak zeintzuk izango diren: herrialde garatuetako langileon lan baldintzak, garapen bidean dauden herrialdeetan jaiotzen diren pertsonen biziraupen aukerak eta gu guztiok babesten gaituen planetaren ingurugiroa.

Horregatik Alternatibatik, kapitalaren interesen arabera sortu eta mantendutako Europar Batasun baten aurrean; bere herritar guztien, zein berau osatzen duten nazio guztien -estatuarekin edo estatu gabe- eskubideak bermatzen dituen Europar Batasun bat aldarrikatzen dugu, gainontzeko munduko populazioaren kontra dihoazten erabakiak alde batera utziz, argi baitaukagu mundura ez garela inorekin lehiatzera etorri.

Xabier Soto
Alternatibako kidea
Kapitalaren Europaren Aurkako Plataformaren kidea


Utzi iruzkina: