TURISMO KULTURALA
Dagoeneko Aste Santua joan zaigu. Eskerrak. Bospasei jai-egun jarraian izatea eraman ezinik ibiltzen naiz ni urterik urte. Gainera, erlijio kontuak are eramangaitzagoa bihurtzen du oporralditxo hau ni bezalako apostata batentzat. Gaur, zorionez, dendek berriz ere ireki dituzte ateak, jendea ohiko joan-etorrian etxetik lanera eta lanetik etxera, normaltasuna nagusi herriko kaleetan. Bazen garaia!
Baina txarrena oraindik ere ez da pasa. Lankideak etorri dira euren opor egunen berri ematera, nondik nora ibili diren kontu-kontari, eta zer-nolako turismo kulturalaz blaitu diren azaltzen. Eta biharko, gainera, argazkiak ekartzekotan geratu dira. A zer kaparrada!
Ez ditut haien bizipenak hona ekarriko, ez baitzaituztet aspertu nahi, ez beraiek ni aspertu nauten adina, behintzat. Baina bai esango dizuet horienak opor onak izan badira, neureak afrodisiakoak izan direla, duda barik, hemen, etxeko epelean, ezin gusturago ibili bainaiz ni egunotan.
Kontua da, orain, oporretan joatea zentzugabeko zirkuituetan bueltaka ibiltzea dela, antza. Dena antolatua ematen dute agentziek, eta nork bere turismo pertsonala egitea ia debekaturik dago, txarto ikusia bezala. Neure kasa baldin banoa inora, edo, oraingoan bezala, oporrak edukita etxean gelditzen baldin banaiz, halako aurpegiera arraro batez begiratzen didate gehienek, estralurtarra bainintzan-edo.
Pako Aristiri entzun berri diot, oraintsu, Euskadi Irratian, turismo pertsonal hori amaitua dela dagoeneko. Kontatu du bere lagun batzuk Galiziatik etorri direla eta, halabeharrez, Bilboko Gugenheim museoa ikusi nahi zutela. Ikustera joan eta bueltan "zer moduz?" galdetuta, ederki, asko gustatu zaiela erantzun diote, baina, museoa ikusitakoan, alde zaharrera joan bide ziren pintxo eta pote batzuk hartzera eta haiek zein goxoak ziren azaltzeko, horretarako bai erabili dituztela kalifikatibo ederrak. Beharbada gustatuko zitzaien museoa, baina pintxoak gehiago, seguru. Eta pintxoak dastatzean pasatu duten unea ekimen pertsonala izan da; museoa bisitatzea, berriz, derrigorrean egin beharreko zirkuitu baten proposamena, eta grestiagoa, gainera.
Tira, horixe omen gaur egungo turismoa: denek egiten dutena egitea, eta ederki ordainduta, noski. Pakok kontatu du, halaber, behin gertatu omen zena, Londonen, New Yorken edo auskalo zein hiritan. Biolin-jotzaile famatu bat jarri ei zen kale erdian jotzen, diru eske ibiltzen diren horien antzera, eta, diotenez, ez zuen bere kontzertuetako sarrera ziztrin bat ordaintzeko lain ere atera, inork ez baitzion jaramonik egin, eta dirua eman, are gutxiago. Baina kaleko horietatik asko gauean handik metro gutxitara eman behar zuen kontzertura joan omen ziren, dirutza ordainduta, eta zein pozik gainera halako biolin-jotzaile ospetsu baten errezitala zuzenean entzun zutelako.
Nik garbi daukat, ez naiz damu etxean geratu izanaz. Ea biharko eguna nola salbatzen dudan, lankideen oporretako argazkien artean plantak egiten-edo.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: