Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna, beste behin ere kalera aterako gara sistema honek zapaltzen eta baztertzen gaituela esatera. Pobreziak, prekarietateak eta indarkeria jasateak emakume aurpegia dutela esatera. Geure gorputzaren gaineko eskubide osoa izateko, geure sexualitatea nahi eran baliatzeko, mendekotasun ekonomikorik gabe bizitzeko, eta egunero, etengabe, ezkuta ez gaitzaten eskubidea aldarrikatzera aterako gara; hots, eskubide osoko hiritarrak izateko nahia aldarrikatzera.
Baina honako martxoaren 8an, geure aldarrikapenek hor dirautela eta borrokak bizirik darraiela esateko Euskal Herriko kaleetara ateratzeaz gain, patriarkaturik, mendekotasunik eta bidegabekeriarik gabeko gizartean bizi nahi dugula ere adierazi nahi dugu. Hori dela eta, bat egin dugu aipatu egunetik urriaren 17ra arte iraungo duen Emakumeen Mundu Martxaren Hirugarren Nazioarteko Ekimenarekin.
Emakumeen Mundu Martxanazioarteko mugimendu feminista da, emakumeek jasaten duten pobrezia eta indarkeriari aurre egiteko diharduten herri mugimenduek osatua. Ildo honetan, emakumeen nazioarteko sarea osatzearen ideia Montrealen jaio zen, 1998ko urrian, 65 herrialde eta lurraldetako emakumeak bildu zirenean Emakumeen Mundu Martxako lehen bilkura egiteko. Lehen Martxa hau 2000ko martxoaren 8an burutu zen. Urte horretan bertan ekintzak eta manifestaldiak antolatu ziren mundu osoan zehar. Hauetan 161 herri edo lurraldetako 6.000 taldek hartu zuten parte. Halaber, lehen bilkura honetan Emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzeko eta munduko pobrezia amaitzeko Martxaren mundu mailako 17 aldarriak izeneko agiria osatu zen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: