TERRORISMO POLITIKOA
Ignacio Uria hil berritan, entzun eta entzun ari gara egunotan, berriz ere, betiko hitz hutsal eta inoperatiboak. Gure politikari ergel horiek besterik ez dakite egiten, antza. Sekulako erretolika darabilte ahotan, eta loroen antzera errepikatzen dituzte ezertarako ere balio ez duten kondena hitzak, ilegalizazio-eskaerak eta herritarrokiko irainak. Eta politikariak ez ezik, zorigaitzez, badira beraien pareko kazetari, kontertulio eta sasi-intelektual askotxo ere; Arruti eta Arregi abizendun Joseba bi horiek kasu.
Gaitzesgarria da, guztiz, pertsona bat erailtzea, horretarako arrazoia edozein delarik ere. Eta, hortaz, neuk ere gaitzesten dut azken atentatu hau. Baina hori bezain gaitzesgarria edota are mespretxagarriagoa da zenbait kazetari eta politikarik edozer esan ahal izatea, ezein ondorio jasoko ez dutela jakinda, gainera.
Esaterako, oraintsu esan dute Rajoyk eta beste frankista batzuek ETA bota egin behar dutela gobernatzen ari den hainbat udaletatik. Hau da, beraiek ANV eta Ezker Abertzaleko edonor ETAkotzat jo dezakete eta ez da ezer gertatzen, ez zaie ezer gertatuko, alde baitute beren sistema judizial osoa. Alderantziz gertatuz gero, ordea, hots, euskal abertzale batek ezer esango balu beraien “Espainia bakar, handi eta libre” horren aurka, berehala hasiko lirateke “errudunak” espetxeratzeko ekimenak eta beste. Eta hori guztia, jakina, ez dakit zer-nolako demokraziaren izenean betiere.
Benetako demokrazia, ordea, parte-hartzailea baino ezin da izan. Parlamentarismo gezurtiak ezin baitu gurea bezalako gizarte ikasia engainatu, eta dagoeneko jakin beharko lukete hori. Hots, gezurra behin eta berriro errepikatuta ere, euskaldunok badakigu, adibidez, Abiadura Handiko Trena inposaturiko proiektua dela, jeltzaleen eta beraien laguntxo batzuen poltsikoak betetzeko bultzatu diren beste hamaika proiektu bezalakoxea berau ere. Beraz, herriari galdetu eta erantzunaren arabera jokatu izan balute, segur aski, gaur ere, Uria jaunak kartetan jolas lezake bere lagunekin. Baina ez entzunarena egin nahiago izan dute, eta Euskal Herria iraindu.
Bada, nik horri terrorismo politikoa esaten diot; ez daukat zalantzarik. Eta neuk, behintzat, ez dut zirkinik ere egingo ez ETAren ez eta Ezker Abertzalearen aurka ere, non eta euskaldunoi zor zaigun gutxieneko errespetua eta duintasuna lortzen ez den. Nazka eginda naukate besteok zer egin behar dugun esan eta esan aritzen diren horiek. Dagoeneko ez diet batere legitimitaterik ematen.
Konponbidea benetan nahi baldin badute, esan dezatela zer egiteko, zer emateko prest dauden beraiek; euskaldunok dagoeneko gehiegi eman baitugu. Eta ez diogu Euskal Herriari bizkarra emango, hori ez.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: