Altxatzeko maiatzaren lehena: ekonomia-gizarte eredu berria, lan duin eta bidezkoa denontzat.

alternatiba 1456130686283 Alternatiba | 2010-05-01 01:58


Krisia sortu zuten horiexek, planeta bere baliabideen mugara eraman dutenek, egun herritarrek jasaten ditugun langabezia eta prekarietatea sortu dituztenek egungo egoeratik onik eta inolako kalterik gabe atera nahi dute, langileon eskubideak urratzen jarraituz.

Iritsi da, baina, ezezkoa emateko garaia:

Ezezkoa zuen politika eta neurri bidegabeen ardura guri egozteari!

Ezezkoa zuen patrikak ikutu gabe gure bizi baldintzak okertu besterik egiten ez duten erreforma eta proposamenei.

Ezezkoa zuen gezurrei, bada-eta alternatibarik miseria eta bidegabekeriaz osaturiko zuen kudeaketaren aurrean!

Azken hamarkadetan zehar soldata sariak progresiboki murrizten joan diren bitartean, enpresarien irabaziek gora besterik ez dute egin. Honako irizpidea da nagusi egun Europan, Espainian zein Euskadi eta Nafarroan: kosta ahala kosta, enpresarien irabaziei eutsi behar zaie.

Ildo honetatik doaz hainbat neurri: erretiratze adina 67 urtera luzatzea –neurri honek areagotuko luke dagoeneko altu dagoen gazteen langabezia tasa-; langileak kaleratzea merkatzea edo 24 urtera igotzea gazte kontratua izateko adina; Europar Batzordeak lanaldia 65 ordura luzatzeko duen borondatea; merkatal gune handien ordutegiak zabaltzea; enpresentzako diru laguntzak igotzea gizarte gastuen kaltetan; Bolkenstein direktibaren araberako lan baldintzak okerrerako berraztertzea; etxeko langileen eskubideak onartzeko zailtasunak; enpresa toxikoen jarduerak jarraitzea; paperik gabekoak esplotatzea ahalbideratzen duen egungo atzerritarren legea; eta legezko kontratua duen gero eta jende gehiago pobreziaren langa azpitik izatea. Hauek guztiak aipaturiko neurrien ondorio dira.

Beti aurrera jarraitze honen parean, gauzei berdin eustearen aurrean, langileek oso garbi adierazi behar diegu ez gaudela gehiago jasateko prest, euren eredua bidegabea eta eraginkortasun-gabea dela, eta denon artean eredu berri alternatiboa abiarazteko prest gaudela, geure eskubideak defendatuko eta gutxi batzuen irabaziak barik gizakiaren duintasuna lehenetsiko duen eredua, alegia. Eredu hau bideragarria dela azpimarratu behar diegu: beste ekonomia eta gizarte eredu bat posible eta beharrezkoa dela, ekin diezaiogun honen eraikuntzari!
 
Ildo honetan, enpleguaren kalitatea eta kantitatea handitzea funtsezkotzat jotzen dugu. Enplegua hobeto banatzeko, lan orduak murriztea da gure proposamena, soldata-sariak murriztu gabe, irabazi tasa izugarri horiek har dezatela bere gain!. Halaber, gora egingo duen Europar Lanbide arteko Gutxieneko Soldata behar da, bizitza duina bermatzeko; eta etxeko langileei besteei adinako lan eta gizarte segurantza eskubideak emango dizkien lege aldaketa ere beharrezkoa da.

Erretiratze adina 60 urtera jaitsi behar delakoan gaude, diru-sariak modurik egokienean ordainduta, zerga sistema barne; era berean, zenbatekoa kalkulatzeko sistemak –kotizatzeko gutxieneko urteak, azken urteak lehenestea- pertsona bakoitzaren errealitateari hobe egoki dakizkion.  

Gizarte zerbitzuetarako gastu publikoa nabarmen igo
behar dela uste dugu, zerbitzu publikoen hobekuntzan inbertituz; egungo pribatizazio olatuak irauliz; alokairuko etxebitzei bultzada emanez –beti ere jabetza publikoa mantendurik- zein hutsik diren etxebizitzak merkaturatuz; zainketa sistema publiko eraginkorra bermatuko duten zerbitzuak sustatuz; emakume eta gizonentzako hezkuntza publiko, laiko, askatzaile eta berdinzalea sortuz; eta epe luzeko ezagutza garatzeko ikerkuntza publikoaren alde eginez.

Hauexek eta bestelako neurri batzuk eman ditu Alternatibak bere proposamen dekalogoan, kapitalismoaren aurreko alternatibak eraiki daitezkeela nabariki, bideragarriki eta zehazki adierazteko, patriarkatua, arrazakeria eta egun indarrean diren menpekotasun sistemei aurre egiteko borrokarekin batera.

Honetarako, beharrezkoa da indarrak batzea, ahaleginak konbinatu eta gogor ekin. Euskal Herriko ezkerren adostasunaren alde gaude eta klase motako euskal sindikatu borrokalari batean sinisten dugu, ogi apurrekin asetu ordez egungo gobernu eta patronalei oldartuko zaiena. Ditxosozko gizarte elkarrizketa adar jotze hutsa izan da, botere desoreka nabaria baita eta beste esparru batzuetan hartutako erabakiak benetan ematen ez den negoziaketa baten fruitutzat saldu nahi dizkigutelako. Patxi Lopezek sorturiko aditu taldetxoa ustezko gizarte eta sindikatu babesez janztea baztertzen duen sindikalgintza bat behar da.

Borrokarako euskal sindikalismoaren alde!

Kapitalismoarekiko alternatiba den ereduaren alde!

Gora maiatzaren lehena!


Utzi iruzkina: