UNIFORMEDUNAK

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2008-09-28 01:04

Gizakiok sailkatzeko modu asko ei daude. Arrazaren, dugun diruaren edota jakituriaren arabera bereiztea, esaterako, gauza ohikoa izan da, betidanik. Nik, ordea, beste sailkapen txiki bat egingo nuke: daramagun uniformearen araberakoa.

 

Izan ere, askotarikoak dira gizakiok janzten ditugun uniformeak. Egunero, denok janzten omen dugu bat, gutxienez, eta badira bat baino gehiago ere janzten dituztenak. Badira egunik egun uniformea aldatuz doazenak ere. Esan daiteke, beraz, gustu eta behar guztietarako uniformeak ditugula.

 

Horietatik politena, eta, segur aski, gusturen ere janzten duguna, gure uniformea da. Hau da, gure nortasunaren isla agertzen duena, nor eta zer garen dioena, norberaren NIa izpitzen duena. Uniforme hori, beti bera dela dakigun arren, beti ezberdina izan dadin ahalegintzen gara. Nolabait esatearren, gure nortasuna sendotzen duen uniforme orekatua lortzen saiatzen gara denok, egunero.

 

Gainerako uniforme gehienak, aldiz, unean uneko eta tokian tokikoak izaten dira. Inpertsonalak, gutaz ezer ere ez diotenak. Lanposturako janzten dugu eta, lanaldia bukatuta, erantzi egiten dugu, bazter utzita, benetan asebetetzen gaituen gure uniforme hori berriz ere janzteko. Badakigu halabeharrez jantzi behar dugula eta, horregatik, onargarria zaigu egun askotan, maizegi, jantzi beharra.

 

Baina bada jenderik bi uniforme mota horiek nahasten dituenik ere. Uniformerik itsusiena eta eramangaitzena izaten da hori, ez jantzita daramatenentzat, gainerakoontzat baizik. Lanerako jantzi eta, behin lanaldia amaituta, askok eranzten ez duen uniformeaz ari naiz. Gorrotoaren eta harropuzkeriaren uniformea dena; ezbairik gabe, nazkagarria. Poliziaren uniformea da hori.

 

Zipaioak kargatzen por ti.

 

Bada, poliziaren uniformea higuingarria bazaigu gainerakooi, are narda handiagoa ematen digu uniforme horrek baldin eta “gure arteko” norbaitek jantzita badarama. Horregatik, “gure artetik” aterata, gure kontra jarduteko, gurekiko gorrotoa erakusteko eta, harroputz, gu jipoitzeko, polizia-uniformea jantzi duenari zipaioa esaten diogu. Kaputxa beltz batek ezin baitu herriarekiko traizioa estali. Ertzainez ari naiz, noski.

 

Uniformedun hauekin ez dago hitz egiterik. Hitz egitea arrazoitzearen sinonimo baita, eta, uniformea jantzita, horixe galtzen baitute ertzainek: arrazoitzeko gaitasuna (baldin eta lehenago izan badute, noski).

 

Aspaldi honetan, baten bat ikusten dudan bakoitzean, irakin egiten dit odolak. Ez dakit zer-nolako eskolak emango zizkieten akademian sartzean, baina, ertzain hauek herriarenak badira, ni beste herri batekoa izango naiz, ziur.


Utzi iruzkina: