Ideologia linguistikoei buruz

allartean 1456130677134 allartean | 2008-06-08 07:48

Gaztelaniaren munduan ahots kritiko batzuk entzun dira. Bi titulu esanguratsu argitaratu da denbora gutxian. Lehena Jose del Valle-k argitaratu zuen duela hilabete batzuk: La lengua, ¿patria común?. Bigarrena Jose Moreno Cabrera-k argitaratu berri du: El nacionalismo lingüístico, una ideologia destructiva. Biak kritikoak dira gaztelaniaren hizkuntza politikarekin.

Jose del Valle-ren liburua artikulu bilduma da. Tartean Kathryn A Woolard antropologoaren lan argigarri bat irakurtzeko aukera dago: La autoridad lingüística del español y las ideologías de la autenticidad y el anonimato.

Esan bezala, hizkuntzaren ideologiari buruzko testua da. Ideologia modu zabal batean ulertzeko apustua egiten dute liburuan. Ideologia kontzeptua bi kategoriatan sailkatu daitekeela azaltzen dute:

  • lehena "ismo"-ekin du zerikusia: sozialismoa, liberalismoa, progresismoa,... errepresentazio sinboliko multzo baten lokalizazio esplizitua da.
  • bigarrena zabalagoa da, ideologia sistema kognitibo gisa ezaugarritzen da, esperientzia interpretatzeko modu bat arautu eta naturalizatu egiten duen sistema kognitiboa, alegia.

Bi kategoria horien arteko erdibidean kokatzen da liburua.

Ideologia linguistikoak ezartzen ditu hizkuntza edo jokabide linguistiko bati atribuitzen zaion balioa edo legetimitatea.

Woolard -ek azaltzen duenez, mendebaldeko kulturan, hizkuntza baten autoritatea, bi ideologia linguistikoren gainean eraiki daiteke: egiazkotasuna eta anonimatua.

Egiazkotasuna komunitate edo identitate baten adierazpide jator eta esentziala da: egiazkotasunaren diskurtsoa norberaren identitatea aldarrikatzeari dagokio; hizkuntza markatzaile etnikoa da. Hizkuntza gutxituen eta hizkuntza txikien biziraupenerako estrategiak ideologia honetan oinarritzen dira.

Hizkuntza hegemonikoek, ordea, autoritatea anonimatuan oinarritzeko joera omen dute: anonimatuaren ideologiaren arabera,  hizkuntza baloratzen da  inongoa ez delako, unibertsala delako,...  

Euskalgintzan erabili ditugun leloak etorri zaizkit burura: euskara da euskaldun egiten gaituena; euskara denona,... Eslogan-bilduma horren gainean euskararen ideologia linguistikoaren azterketa egiteko adina material dago. Interesgarria litzateke.


Utzi iruzkina: