LA SAGARDO EGUNA?
Igandean izan da. Lehengo igandean, irailak 7. Euskal telebistaren bigarren kateko albistegien aurkezleak esana, África Baetak, alegia: “Hoy se celebra en Donosti la sagardo eguna…” Eta, segundo batzuk aurrerago, bertatik informatu behar zuen kazetariak galderak egiten zizkion sagardoa dastatzera hurreratuak zirenei. “Qué tal está este sagardo?” itaundu zion pare bat atzerritarri.
Ohitura txarrak ari dira hartzen, aspalditik gainera, euskarazko hitzak erdaran txertatzean. Ezagunak dira “La Lehendakaritza ha dicho…” eta tankera horietakoak, egun, gure belarriek batere erreparorik gabe entzun eta ulertzen dutenak. Baina beste kontu batez ari naiz, “baskoago” sentitu eta erakusteko premiaz, hain zuzen.
Izan ere, askotxok, gaur egun, euskarazko berba batzuk erdaran txertaturik hitz egiterakoan, uste dute baskoagoak direla. Badirudi euskaltegian ikasitako azkeneko hitzak erabili beharrean daudela eta, horrela, erabilita, jatorragoak-edo direla. Baina edonorentzako informazioa zabaltzen duen albistegi batean egitea, nire aburuz, erridikulu samarra da. Laurogei urtetik gora dituen nire aita gizajoak, esaterako, ez du piperrik ulertzen, eta normala da, gero, esatea berak “el parte” nahiago duela entzun.
Erridikulu horren harira joaz, sagardoa zer da, LA ala EL? Ez al genuen garbi euskaldunok euskarak ez duela hitzen generorik? Gero, nolatan kexatuko gara jendeak (baita beren burua oso euskalduntzat duten askok eta askok) “la ertzaina” eta “mis aitas” esaten baldin badu?
Nik uste dut, benetan euskararen alde ekin nahi bada, euskaratik beretik egin behar dela; bestela, erdarak euskara desitxuratu eta osoa zapuztuko digu, eta, egunen batean, atzeraezina izango da euskararen endekatze-prozesua. Euskarak berariazko bidea behar du, erdaratik aldendurik. Hortaz, ETB-1ek eta ETB-2k ere bide bana hartu beharko dute behingoagatik.
Horregatik guztiagatik, ni ez nator bat “pixka bat es mucho” leloarekin. Euskaraz ala erdaraz, nahastea euskararen kalterako izango baita beti.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: