Zorioneko aberri eguna, nazioa eta batasun estrategikoa
Gaur ei da aberri eguna. Euskal abertzaleen aberri eguna, alegia. Ni, ordea, kontzientzia dudanetik neure burua abertzaletzat dudan hau, etxeko epelean ari naiz eguna ematen. Lasai, neure Euskal Herrian.
Espainiako hauteskundeen ondorengo ajeak darabiltzate oraindik ere ahotan politikari gehienek. Eta, gaur ere, zorioneko aberri egun honetan, zeresana emango dute abertzaleen emaitza kaskarrek; jeltzaleenek gehienbat, baina ahaztu barik EA eta Aralar ere barregarri gelditu direla. Ezber Abertzalekoek, aldiz, zer emaitza lortu dituzten jakiterik ez dago, beren burua abstentzioan ezkutatzea erabaki baitzuten, ostruken antzera.
Ez dira konturatzen, edo ez dute konturatu nahi, hainbat eta hainbat abertzale, nazionalista, naziozale, euskaltzale eta jeltzale nazka eginda daudela (gaudela) gure politikariek duten maila eskasarekin, eta horrexegatik ez ginela asko eta asko botoa ematera joan Espainiako hausteskundeetan. Batzuek esango dute Ezker Abertzaleak eskatutako abstentzioari erantzunez geratu ginela etxean, baina ez, ez da horrela gutako askoren kasuan.
Eta gaur, zorioneko aberri egun honetan, beren horretan jarraitzen dute denek, lehengo lepotik burua. Ez dituzte begiak ireki nahi. Beraien kalterako, ordea. Politikari abertzaleek hausnarketa egin behar dutela diote hainbat ahotsek egunotan. Eta ez zaie arrazoirik falta ahots horiei. Baina gogoeta hori ez dute emaitzen gainean gauzatu behar, ez horixe. Estrategia dute aldatu beharreko. Espainiaren aurrean politika egiteko estrategia, hain zuzen.
Denak hain abertzale baldin badira, gutxieneko batasun estrategikoa behar dute estatu espiniarraren eta frantsesaren aurrean, Europaren aurrean, munduaren aurrean. Zatikaturik azaltzen segituz gero, porrot ikaragarria besterik ez dute lortuko. Hori bistan da.
Bada garaia, behingoz, batasun estrategiko horrek forma har dezan. Iparraldeko lagunek garbi asko frogatu dute: Euskal Herria Bai. Garbi dago bertotik kanpo baturik azaldu beharra daukagula, eta, horrela, beharbada, lehengo egunean etxean geratu ginen gehienok animatu egingo gara bozka ematera.
Utz dezatela abertzaleen arteko lehia bertoko erakundeen gobernatzerako; udal, batzar nagusi, foru gobernu edo eusko jaurlaritzarako, alegia. Horrela soilik lortuko dugu euskaldunok geure lekua munduan. Eta, horrela, akaso, aberri eguna barik, nazio eguna ospatzen hasiko gara denok, bat eginik.
Euskal Herriak BAI biribila erran beharra du munduaren aurrean, NAZIOA garela erakutsiz.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: