KRISITIK ATERATZEKO 10 PROPOSAMEN EGINGARRI: ESKUBIDE GEHIAGO, GIZARTEAREN ESKU HARTZE HANDIAGOA ALDE SOZIAL MURRITZAGOAK, PRIBILEGIO GUTXIAGO
1. Ekonomia sozial eta solidarioa lehenestea. Parte hartze aktiboa, elkartasuna, berdintasuna, bazterketaren amaiera eta feminismoa helburu izango dituen ekonomia eredurantz jo behar dugu, hau da, pertsona guztien beharrak asebetetzea helburu izango duen eredurantz.
2. Demokrazia ekonomian. Benetako demokrazia egongo bada arlo ekonomikoa gizartearen kontrolpean izango da, bere azken helburua bete dadin: guztiontzako bizi baldintza duinak garatzea. Planifikazioa eta aurrekontu parte hartzaileak administrazio publikoetan derrigorrezko izatea proposatzen dugu, eta hauek zein enpresa handiak hobeto kontrolatzeko sistemak ezartzea.
3. Ekonomia ekologiaratu. Energia aurreztea eta iturri ekologiko berriztagarriak lehenestea, energia kudeatzeko sistema publiko bati esker. Zentral termikoak eraistea, Garoña ixtea eta ziklo konbinatuko zentralen eraikuntzari amaiera ematea. Ingurugiroa kaltetzen duten zentralak ixteko ez da nahikoa energia berriztagarrien ekoizpena handitzea soilik, baizik eta honekin batera funtsezkoa da energia kontsumoa murriztea eta energia esparrua nazionalizatzea.
Garraio birrintzailearen amaiera: errepideen eta AHTren eraikuntza etetea eta garraio publikoari zein tren sozialari bultzada handia ematea.
Zaborren kudeaketa jasangarria: zaborrak errausketarik gabe kudeatzea posible da, hondakinak murrizten baditugu eta arazoaz jabetzen bagara. Atez ateko hondakin jasotze sistema babestea.
4. Elikadura subiranotasuna babestea. Elikadura subiranotasun babeserako politika aktiboak, indarrean den eredu agroindustrialaren ordez: ekoizpen bide agroekologikoen defentsa, nekazal ekonomiena, ekoizle-kontsumitzaile zirkuitu laburrena eta tokian tokiko merkatuena. Natur baliabideen (ura, lurra, haziak,…) kudeaketa egituratzea, modu kolektibo eta sozialean. Transgenikoen erabilpena debekatzea eta arloko transnazionalen aurka borrokatzea.
5. Enpleguaren kantitatea eta kalitatea zabaltzea lehentasun: lanaren banaketa eta erretiroa 6o urtera aurreratzea. Sistemari lotua zaion langabeziarengatik, eta azken hamarkadetan soldata masa kapital errentekiko modu nabarian murriztu egin dela ikusirik, egoera iraultzeko neurri ausartak mahaigaineratu behar dira. Soldata jaitsi gabe, lanari eskainitako denbora murriztea proposatzen dugu, hobeto banatuko bada. Halaber, gizarte osoaren ongizatea handituko litzateke, eta politika zein gizarte ekintzara edo aisialdira berara ere denbora gehiago eskaintzeko aukera izango genuke.
Ildo honetatik, erretiro diru-saria 60 urtera jaistea ere proposatzen dugu, zerga sistemak finantziaturik beharrezkoa balitz. Espainiar estatuarena bezalako egoeran, non Europako gazte langabetu tasa handiena ematen den, egokiena erretirorako adina aurreratzea –inola ere ez atzeratzea- izango litzateke, gazteen lan merkaturatze duina bermatu ahal izateko. Erretiro-sariak, gainera, langileen eskubidea izanik, egokien deritzon bidetik ordain litezke, baita zergetatik euretatik ere. Azkenik, hauek kalkulatzeko sistema aldatu beharra dago –kotizaziorako gutxieneko urte kopurua, azken urteei emandako lehentasuna,... – pertsona bakoitzaren errealitateari hobetu egokitu dakion.
6. 1.200€ko lanbide arteko gutxieneko soldata. Kopurua igo egin behar da europarrekin parekatzeko; hala, soldata baxueneko langileak benetan babes ditzan.
7. Kontrol sozialeko banku sistema nazionalizazioa. Estatu indartsua nahi dugu eskubideen eta berdintasunaren babeserako, ahula, ordea, errepresioari dagokionean. Ildo honetan, bere oinarrizko benetako funtzioa beteko duen finantza sistema nahi dugu: herri klaseen ekonomia ekimenak sustatzeko dirua mailegatzea. Egungo sistemak, aldiz, pribatu eta arautugabea bera, norbanakoaren aberastasun neurrigabea besterik ez du bilatzen, herritar guztien baliabideak jokoan jarrita. Inolako kontrol publikotik ezkutuan, bere burua arriskuan jartzen duen sistema ilun eta itxia sortu da, hipotekatuei bizitza osorako uztarria jartzen diena. Bada garaia erakunde publikoek enpresa eta familietara iristen ez den diruaren gaineko kexak egiteari utz diezaioten. Tresna hau berriro ere gizarte eraldaketaren zerbitzura jartzea da konponbidea.
8. Zainketaren inguruko politika publiko aktiboak sustatzea. Alternatibakoek lana kontzeptu globaltzat dugu, soldatapeko enpleguaz gain gizartearen iraunkortasunari eusten dion edozein jarduera beharrezko barne hartuta. Beraz, zainketa lanak, batez ere emakumeen ardura izan direnak, lantzat hartzen dugunaren funtsezko atala dira. Ezkutaturiko eta ordaindu gabeko lan hau onartu egin behar da eta estatistika orokorretan sartu. Erakundeek herritarren zainketarako eskubidea bermatu behar dute, familien (emakumeen) ardura bakarrik delako ideia albo batera utzirik. Horrela, mendekotasunari arreta emateko politika publiko aktiboak abiarazi behar dira, benetan eraginkorrak izan daitezen baliabideak jarrita. Egungo Mendekotasun Legearen eragina aztertu beharko da, emakume zaintzaileen egoera batik bat, eta dagozkion aldaketak egin , haurren zainketa lanak ere kontuan har daitezen. Halaber, zainketa lanetan gizonezkoen ardura elkarbanatuak sustatuko dituen edozein neurri bultzatu behar da.
9. Gizarte zerbitzuen gastu publikoa igotzea, zerbitzu publikoen hobetzean inbertituz, egungo pribatizazio olatua iraularazita: alokairuko etxebizitzaren aldeko apustua eginez –jabetza publikoa sustaturik-, etxebizitza hutsak merkatu publikoan sartzen hasita; zainketa sistema publiko eraginkorra bermatuz; gizon zein emakumeentzako hezkuntza publiko, laiko, askatzaile eta berdinzalea eskainiz; eta epe luzeko ezagutza helburu duen ikerketa publikoaren alde eginez.
10. Zerga sistema ikuspegi progresibo batekin berraztertzea: gutxiago ordain dezala gutxiago duenak, gutxiago irabazten duenak, gutxiago kutsatzen duenak eta gutxiago alperrik galtzen duenak. Beharrezko politika publiko guztiei aurre egin ahal izateko, zerga sistema indartsua behar da, aberatsei zerga jaitsiera moduan egin zaizkien opariak debekatuko dituena eta politika publikoak aurrera eramateko lain emango duena. Honetarako, hona gure proposamenak: Ondare Zerga edo aberastasunaren gaineko beste edozein berriz indarrean jartzea; BEZaren gaineko zerga igoeraren arbuioa; zerga ekologikoak sortzea; PFEZ (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) gehienezko tipo marjinala %50era igotzea, eta kapital gaineko errenta motak gutxienez %27ra; iruzur fiskalaren aurkako borroka eta arlo honetako zigorren gogortzea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: